Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak 1960-1978 artean giza eskubideen urraketen biktima izandakoak aintzat hartzeko dekretuari buruzko sententzia baloratu du

2015.eko apirilak 28

2013ko abenduaren 16an, Estatuko Abokatutzak errekurtsoa jarri zuen 107/2012 Dekretua aldatzeko den 426/2013 Dekretuaren aurka. Dekretu hori, hain zuzen, 1960 eta 1978 artean poliziaren gehiegikerien biktima izandakoak aintzatesteko eta haiei kalteak ordaintzeko dekretu gisa izendatu dute hedabideetan.

Eusko Jaurlaritzak gaur jakin Euskadiko Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salak sententzia eman duela aipatutako errekurtsoaren gainean. Sententziak errekurtsoan adierazitako bi argudio onartzen ditu, eta beste bi baztertzen.

Datozen egunotan, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek xeheki aztertuko dute sententzia eta Jaurlaritzak egokien deritzon erabakiak hartuko ditu ondorioz. Dena dela, sententziaren lehen irakurketak hiru funtsezko ondorio ateratzeko aukera ematen du:

1. Sententziak ez ditu ezeztatzen, ez dekretua, ez eta dekretuan biktimak aintzat hartzeko eta haiei kalteak ordaintzeko sartutako politikak ere.

2. Sententziak ez du behartzen orain arte biktimei –Balorazio Batzordeak aldez aurretik aldeko irizpena eman ondoren– kalte-ordainetan emandakoa itzultzera.

3. Guztiz egingarria da amaitzeko fasean dagoen dekretu hori garatzea eta amaitzea; izan ere, sententzian jasotako erabakiari erreparatuz gero, nahikoa da dekretuan zenbait zuzenketa tekniko egitearekin.

Eusko Jaurlaritzak hasieratik salatu zuen Estatuko abokatuaren errekurtsoa Espainiako Gobernuak jarritako errekurtsoa zela benetan; hain zuzen, giza-eskubideen urraketen biktima izan eta erakundeen babesik eta estaldurarik jaso ez dutenak aintzat hartzeko eta haiei kalte-ordainak emateko Eusko Jaurlaritzaren politiken aurka jarri duena.

Sententziak Espainiako gobernuaren asmo hori desegin du; halaber, biktimak geletan parte-hartzeko aukera ezeztatzeko ere zuten asmoa baztertu du. Sententziaren ondorioek alderdi tekniko eztabaidagarriei egiten diete erreferentzia: sendagilearen ziurtagiriei buruzkoak edo 10.000 euro baino gutxiagoko kalte-ordainen balioespen-baremoei buruzkoak, kasu.

Eusko Jaurlaritzak aukera hau baliatu nahi du berriz ere biktima guztiei eta, bereziki, errekurtsoak kaltetutako biktimei honako hau adierazteko: Jaurlaritzak bere egin duela biktima guztiei, salbuespenik gabe, dagozkien eskubideak –egia jakitekoa, justizia eta kalte-ordainak jasotzekoa– betetzeko konpromiso eta erabaki sendoa.

Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak prentsaurrekoan esan duenez, Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek sententzia aztertzen ari dira baina seguruenik ez da errekurtsorik jarriko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)