Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik Sinavalen: “beharrezkoa da etorkizun hurbilari begiratzea, eta trenbidea, itsasoa, airea eta errepidea konbinatzen dituen garraioa sustatzea”

2015.eko apirilak 23
  • «Euskadiren kokalekua eta baldintzak onenak dira» 

Bilbao, 2015/04/23

 Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik adierazi du etorkizun hurbilari begiratu behar diogula eta trenbidea, itsasoa, airea eta errepidea konbinatzen dituen garraioa sustatu behar dugula, Euskadiren kokalekua eta baldintzak onenak direlako.

 Oregik Sinaval azoka bisitatu du gaur goizean, Barakaldoko BECen, eta ontzioletako, itsasontzi-industriako eta portu-zerbitzuetako erakusleekin hizketan aritu da. Sailburuak multimodalitatearen alderdi jasangarria eta etorkizuneko ikuspegia aipatu ditu. «Estatuan ez da Bruselak proposatzen duen multimodalitatearen alde egiten duen behin betiko planteamendurik egin, balio osagarria sortzen duten sistema jasangarrien bidez edo garraiobideen arteko osagarritasun bikaina lortuz», esan du.

 Sailburuaren arabera, beharrezkoa da multimodalitatearen aldeko apustu argia egitea. «Portuek funtsezko zeregina dute horretan; horregatik, aldaketa kontzeptualak egin behar ditugu eta enpresen antolaketa egokitu behar dugu», gehitu du Oregik.

 «Gure gobernuak Bilboko portua trenbidez lotzea nahi du, baita Pasaiakoa ere. Azken horretan, Loiola eta Herrera lotzen zituen tunela berriztatzen ari dira, eta Loiola-Herrera trenbide saihasbidearekin, salgaiak garraiatzeko bakarrik erabiliko da», azaldu du Oregik.

 «Garraioa –azpimarratu du- ezinbestekoa da Europako ekonomian: konexio onik gabe, Europak eta Euskadik ez dute aurrera egingo. Euskadi sare baten parte da, eta sare hori Europako merkatuko salgaien ardatza izango da. Hala, garraioen inbutua desagerraraziko da, azpiegiturak modernizatuko dira eta bidaiarien eta salgaien garraioaren mugaz gaindiko eragiketak arrazionalizatuko dira».

 Sailburuaren ustez, garraioen sare transeuropeo berriaren (RTE-T) eta haren bederatzi korridore handien helburua da 2050. urtea amaitu aurretik herritar eta enpresa gehienak saretik 30 minututik beherako distantzian egotea. Gainera, aurreikusi dute 2050. urterako salgaien garraioa % 80 haztea eta bidaiariena, % 50.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Asier Atutxa, Xabier Basañez, Edurne Egaña,