Berriak Osasuna
Eu

Jon Darpón: «Biogurutzeta osaun-ikerketaren elitean sartu da honezkero eta hori berri ona da Euskadirentzat eta merezimendu bat hango langileentzat»

2015.eko maiatzak 04

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek adierazi duenez, Biogurutzeta sartu da honezkero osasun-ikerketaren elitean, Carlos III Osasun Institutuak ikerketa sanitarioko institutu gisa akreditatu baitu. Hala jakinarazi du gaur goizean, Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzorde aurrean agertu denean, Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendari Maria Agirrerekin batera, Biogurutzeta akreditazioa eskuratzera eraman duen prozesuaren berri emateko.

«Akreditazioa lortzeak Osasun Sailak legegintzaldi hasieran finkatu zuen helburuetako eta konpromisoetako bat betetzea ekarri du», esan du Osasuneko Sailburuak. Orobat adierazi du Osasun Sailak jarraitu egingo duela ikerketa sanitarioaren eta euskal ikertzaileen alde apustu egiten, zeren eta «ezin dugu ulertu Euskadi aurreratu bat, Europara begiratzen duen eta pertsonaren osasuna zaintzen duen Euskadi bat, baina ikerketa sanitarioaren eta berrikuntzaren aldeko apustu jarraiturik gabekoa».

Bestalde, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak, María Agirrek, poza adierazi du «proiektua jaso genueneko egoera zail hura gainditzea lortu dugulako; izan ere, prozesua 2008an abiarazi bazen ere, gu iritsi ginenean ez genuen oraindik, ez Euskal Herriko Unibertsitatearekin hitzarmenik, ez berezko izaera juridikorik; azken batean, institutua ez zegoen akreditazio-prozesua formalki hasteko prest».

Azaldu duenez, legegintzaldi honen hasieratik proiektua berriz bideratzera eskaini zitzaizkion ahalegin guztiak: arian-arian, eman beharreko pausu guztiak eman ziren, beharrezko 7 ebaluazio-faseak bete arte, horrela, Biogurutzeta Estatuko ikerketa sanitarioko institutu garrantzitsuenen artean kokatzeko beharrezko eskakizunak gainditzeko.

María Agirrek hau nabarmendu du: hori guztiori posible izan da, hain zuzen, «Biogurutzetari buruz hausnartzean eta Biogurutzeta bera birpentsatzean, ikertzaileek programa zientifikoaren ildotik egindako lana izan dugulako oinarri». Hori dela-eta, bai Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak, bai Osasuneko sailburuak ere, Gurutzetako ikertzaile-taldeari eskerrak eman nahi izan dizkiete publikoki, Urkullu Lehendakariak berak zentroa duela gutxi bisitatu zuenean eman bezala, Carlos III. Institutuko akreditazioa lortzeko hartu duten lanagatik eta konpromisoagatik.

Era berean, María Agirrek gogorarazi du 2014ko urriaren bukaeran jasotako Carlos III. Institutuko auditore-taldearen txostenak Biogurutzetako funtzionamendu bikaina nabarmentzen zuela, bai eta adierazten ere, betekizun galdagarri guztiak (% 100) eta eskakizun gomendagarrien % 97 betetzen zirela (77/79). Horregatik, zera azpimarratu du: «akreditazioarekin ez dugu Osasuneko Sailaren helburua soilik lortu; baita hainbat pertsonak luzaroan buruan erabilitako ametsa betetzea ere, zeren eta, izan dezagun gogoan, Biogurutzetak denbora luzea darama ikerketa-proiektu horretan lanean».

Bestalde, bere hitzaldian, María Agirrek gogorarazi du akreditazioak jarduera hobe gauzatzeko finantzazio berezia lortzeko aukera ekarriko diola Biogurutzetari, eta Biogurutzetaren eraikin berria egiteko proiektuaren berri eman du Legebiltzarrean: «eraikin berri eta moderno bat, eraginkortasun energetikoko irizpideei jarraiki diseinatua eta langileen premietara egokitua». Adierazi duenez, aurreikusten dute lanak irailean hastea, eraikuntza esleitzeko dagokion lehiaketa deitu ondoren, eta 20-24 hilabete irautea.

 

BIOGURUTZETAKO IKERKETA-ESPARRUAK

 

Biogurutzetako egitura zientifikoan lehentasunezko zazpi esparru daude:

  1. Ama-umeen osasuna eta laguntza bidezko ugalketa
  2. Minbizia
  3. Diabetesa, metabolopatiak eta giltzurruneko gaitzak
  4. Gaixotasun autoinmuneak, hanturazkoak eta infekziosoak
  5. Nerbio-sistemako gaixotasunak
  6. Kirurgiako berrikuntza eta osasun-teknologia berriak (diagnostikoak eta terapeutikoak)
  7. Lehen mailako osasun-arreta, prebentzioa eta gaixotasun kronikoak

 

Zazpi esparru horietan 600 bat pertsona aritzen dira lanean, 58 ikerketa-taldetan banatuta, eta ikerketa biomedikoa egiteko plataforma zientifikoak eta laguntza-zerbitzuak dituzte (biobankua, animaliategia, mikroskopia, zitometria, zelula hazkuntzak, metodologiako laguntza, saiakuntza klinikoetarako laguntza, etab.).

Euskal Herriko Unibertsitateak azpiegitura ere jarri du, baina, batez ere, master eta doktoretza programak koordinatzen egiten duen lana da giltzarria; izan ere, osasun-arloko profesionalei ikerketa-jarduerara hurbiltzeko aukera ematen eta ikertzaile-belaunaldi berriari txanda emango zaiela ziurtatzen dute programa horiek.

Biogurutzetak, kalitatea duela bide, finantzazioa lortu du AEBtako Michael Fox Fundazioaren proiektu bat, Parkinsonari buruzkoa, aurrera eramateko; bestetik, ikertzaileak prestatzeko bi diru-laguntza lortu ditu, BBKren medikuntza-egoitza osteko proiektu-deialdien bitartez: bat neurologia-arlokoa (Alzheimerari buruz, hain zuzen) eta beste bat pediatriakoa (hipofisiko adenomari, gaixotasun arraro bati, buruzkoa).

Bestalde, institutuak ikertzaile bikainak hartu ditu, Ikerbasque Fundazioaren deialdien bitarteko nazioarteko lehiaketa batean hautatuak, eta goratuz doa haren ekoizpen zientifikoa, eragin-faktorea duten 386 argitalpenekin. Espero izatekoa da joera horrek irautea; izan ere, 2014an, 2013an finantzatutako proiektu kopurua gainditu da, eta akreditatutako Institutu gisa finantzazio-aukera berriak dituelako zabalik.

Orobat hazten ari dira saiakuntza klinikoen kopurua eta horien bolumen ekonomikoa, % 67 eta % 72, hurrenez hurren.

2015eko maiatzak 4

6 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PNV_Indautxu
    2015.eko maiatzak 06

    Comentario de Twitter:
    RT @Innobasque: "@biocrucesHRI forma parte ya de la élite de la investigación sanitaria" @jdarpon http://t.co/yzRjdfs42M #Salud #Investigac…

  • @AzalgorriBilbao
    2015.eko maiatzak 06

    Comentario de Twitter:
    RT @Innobasque: "@biocrucesHRI forma parte ya de la élite de la investigación sanitaria" @jdarpon http://t.co/yzRjdfs42M #Salud #Investigac…

  • @Foro_BiDC_Foroa
    2015.eko maiatzak 06

    Comentario de Twitter:
    RT @Innobasque: "@biocrucesHRI forma parte ya de la élite de la investigación sanitaria" @jdarpon http://t.co/yzRjdfs42M #Salud #Investigac…

  • @VArechavala
    2015.eko maiatzak 06

    Comentario de Twitter:
    Jon Darpón: “Biocruces forma parte ya de la élite de la investigación sanitaria y éso es una buena noticia para ...http://t.co/pwsDobOAqq

  • @biocrucesHRI
    2015.eko maiatzak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @Innobasque: "@biocrucesHRI forma parte ya de la élite de la investigación sanitaria" @jdarpon http://t.co/yzRjdfs42M #Salud #Investigac…

  • @grupospri
    2015.eko maiatzak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @Innobasque: "@biocrucesHRI forma parte ya de la élite de la investigación sanitaria" @jdarpon http://t.co/yzRjdfs42M #Salud #Investigac…

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)