Berriak Lehendakaritza
Eu

Gobernuak ekintza humanitarioetarako 3,2 milioi euroko laguntzak onartu ditu. (2015-04-27(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko apirilak 27

LABURPENA

Gobernu-kontseiluak ekintza humanitarioetarako laguntzak onartu ditu gaur, garapenerako lankidetzaren kargura emango direnak; aurten 3,2 milioi euro bideratuko dira guztira ekintza horietara.

Elankidetza Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatutako ditu aipatutako laguntzak. Hondamendi batean edo hori gertatu eta berehala egindako jarduera humanitarioak laguntzea dute helburutzat, horrelako hondamendiek eragindako pertsonen bizitza salbatzeko eta sufrimendua arintzeko, bai eta era horretako egoeretan daudenen duintasuna eta eskubideak babesteko ere.

Zehazki, gaur onartutako laguntzak bi jarduera-lerro hauetara bideratuko dira:

1.- Krisiek eta hondamendiek eragindako pertsonei oinarrizko ondasunak eta zerbitzuak ematea xede duten larrialdi-proiektuetara. Laguntza horiek premiazko erreskate-jarduerak zein aterpea, edateko ura, elikagaiak eta osasun-arreta ematea hartzen dute barnean (txertaketa-kanpainak eta osasungarritasun- eta garbitasun-neurriak barne). Finantzaketa-lerro iraunkorra da eta, ondorioz, urte osoan dago zabalik; 1,2 milioi euroko aurrekontua du.

2.- Ekintza humanitarioko esparru-estrategietara, zentzu zabalagoan; horrelako ekintzen jarduerek ez dute hainbesteko presarik eta garapen, giza eskubide eta bake-eraikuntzarako oinarriak sustatzea dute helburutzat. Proiektu horien barruan errefuxiatu eta lekualdatuei laguntza iraunkorra ematea, berehalako krisiak arintzea eta hondamendiaren osteko hasierako errehabilitazioa daude, besteak beste. Halaber, hondamendi batean edo hori gertatu eta berehala egin beharreko bestelako jarduerak ere sartzen dira, hondamendiak prestatu eta prebenitzeko, gatazkei aurrea hartzeko, bakea eraikitzeko eta giza eskubideak babesteko. Jarduera-lerro honek 2 milioi euroko aurrekontua du, eta haren deialdia EHAAn argitaratuko da, aste honetan bertan aurreikusitakoaren arabera.

Bi lerrotan, Euskal Autonomia Erkidegoko lankidetza-eragileak (GGKEak, etab.) dira laguntzen onuradunak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau