Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariaren ustez egungo buruzagitza politikoa “2.0 politikan” eta herritarren parte-hartzea bermatzeko “betebeharrean” datza

2010.eko uztailak 05

Lópezek José Antonio Agirre eta Indalecio Prieto goraipatu ditu EHUren udako ikastaro batean, lehenengo lehendakariaren heriotzaren 50. urteurrena dela eta

“Gaur egun, buruzagi indartsua ez da bakarrik eta gainerakoak baino hamar urrats aurrerago dabilen pertsona bat, buruzagitza kolektiboa dela eta parte-hartzea, kritikak eta herritarren proposamenak barne hartzen dituela ulertzen duen pertsona da”. Horrelaxe definitu ditu Patxi López lehendakariak egungo buruzagitza politikoaren ezaugarriak eta “geure kalitate demokratikoa” hobetzeko herritarren parte-hartzea bermatzeak erakundeen “betebehar” izan behar duela azpimarratu du. “Politika 2.0 politika da. Bertan, buruzagi guztiak daude edozein herritarren kontrol, kritika eta ekarpenen eraginpean”, aipatu du Lópezek klase politikoaren erronka nagusi gisa. Lehendakariak adierazpen horiek “¿Quién hace la historia? El Liderazgo en la política del siglo XX” udako ikastaroaren hasierako ekitaldian egin ditu gaur goizean Donostiako Miramar Jauregian. Bertan, José Antonio Agirre lehenengo lehendakariaren lana analizatu da.

Patxi López lehendakariak Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakari izan zen José Antonio Agirreren lana goraipatu du, zehazki, Euskal Herriaren azken urteotako historia ulertzeko “funtsezko gizona” dela esan du, haren gobernua “estatu ireki, plural eta anitz batean nortasun desberdinak barne hartzeko lehenengo saio serioa” izan baitzen. “Euskadi politiko modernoa eratu zuen” Indalecio Prieto eta lehenengo Eusko Jaurlaritzako kideekin batera. Lehendakariak sentsibilitate desberdinak zeuzkaten bi politikarik, alegia, nazionalista batek eta sozialista batek, “beren herrialdea eraikitzeko elkarrekin lan egiteko bidea aurkitu zutela” nabarmendu du. Haien lanaren emaitza izan ziren “bai 36ko Estatutua, bai Gernikako Estatutua”. “Horrexegatik Euskadi entitate politiko gisa eratu zen unetik euskal herritar desberdinen arteko adostasuna funtsezkoa izan da. Adostasun hori geure historiaren unerik onenen oinarri izan da, herrialdea eraikitzeko geure nortasunaren bereizgarrietako bat izan da eta oraindik ere lan horretan jarduteko funtsezko elementu izaten jarraitzen du”, azpimarratu du.

Hausnarketa horiek lehendakariak gaur goizean Donostiako Miramar Jauregian “¿Quién hace la historia? El Liderazgo en la política del siglo XX” EHUren udako ikastaroari hasiera eman dion ekitaldian eman duen hitzaldiaren parte izan dira. Berarekin batera Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak eta Juan María Atutxa Sabino Arana Fundazioaren presidenteak ere ekitaldian parte hartu dute eta José Antonio Agirreren lana analizatu dute lehenengo lehendakariaren heriotzaren 50. urteurrena dela eta.

Buruzagitza berriei buruzko mintzaldian, lehendakariak egungo politika eta Agirre eta Prietok bizi izan zutena oso desberdinak direla gailendu du. Lehendakariaren hitzetan, “oso izaera eta buruzagitza sendoko pertsonak ziren eta bakoitzak bere esparru soziologikoan atxikipen eta fidelitate eztabaidaezinak pizten zituen”. “Politika ez da herritarren borondateentzako muga edo politikariok ezinbestean bete beharreko mehatxuzko bandoak zintzilikatzeko den horma bat” ohartarazi du, izan ere, herritarrak “ez dira lider bakar baten atzetik doazen koru bat”, aitzitik, “beren etorkizun propioan esku hartu” nahi dute eta “erakundeen betebeharra da parte-hartze hori posible egiteko bide eraginkorrak sortzea”. “Politika 2.0 politika da. Bertan, buruzagi guztiak daude edozein herritarren kontrol, kritika eta ekarpenen eraginpean”, erantsi du.

Erdialdeko Europari buruzko Mintegia

Ekitaldi honen ostean, lehendakariak Europako Kazetarien Elkarteak Erdialdeko Europari buruz antolatu duen "Frustrazio demokratikoak" XXII. Mintegian parte hartu du. Lópezek tonu informalean hitz egin du Petre Roman Errumaniako lehen ministro ohiarekin eta Rexhep Meidani Albaniako presidente ohiarekin. Horrez gain, ETA herritarren % 2rentzako soilik dela kezka bat adierazten duen euskobarometroaren datua gailendu du. Datuak euskal herritarren "normaltasuna" islatzen du, hau da, langabezia, etxebizitza eta krisi ekonomikoa bezalako gaiez kezkatzen dira eta ez "buruzagi politiko batzuei interesatzen zaienaz".

Zentzu horretan, Lópezen ustez, herrialdea "denon artean egiten da, edo ez da egiten" eta bere Gobernua desberdinen arteko adostasunak lortzearen alde apustu egiten ari dela azpimarratu du, "Euskadiko idiosinkrasiaren parte baita". "Ziurrenik jarrera ideologiko batek ere ezin ditu bere aldarrikapenen ehuneko ehun bete, horrek gizartearen erdia ia bere herrialdetik kanpo utziko bailuke" ohartarazi du, eta "ez ditugula inoiz ere geure nahi guzti-guztiak erdietsiko" onartu du, baina bere hitzetan, "inor ere ez dela baztertuta geratuko".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria