Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Maiatzeko zenbait asteburutan anfibioen kontserbaziorako auzolan ekintzak antolatu ditu Aranzadik

2015.eko apirilak 27

Anfibioak munduko ornodun talde mehatxatuenak dira. Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batzarrak berriki argitara eman dituen datuen arabera, anfibio espezieen heren bat gainbeheran dago, eta proportzioa gutxietsita egon liteke izan ere espezie batzuen kontserbazio egoeraren inguruko informazioa ezezaguna baita.

 Egoera kezkagarri honen atzean batik bat gizakiaren eskua dago, izan ere behin eta berriz anfibioen biziraupenerako garrantzitsuak diren habitatetan (gehienbat hezeguneetan) kalte nabarmenak sortu baitituzte.

 Kalte zuzenen artean daude bizitzeko behar dituzten habitaten suntsipena edota kutsadura bidezko narriadura, edota espezie arrotz inbaditzaileen edota gaixotasun berrien sartzapena. Mehatxu hauek gutxi izaki, Aldaketa Klimatikoak ere eragiten die bai zuzenean zein zeharka.

 Baina egoera larria izan arren, oraindik maila batean itzulgarria da. Ingurumen politika egokiez gain, jendearen esku hartzea oso garrantzitsua da, bai eta parte hartzaileen sentsibilizazioa areagotzea. Helburu bikoitz hau bete asmoz Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia sailak, hainbat auzolan ekintza antolatu ditu apirila eta maiatzeko bost asteburuetarao.

 Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Lurraldetan burutuko dira auzolan ekintzak, eta ekimena Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak diruz lagundu du. Ekintzetan parte hartzeko nahitaez aurrez izena eman beharko da, 943466142 telefonora deituaz edota idazkaritza@aranzadi.eus helbidera email bat igorrita. Jarraian auzolan ekintzen programa adierazten da informazio gehigarriarekin.

 

AUZOLANEN DATA

Maiatzaren 09a Apo lasterkariaren habitataren hobekuntzarako kudeaketa ekintzak Plaiaundiko Parque Ekologikoan (Irun, Gipuzkoa).

Maiatzaren 10a Apo lasterkariaren habitataren hobekuntzarako kudeaketa ekintzak Jaizubiako baratza eta belardietan (Hondarribia, Gipuzkoa).

Maiatzaren 16a Apo lasterkariaren habitataren hobekuntzarako kudeaketa ekintzak Sopelako itsasbazterrean (Sopela, Bizkaia).

Maiatzaren 17a Apo lasterkariaren habitataren hobekuntzarako kudeaketa ekintzak Azkorri-Gorrondatxeko hondartzan (Getxo, Bizkaia).

Maiatzaren 22-23a Euskal Herriko anfibioen identifikaziorako ikastaroa, eta euren kontserbaziorako kudeaketa ekintzak Gorbeiako Parke Naturalean (Murgia, Araba)

Maiatzaren 30-31a Anfibioen kontserbaziorako kudeaketa ekintzak gauzatuko dira Aiako Harria Parke Naturalean (Irun eta/edo Hernani, Gipuzkoa).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)