Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Bernabé Unda sailburuak EAEko eta Waloniako klusterren arteko topaketa bat inauguratuko du Belgikan, eta Euskaltel-Euskadi taldeari bisita egingo dio Tourrean

2010.eko uztailak 02

Waloniak Euskadi hautatu du bere enpresa- eta ekonomia-sektorearen lehentasunezko esparru europarren artean 

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Undak konpromiso bikoitza beteko du astelehen honetan Belgikako Spa izeneko herrian. Goizean, 11:30ean, Euskadiko eta Waloniako klusterren arteko topaketa bat inauguratuko du. Eta arratsaldean, Frantziako Tourraren etapa-amaieran egongo da eta lasterketan parte hartzen ari den Euskaltel-Euskadi taldearekin bilduko da.

Sailburuaren jarduna Radisson Balmoral hotelean hasiko da. Hotel horretan, 'Interclustering Wallo-Basque' ekitaldian parte hartuko du; klusterren arteko topaketa horretan, bi eskualdeetako garraioaren eta logistikaren sektoreek beren esperientziak elkartrukatuko dituzte. Hilaren 5ean eta 6an izango da topaketa, Spa izeneko herrian, bi eskualdeen arteko harreman onaren ondorioz. Izan ere, Waloniak Euskadi hautatu du bere enpresa- eta ekonomia-sektorearen lehentasunezko eremu europarren artean.

Jardunaldi horietan parte hartuko dutela baieztatu dute EAEko honako enpresa hauek, besteak beste: VIAS (Gasteizko aireportuarekin loturiko enpresa), Grupo XXI-Transporte XXI, ICFL Ingeniería, M&L Group, Logistikako Euskal Erakundea, Mugikortasun eta Logistika Klusterra, eta JPisla Asesores y Consultoría.

Waloniako Ekonomiako ministroarekin

Interclustering ekitaldian parte hartu ondoren, sailburuak hainbat bilera izango ditu Waloniako Turismo Ministerioarekin eta Waloniako Parke Zientifikoen Sarearekin. Aurrerago, Waloniako Ekonomiako ministro Jean-Claude Marcourt jaunarekin bilduko da; ministroarekin batera Europar Batasuneko kontseilari Anne Peeters egongo da, baita Frédéric Biava ere, Waloniako kontseilari ekonomiko eta komertziala Espainiako iparralderako. Bernabé Unda sailburuak Marta Marín izango du une oro ondoan, Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen ordezkaria, alegia.

Sailburuak egun osoa igaroko du Belgikan, eta Frantziako Tourraren bigarren etaparen amaiera ikustera joango da, Spa izeneko herrian amaitzen baita Bruselan hasi ondoren. Span, txirrindularien lasterketa amaitutakoan, Euskaltel-Euskadi taldeko arduradunekin bilera egingo du, Euskaltel-Euskadi taldeak aurten ere parte hartuko baitu munduko txirrindularitza-lasterketa garrantzitsuenean. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo saila taldearen babesleetako bat da, Eusko Jaurlaritzaren beste zenbait sailekin batera.

Bernabé Unda Fundazioaren presidente Miguel Madariagarekin eta Igor González de Galdeano manager nagusiarekin bilduko da. Eguna amaitzeko, sailburuak taldeko teknikariekin eta zuzendariekin afalduko du.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 2a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Unda