What the Basque?!
Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
qrcode

Eusko Jaurlaritzak eta botere judizialak elkarrekin lan egingo dute bitartekaritza sustatzeko, gatazkak konpontzeko formula arin eta eraginkor gisa

2015-04-27

• Gaur arratsaldean, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaleak eta Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiaren presidenteak hitzarmen bat sinatu dute, informazioa trukatzeko eta auzitegi-barruko bitartekaritzaren alorreko prestakuntza-plan bereziak garatzeko bidea emango duena. 

• Euskadi aitzindaria eta liderra da estatu-mailan: izan ere, estatu guztian erakunde judizialek bitartekaritza bidez ebazteko bideratzen dituzten auzien % 60, Euskadin bideratzen dira.

• Gainera, oso arrakastatsua izan da emaitzen balantzea: zigor-arloko bitartekaritzako kasuen % 78 epaiketarik gabe konpondu ziren; gazte-justiziaren kasuan, % 84; eta familia-esparrukoan, % 52,87.

• Formula azkarra ere bada: bitartekaritza-kasuen % 80 bi hilabetetik beherako epean ixten dira.

Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak eta Carlos Lesmes Auzitegi Gorenaren eta Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiaren (BJKN) presidenteak gaur sinatu dute «Botere Judizialaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza-hitzarmena, bitartekaritzari eta gatazkak ebazteko bestelako modu baketsuei dagokienez lankidetzarako baldintzak ezartzeko».

Auzitegi-barruko bitartekaritza oso formula erabilgarria eta eraginkorra da baliabide publikoen erabilera arrazionalizatzeko, prozesu judizial oso batek dakarrena baino diru-kostu txikiagoa baitakar. Gainera, oso tresna baliagarria da bai justizia-administrazioaren lan-zama, bai administrazioa bera arintzeko, horrela, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzu publikoaren kalitatea hobetuz.

Hitzarmenari esker, Eusko Jaurlaritzak eta BJKNk aukera izango dute, dela bitartekaritza, dela justizia lehenaratzailea, dela prozesu judizialaren bestelakoa edo osagarria den beste edozein gatazka-konponketa sistema baketsu sustatzeko. Beraz, hemendik aurrera:

• Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko komunikazio-mekanismoak sortuko dira informazio-truke arina egon dadin eta alderdi bakoitzak dituen baliabideak eta horien funtzionamendua egoki ezagutu ahal izateko, baita horrelakoen kudeaketa bizkortzeko ere.
• Prestakuntza-jarduera bateratuak gauzatuko dituzte bi erakundeetako langileek, bitartekaritza-programak aisatzeko, partekatzeko eta sendotzeko.

EUSKADI: AITZINDARI ETA LIDER

Josu Erkorekak eta Carlos Lesmesek hitzarmena sinatu duten ekitaldian, halaber, autonomia-erkidego guztietako ordezkariak egon dira. Nolanahi ere, autonomia-erkidegoko ordezkari bakarrak hartu du esku: hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak; izan ere, Euskadi da Justizia Administrazioaren bitarteko materialen eskumena bereganatu zuen lehenengo autonomia-erkidegoa, 1987 urtean (*).

Euskadin, 2007an sortu ziren auzitegi-barruko bitartekaritzako lehenengo zerbitzuak; orduz geroztik, Estatuaren buruan kokatu arte hazi dira. Gaur egun, Estatu osoko eragile juridikoek bitartekaritzara bideratzen dituzten kasuen % 60 Euskadin erregistratzen dira.

Uneotan Eusko Jaurlaritzak arlo hauetan eskaintzen du bitartekaritzaren aukera: zigor-arloan, helduen eta adingabeen arloan zein familia-gaietan (banantzeak, dibortzioak, zaintzak, ardurapeko seme-alabekiko gatazkak...).

2014KO HELDUEN ZIGOR ARLOKO AUZITEGI BARRUKO BITARTEKARITZA

Helduen zigor-arloko bitartekaritzan izandako arrakasten ehuneko handiaz gain, zerbitzuaren azkartasun eta arintasun handia ere nabarmendu beharra dago. Ondorio nagusi hauek atera behar ditugu:

• 2014an 889 kasu itxi ziren bitartekaritza-formularen bidez, eta horien % 78tan alderdien arteko adostasuna erdietsi zen.
• Bitartekaritzako prozesu gehienek (% 80,8) bi hilabete baino gutxiago behar dute ixteko. Bitartekaritza luzatzen denean, aurkitzeko zailtasunagatik edo bizilekua atzerrian dutelako izaten da.
• Akordiorik ez dagoen kasu horietan (% 22), arrazoi nagusia alderdiak hasierako jarreretatik ez mugitzea da, eta ondoren, esku hartzen duten pertsona batzuek bitartekaritza utzi nahi izatea.
• Helduen arteko bitartekaritza-prozesuetan esku hartzen duten gehienek aldez aurretiko harremana dute elkarrekin (bikotekide ohia, bizilagunak, senideak, ezagunak, pisukideak, adiskideak dira edota kontratu- edo lan-harremana dute). Gauean edo egutegiko jai adierazgarrietan izandako borroken ondoriozko lesio-delituengatik dira aldez aurretik harremanik ez duten pertsonen arteko bitartekaritzako gaien kopuru txikia.

2014KO GAZTE JUSTIZIAKO AUZITEGI BARRUKO BITARTEKARITZA

2014ko datuek berriro erakusten dute auzitegi-barruko bitartekaritzak arrakasta handiena adingabeen esparruan lortzen duela. Hiru ondorio nagusi ateratzen dira:

• Bitartekaritzaren bidez 263 kasu itxi ziren 2014an, eta horien % 84tan prozesu judiziala saihestu zuen akordioa lortu zen.
• Bitartekaritza gehienak, % 77,9, mutilekin izan ziren.

2014KO FAMILIAKO AUZITEGI BARRUKO BITARTEKARITZA

Familiaren arloko bitartekaritzari dagokionez (dibortzioak, banantzeak, zaintzako gatazkak...), bitartekaritza-prozesuen arrakasta-ehunekoa txikiagoa da, baina handiagoa da oraindik akordioa eginda itxitako kasuen kopurua akordiorik gabekoena baino. Hauek dira ateratako ondorio nagusiak:

• 2014an 244 kasu itxi ziren bitartekaritza-formularen bidez, eta horien % 52,8tan alderdien arteko adostasuna erdietsi zen.
• Bitartekaritzako prozesu gehienek (% 76,9) bi hilabete baino gutxiago behar dituzte ixteko.
• Euskadiko familia-bitartekaritzaren arrazoi nagusia banantzea, dibortzioa eta izatezko bikoteen haustura da (% 69,2).

AUZITEGI BARRUKO BITARTEKARITZAREN ALDEKO APUSTUA

Eusko Jaurlaritzak 635.800 euro bideratuko ditu 2015ean auzitegi-barruko bitartekaritza-zerbitzuak finantzatzera. Zerbitzu horiek epaileen, magistratuen, fiskalen eta gainontzeko operadore juridikoen esku jartzen ditu herritarrek gatazkak doan, azkar eta prozesu judizialak saihestuz konpondu ahal izan ditzaten.


(*) 1684/1987 Errege Dekretua, azaroaren 6koa, Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabide materialak nahiz ekonomikoak hornitzeko Estatuko Administrazioaren funtzioak eskualdatzeari buruzkoa

 ATXIKITA DAUDEN DOKUMENTUETAN INFORMAZIO GEHIAGO DAGO

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)