Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritza lanean ari da Nepaleko lurrikaran zeuden euskal herritarrak identifikatzeko eta non eta zer egoeratan dauden jakiteko

2015.eko apirilak 27

Gobernu-kontseiluak 3,2 milioi euroko larrialdiko diru-laguntza bat onartu du gaur Nepaleko krisi humanitario dela-eta

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Marian Elorza, hedabideen aurrean agertu da gaur eguerdian Lehendakaritzan, joan den larunbatean Richter eskalan 7,8 graduko indarreko lurrikara batek Nepal suntsitu zuen-eta. Marian Elorzak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza bi esparrutan dabil lanean: batetik, Nepaleko lurrikaran zeuden euskal jatorriko pertsonak identifikatzen eta haien kokagunea eta egoera jakin nahian; bestetik, Nepalera 3,2 milioi euroko larrialdiko laguntza humanitarioak bideratzen.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak jakinarazi duen informazioaren arabera, Eusko Jaurlaritzak Nepalen 26 euskaldun daudela daki ziur; horietatik, 24 aurkitu dituzte eta egoera onean omen daude. Oraingoz, ez da beste biei buruzko informaziorik jaso. 

Jaurlaritzak hainbat bideetatik jasotzen du informazioa; horien artean, nabarmentzekoa da Gobernuak lekuan bertan senideak dituzten familientzat ireki duen harreman-lerroa. Informazio horren arabera, Nepalen dauden 26 euskaldunetatik, erdia trecking espedizioetara joan zen eta mendialdean dago: zehazkiago, Katmandun eta Pokhara inguruan, adierazi du Elorzak. 

Orobat, Kanpo Harremanetarako Saileko buruak baieztatu duenez, Eusko Jaurlaritza Kanpo Arazoetako Ministerioarekin eta Espainiak Delhin duen enbaxadarekin harremanetan eta lankidetzan ari da. Eusko Jaurlaritzak bi erakundeokin partekatzen du informazioa; izan ere, Marian Elorzaren hitzetan, «erakunde horiek ari dira lurrikarak kaltetutako pertsonen arreta in situ koordinatzen eta haiek dira, azken batean, ebakuazio-planen arduradunak. 

Marian Elorzak baieztatu du Eusko Jaurlaritzak han senideak dituzten familiei arreta ematen jarraituko diela.  

Bestalde, Nepaleko lurrikarari lotutako bigarren jarduera-ildo gisa, gobernu-kontseiluak hondamendietarako eta krisi humanitarioetarako larrialdiko laguntzak onartu ditu. Hain zuzen, 3,2 milioi euro dira laguntzatan, eta Euskadiko GGKEek aukera izango dute hurrengo egunetan laguntzoi heltzeko, Nepalen laguntza humanitarioko egitasmoak garatzeko. Bi laguntza-ildo dira: alde batetik, estutasun handiko egoeretan arreta ematera bideratzen direnak; bestaldetik, epe ertaineko egitasmoetarako laguntzak, herrialdea berreraikitzeko faseari begira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)