Hauteskundeak 2024
Berriak
qrcode

Gerra Zibilean fusilatu eta hilobi batean aurkitutako gorpuzkiak eman dizkiete senideei Eusko Jaurlaritzak eta Gaubeako udalak

2015-05-02

Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak gaur goizean eman dizkie Angel Antuñanoren senideei Lausa Haraneko (Burgos) auzotar horren gorpuzkinak, Boveda herri arabarreko La Horca gainaldeko hilobi batean aurkitu eta handik atera ondoren. Antuñano haran horretako beste auzotar batekin batera fusilatu zuten 1936ko irailean militar errekete eta falangistek eta Arabako Bóveda herrian lurperatu zuten. Hilobitik ateratzeko lanak Aranzadi Elkarteak egin ditu.

Eusko Jaurlaritzaren arduradunak Gaubeako Udaletxean  izan den oroitza eta aitorpen ekitaldian hartu du parte, Juan Carlos Remirez Escudero Gaubeako Udaleko alkatearekin –udal horretakoa baita Bóveda– eta Paco Etxeberria Aranzadi Elkartearen presidentearekin batera –elkarte horrek zuzendu baitu gorpuzkiak hilobitik ateratzeko lanak–. Ekitaldian Gogoan Sestao Elkarteko kideak ere izan dira, izan ere, elkarte horrek bultzatu du kasu hau aztertzea, kideetako batek Bovedako herriarekin lotura handia baitu. Euskal erakundeek hartutako konpromiso batek eragin du omenaldia –aitortza, justizia, erreparazioa egin eta horrelakorik berriro ez gertatzeko konpromisoak, hain zuzen–,   ezinbestekoa da-eta Euskadiren Memoria Historikoa eraikitzeko.

Gorpuzkiak familiakoei eman ondoren, bertaratutakoak La Horca-ko gainaldera (hobia aurkitu zuten tokira) joan dira, Angel Antuñanori omenaldia egiteko bere oroimenez jarri den monolitoaren aurrean.

Ikerketen arabera, 1936ko irailaren 7ko egunsentian Angel Antuñano, Castriciones de Losa-ko (Burgos) auzokidea, etxetik indarrez atera zuten; Lausako Haraneko beste auzokide batekin batera fusilatu zuten militar frankistek; eta ondoren, Arabako Boveda herrian lurperatu zuten. Antuñano 1900. urtean jaio zen eta 1927an Kubara emigratu zuen lan arrazoiengatik. Itzuli zenean atxilotu eta fusilatu egin zuten, hark zituen ideia politikoengatik.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Carlos Ramíez Escudero, Paco Etxeberria