Berriak Lehendakaritza
Eu

Garapenerako Lankidetzaren III. Plan Zuzentzailea egiteko izandako parte-hartze prozesuaren eta jasotako ekarpenen laburpen dokumentua

2015.eko apirilak 27

Garapenerako Lankidetzaren III. Plan Zuzentzailea egiteko prozesua trinkoa izan da, parte-hartzean oinarritua, eta hainbat agenteren ekarpenak jaso ditu. Lerro hauen bidez, eskerrak eman nahi dizkiegu inplikatu diren alderdi guztiei, haien guztien kezka eta premiekin bat etorriko den Plan Zuzentzailea sortzeko eskainitako denbora, esfortzu eta dedikazioarengatik. Prozesu horretan aurrera egin ahala, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak elkarrizketarako gune bat jarri nahi izan du Planaren proposamenaren ildotik balioespenak, iradokizunak eta iritziak erantsi nahi zituzten pertsona guztien eskura.

Oro har, jasotako ekarpen guztiak eransteko ahalegina egin dugu. Ekarpen batzuk beren horretan txertatu ditugu, egiten dituzten iradokizunei jarraiki. Beste kezka batzuek, berriz, eztabaida sakonagoa eskatzen zuten, eta Planaren aldirako aurreikusitako emaitza jakin batzuekin lotu ditugu; jarraian, jasotako gogoetak kontuan
hartuko dira emaitza horiek lortzeko sortuko diren eztabaidetan.

 1.  PARTE-HARTZE PROZESUAREN IBILBIDEA

2008-2011 aldirako aurreko Plan Estrategiko Zuzentzailea amaitzean, planaren garapenaren ebaluazioa egin zen, parte-hartzean oinarrituta. Ebaluazio horretan, plan berrirako ekarpenak eta iradokizunak zeuden jasota. Ondoren, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren baitan [1] Plan Zuzentzaile berria egiteko gogoeta-prozesua abiatu genuen.

2013an, Gobernua aldatu eta gero, Garapenerako Lankidetzaren 2014-2017ko Plangintza Estrategikoaren Jarraibide Nagusiak aurkeztu genizkion Eusko Legebiltzarrari, Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordeak eztabaidatu eta onar zitzan, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legearen 11.1 eta 17.2 artikuluetan aurreikusitakoa betez. 2014ko apirilaren 8an, Jarraibide Nagusiak onartu ziren, Plana egiterakoan eransteko iradokizun batzuekin batera.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluak 2014ko apirilaren 30ean egin zuen bileran, Jarraibide Nagusiak aurkeztu ziren, eta Plana egiteko egutegia eta lan-ildoak planteatu ziren. Jarraibideez gain, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren barruan 2012an egindako gogoeta-lana berreskuratzea eta berraztertzea erabaki genuen, nazioarteko testuinguruko aldaketek planteatutako erronkei jarraiki.

Maiatzean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluko talde teknikoak lehen zirriborro-proposamen baten gainean jardun zuen. Behin proposamen hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren barruan sozializatu ondoren, ekainaren 20ra arteko epea ireki zen ekarpenak aurkezteko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren; EHNE Bizkaia – La Vía Campesinaren; Unicef eta Save the Children erakundeen (batera); Euskadiko GGKEen Koordinakundearen; Anesvaden; Gernikatik Munduraren; eta Foro Indiaren ekarpenak jaso genituen. Ekarpen guztiak aztertu ondoren, bi ekarpen mota zeudela ohartu ginen: (i) batzuk espezifikoagoak eta puntualagoak; eta (ii) beste batzuk sakonagoak, gogoeta sakona eta lasaia eskatzen zutenak. Gauzak horrela, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluak planteatu zuen ekarpen espezifikoak aztertu eta aintzat hartzea, eta gainerako ekarpenei buruzko eztabaida gerorako uztea, Plana abian jartzeko garairako alegia, eta orduan euskal lankidetzaren ezaugarri espezifikoak zehazteko prozesua abian jartzea. Horretarako proposatu genuen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren barruan parte-hartzea sustatuz jardutea, kezka horiek guztiak bilduko zituen ideia nagusi errealista bat jorratzeko. 

2014ko uztailaren 28an Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluak ezohiko bilkura baterako deialdia egin zuen, tailer modukoa, helburu eta emaitzen gainean jarduteko, Planaren ekintza, denbora eta adierazleak zehazteko eta plangintzaren ideia nagusia sortzeko. Urriaren 24an, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak plangintzaren ideia nagusirako proposamen bat aurkeztu zuen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren ohiko bilkuran, uztaileko tailerrean egindako lanetik eta ekainean jasotako ekarpenetatik abiatuta.

Orain arte aipatutako ekarpen guztiekin zirriborro berri bat prestatu genuen, eta azaroaren 13ko Irekian argitaratu zen. Une horretan, epe bat ireki zen Plan horri ekarpenak egin nahi zizkioten beste erakunde, agente edo pertsona guztien ekarpenak jasotzeko. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Sail guztiei planaren zirriborroa helarazi genien, haren berri izan zezaten eta beharrezko ekarpenak egin zitzaten. Afrikaren aldeko Taldearen, Gosearen aurkako Ekintzaren, KCD-Kulturaren, Comunicationen eta Garapen-taldearen ekarpenak jaso genituen. Eta Eusko Jaurlaritzaren Koordinazio Zuzendaritzak ere bere komentarioak bidali zizkigun.

Ekarpen horiekin guztiekin, behin betiko dokumentua egin genuen. Lehenik, Kontseilu Errektoreak onartu zuen, 2014ko abenduaren 16an; jarraian, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluak nahitaez eman beharreko aldeko txostena jaso zuen, eta, azkenik, 2015eko otsailaren 10ean, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu zuen.

 2. PLAN ZUZENTZAILEAN BILDUTAKO EKARPEN NAGUSIAK

Aldez aurretik adierazi dugunez, ekarpenetako asko Garapenerako Lankidetzaren III. Plan Zuzentzailearen azken bertsioan txertatu ziren. Besteak beste, honako hauen ekarpenak jaso ditugu:

Eusko Legebiltzarra – Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordea

Beste ekarpen batzuen artean, Basque Country estrategia txertatzea iradoki zuen, baita Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia finkatzea ere.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua

Une oro azpimarratu nahi izan dugu ondorengo eztabaidek planean jasota geratu behar dutela. Azkenik, honako hauek plangintzaren ildo nagusira bildu dira, helburu eta emaitza gisa: (i) euskal lankidetzaren balio erantsia/espezifikotasuna; (ii) agenteak/subjektuak; (iii) sektoreak; (iv) zeharkakoak; (v) gai geografikoak; (vi) estrategiak; (vii) tresnak berrikustea; (viii) ebaluazioa; (ix) politiken koherentzia; (x) koordinazioa/partaidetza; eta (xi) beste agente batzuekin antolatzea.

Gainera, honako ekarpen hauek ere dokumentuan bildu dira:

1. kapitulua: Dokumentuan honako hauek aurkeztu beharko liratekeela dioten eskaerak jaso ditugu: testuinguru global orokorrean lankidetza deszentralizatuak duen zeregina, lankidetza deszentralizatuari suposatzen zaion balio erantsia, lankidetza deszentralizatuaren ahalmenak eta aktore deszentralizatuen agenda. Atal horretan erantsi ditugu, halaber, nazioarteko agendan nolabaiteko garrantzia hartzen ari diren zenbait fenomeno, hala nola kapitalismo berdea, lurrak pilatzeko ekintzak, ondasun komunen (lurra, ura, haziak, jakintzak) pribatizazioa eta abar. Gizarte zibilaren beste eragile batzuk ere aintzat hartu ditugu (GGKEak eta gizarte-mugimenduak, batik bat), publikoak ez badira ere lankidetzari buruz deskribatutako nazioarteko esparru horretan parte hartzen dutelako eta zeresana dutelako.

2. kapitulua: Euskal lankidetzaren agenteei buruzko azterketa bat erantsi digu.

3. kapitulua: Zeharkakoetan, nazioarteko eta tokiko erreferentziazko dokumentuen zerrenda bat sartu dugu. Sektore-ildoei doikuntza txikiak egin dizkiegu, kolektibo espezifikoei buruzko aipamena sartuz eta abar, eta eztabaidagai nagusiak ondorengo eztabaidarako utzi ditugu.

Halaber, tresnak berraztertzeko proposamen berri bat egiteko eta zuzeneko lankidetzaren irizpideak zehazteko premia erantsi dugu.

4. kapitulua: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian egindako lanaren harira sortzen dira helburu estrategikoak. Kolore-kode baten arabera lehentasunak ezartzeko proposamen bat ere erantsi dugu: (i) indarreko legeriaren arabera nahitaez bete beharreko ekintzak; (ii) lehentasunezko ekintzak; eta (iii) ahal den neurrian egin beharreko ekintzak. Edukiei dagokienez, 4. helburuarekin zerikusia duten elementuak erantsi ditugu, hau da, lankidetza-politika koherenteagoa, koordinatuagoa eta parte-hartzean oinarrituagoa egitea batetik, eta sailekin elkarreraginez ibilbide-orria abiarazteko ekintzak eranstea bestetik.

6. kapitulua: Jardun-planean tresnak berraztertzeko aukera erantsi dugu.

- Irekia

Dokumentuaren atal batzuetako elementu edo kontzeptu espezifiko batzuk hobeto idaztearekin edo zehaztearekin zerikusia duten ekarpen espezifiko eta zehatz batzuk erantsi ditugu.

Eusko Jaurlaritzaren Sailak

Planaren eta Jaurlaritzaren X. legegintzaldirako Planaren helburuen arteko koherentzia berraztertu dugu.


3. PLANEAN AURREIKUSITAKO EZTABAIDETARAKO INPUT GISA BALIATUKO DITUGUN EKARPENAK

Lankidetzaren Euskal Kontseilua

Planaren dokumentua:

Basque Country estrategia eransteari dagokionez, nazioartekotze-estrategia horren eta Garapenerako Lankidetzaren III. Plan Zuzentzailearen arteko koherentziaren jarraipena egiteko premia planteatu da.

Garapenaren agenda ofizialaren eta paradigma nagusiaren berraztertze kritikoa egiteko premia planteatu da. Zenbait ekarpenetan iradoki digute paradigma alternatiboak eranstea, hala nola desazkundea, elikadura-burujabetza, dekolonialitatea edo ekonomia feministak mahaigaineratutako paradigmak, Plan Zuzentzailean zenbaitetan aipatu badira ere, oraindik ere ongi zehaztu gabe daudenak. Ekarpen batzuen arabera, testuinguru horretan nazioarteko lankidetzaren planteamendu integral berri bat egin behar da antolatutako gizarte zibiletik abiatuta, alde anitzeko eremuak dagoeneko erakutsi duelako gaur egungo erronkei irmotasunez aurre egiteko ezintasuna Eta hori, ekarpen horien arabera, ez doa Euskal Legean ezarritako helburuaren aurka. Ohar horiek guztiak kontuan hartuko dira euskal lankidetzaren ezaugarriei buruzko eztabaidak planteatzerakoan

Bestetik, agente eta/edo subjektuen inguruko azterketa ere egingo da Planaren garapenaren esparruan Ildo horretan, zenbait ekarpenetan iradoki digute euskal lankidetza-agenteei eta GGKEi buruzko eta Hegoaldean diharduten irabazi-asmorik gabeko beste agente batzuei buruzko azterketa egiteko, erakunde horien lan-ereduak eta haien norainokoa eta inpaktua ikusarazteko.

Haurrentzako estrategia espezifikoak ere ekarri dizkigute, Legeak lehenetsitako taldeetako bat osatzen duten heinean. Proposamen hori aintzat hartzeko ahalegin berezi bat egin dugu, baina agian ez proposamenetatik eskatzen ziguten espezifikotasunarekin, Planak aurrera egin ahala garatu beharreko eztabaidagaietako bat dela iruditu zaigulako.

Zeharkakoei buruzko gogoetari dagokionez, ekarpen garrantzitsuak jaso ditugu horien guztien inguruan. Hala, Tokiko Gaitasunei, Parte-hartzeari eta Antolakuntzari buruzko zeharkakoari dagokionez, zenbait ekarpenetan iradoki digute eraldaketa-subjektu berriak txertatu beharra eta estrategia integral eta sendoak indartu beharra, ekimenen fase guztietan kalitateko parte-hartze aktiboa ahalbidetzeko. Generoari buruzko zeharkakoari dagokionez, zenbait ekarpenetan adierazi digute emakume eta neskatxen parte-hartzea sustatzeko estrategia espezifikoak garatzearen garrantzia, baita “genero” terminoaren despolitizazioaren/instrumentalizazioaren aurkako ekintza eta ekimenak sustatzeko premia ere. Iraunkortasun ekologikoari dagokionez, ondasun komunei buruz hitz egiteko proposatu dute gehienek, aipamen espezifikoak eginez planetaren krisi ekologikoaren, klima-aldaketaren inpaktuen eta nekazaritza-elikagaien sistema korporatiboaren inguruan. Gainera, zeharkakoen helburu batzuk eta jarraipen-, ebaluazio- eta ekintza-adierazle batzuk lehenesteko eta zehazteko proposamenak adierazi eta planteatu dituzte hainbatek.

Hori ez ezik, eremu geografikoak lehenesteari buruzko gogoetaren inguruko hainbat ekarpen ere jaso ditugu. Bereziki azpimarratu digute Euskadiren eta Asia (India, zehazki) eta Afrikaren arteko lankidetzaren ibilbideari buruz gogoeta eta azterketa egin beharra, eta, horren harira, proposamen eta tresna espezifikoak sortzea proposatu dute, testuinguru horietan proiektuetarako laguntzak errazteko. Herrialde-mailako estrategien garapenari buruzko hainbat proposamen ere jaso ditugu. Hori egiteke dago oraindik ere, Plan honen indarraldian tresna hori ebaluatu ondoren. Beste batzuek proposatu digute desberdintasun-indizeak aintzat hartzeko, GINI indizea adibidez, herrialdeak lehenetsi beharrean eskualde edo lurralde espezifikoak lehenesteko.

Gainera, sektoreei dagokienez, Tokiko Garapen Ekonomikoaren sektorea da eztabaida handiena sortu duten sektoreetako bat, nola deitu behar zaion eta barruan zer hartu behar duen ebazteko batez ere. Besteak beste, garapen ekonomiko, sozial eta solidarioarekin zerikusia duten alternatibak proposatu dizkigute. Emakumeak ahalduntzeko sektoreari eta erakunde feministen identifikazioari buruzko zenbait proposamen jaso ditugu, eta horiek ere eztabaidatuko ditugu Plana garatu ahala.

Garapenerako hezkuntzari eta ekintza humanitarioari buruzko ekarpenak dagozkien estrategiak lantzeko prozesuan garatuko dira, 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetan, hurrenez hurren. Gizartea eraldatzeko hezkuntza-estrategiari dagokionez, honako gogoeta hauek jaso ditugu:(i) ongizate-estatuaren ahuleziaren egungo testuingurua kontuan hartzeko iradoki digute, baita planteatzen diren estrategia eta ekintzak gizarte-asaldura horren harira sortzen ari diren gizarte-borroka eta -mugimenduekin lotzeko ere (esaterako, etxegabetzeen eta bankaren abusuen aurkako auzo-mugimenduak eta abar); (ii) tresna berriak sortzearekin zerikusia duten proposamen zehatzak; (iii) dimentsioak birplanteatu edo deuseztatzea; eta (v) dimentsio lokala/globala eranstea.

Ekintza humanitarioko estrategiari dagokionez, ekarpenek honako hauek izan dituzte ardatz: (i) ekintza humanitarioak berekin dakarrenari buruzko gogoeta; (ii) larrialdi-laguntzari buruzko gogoeta espezifikoa, larrialdi-funts komunetan parte hartzeko proposamenaren haritik; (iii) 2011n landutako estrategia-zirriborro baten elaborazioan egindako gogoetei berriz heltzearen garrantzia; (iv) tresna berriak sortzea; eta (v) aurrekontu-egonkortasuna.

Beste zenbait ekarpenetan, “politiken koherentziari” buruzko informazioa zabaldu beharra iradoki da, politika horien helburua zehazteko eta beste politika batzuekin lotzeko bidean .

Halaber, eztabaidak aurrera egin ahala hainbatek ekarpenak egin dituzte ebaluazio-irizpideen inguruan, nola hezkuntza-ekintzei dagokienez hala kateatutako proiektu eta/edo programei dagokienez. Agenteak erregistratzeko irizpideen inguruko ekarpenak ere jaso ditugu, eta alor hori Plana garatu ahala landuko da

Amaitzeko, beste hainbat gogoeta jaso ditugu aurrekontu-konpromiso orokorrari eustearen garrantziari eta konpromiso espezifikoei buruz, eta horiek guztiak berraztertu eta landuko ditugu Plana garatu ahala.

Plangintzako ideia nagusia

Plangintzako ideia nagusiari buruzko ekarpen batzuetan gehiago zehaztu dira emaitzak edo emaitza horietan bildutako jarduerak. Ildo horretan, euskal agenteen trebetasun eta gaitasunei buruzko emaitzan (R5) bekak erantsi beharko liratekeela aipatu dute zenbaitek, erakundeei giza baliabideekin laguntzeko.

Bestetik, eztabaidan zehar bereziki azpimarratu dute Garapenerako Lankidetzaren Lurralde arteko Batzordeak betetzen duen funtsezko zeregina, eta batzorde horri zentzua emateko elementuak zehaztu beharra. Ideia nagusian jasota dagoen arren, osagai hori gogora ekartzeari garrantzia eman nahi diogu, egiten diren ekintzen ikuspegia lehenetsi eta garatzerakoan.

Ildo berean, jarduera-lehentasunak jaso ditugu, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren eztabaiden ondorioz sortu zirenak: (i) gizartea eraldatzeko hezkuntza-estrategiak eta nazioz gaindiko, sektoreetako eta subjektuetako estrategia berriak; (ii) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia desburokratizatzea eta metodologia berriak sartzea (e.g. kontzeptu-oharrak); (iii) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua finkatzea; (iv) agenteen erregistroa abian jartzea; eta (v) euskal lankidetzaren inpaktua neurtzea (gizarte-prozesuen eta testuinguruen arabera).

Irekia

Honako ekarpen esanguratsu hauek input gisa baliatuko ditugu ekintza humanitarioko estrategiari buruzko eztabaidan: (i) herrialde-lehentasunak; (ii) ekintza humanitarioaren alorrean jardun duten erakundeak aintzatestea; (iii) tresnak berraztertzea; eta (iv) jardun-eremuak.

Gainera, tresna berriei buruzko eztabaidarako ildo espezifiko bat proposatu dute zenbaitek, I+G+Bko ikerketa-proiektuen finantzaketa ahalbidetzeko garapenerako lankidetzaren alorrean.

Beste ekarpen bat herrialde edo eskualde jakin batzuk (Afrika adibidez) lehenesteko edo ez lehenesteko aukerari lotuta dago. Iritzi desberdinak izan dira horren inguruan. Planaren garapenean aurreikusitako eztabaidarako egin diren ekarpenen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: (i) lehenetsitako herrialdeetarako ehunekoa; (ii) desberdintasun-irizpideak eranstea herrialdeen giza garapeneko indizetik haratago; eta (iii) baterako garapenarekiko lotura. Horren aurrean, beste ekarpen batzuetan adierazi dute azkar-azkar aldatzen ari den mundu honetan jardun-leku berriak sor daitezkeela (Arabiar Udaberriarekin lotutako lekuak, LGTB pertsonen aurkako legeak egiten dituzten herrialdeak eta abar), eta beraz, herrialdeak lehenestea muga bat dela haiek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren jardun-ildoen barruan eransteko.

Gizartea eraldatzeko hezkuntza-estrategiari dagokionez, honako hauek aipatu dituzte, besteak beste: (i) hezkuntzako, gizartean esku hartzeko (astialdia bereziki) eta gizarte-komunikabideetako sektoreekin baterako estrategiak zehaztu eta garatzeko aliantzak; eta (ii) etorkinen elkarteak, batez ere kultura arteko dimentsioaren agenteak diren heinean. Gainera, gogoeta espezifikoago bat proposatu dute lankidetzaren atal horretan “inbertsio” handiago bat egiteko beharraren inguruan, komunikazioarekin, zabalkundearekin eta teknologia berrien erabilerarekin ere harreman estuan.

Azkenik, batzuek gogoeta interesgarri bat egin dute komunikatzeko eskubidea sektorialean eta zeharkakoetan argiago eransteko beharraren inguruan, eta hori geroago aztertuko da horri buruz egingo diren eztabaidetan.

 4. ESKER ONA

Eskerrik asko Garapenerako Lankidetzaren III. Plan Zuzentzailea egiteko prozesu honetan parte hartu duzuen pertsona eta agente guztiei. Espero dugu aurrerantzean ere guri laguntzen jarraitzea, plana abiarazteko eta ondoren ebaluatzeko fasean.



[1] Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua lankidetza-agenteen ordezkaritza-organoa da, eta proposamen eta irizpenak emateko eta garapenerako euskal lankidetza publikoaren jarraipena egiteko gaitasuna du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko