Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Eudelek Klima Aldaketaren aurkako Euskal Estrategiaren oinarriak jarri dituzte etorkizunerako

2015.eko apirilak 23

Eusko Jaurlaritzako Industria Sailburuorde Javier Zarraonaindiak, Ekonomia eta Aurrekontu Sailburuorde Pedro Hernando eta Ingurumen Sailburuorde Josean Galerak Euskadiko klima-aldaketari buruzko instituzio arteko bilera ireki dute gaur goizean; bertan, lantze prozesuan dagoen Klima Aldaketaren aurkako Euskal Estrategiaren -Klima 2050- zirriborroa aurkeztu dute.

“Koordinazio instituzionala funtsezko alderdia da klima-aldaketaren alorrean ezarritako helburuak lortzeko, eta horixe izan da instituzio arteko bilera hau egiteko arrazoia”, azpimarratu du Ingurumen Sailburuorde Josean Galerak. “Elementu bereizgarria da Klima Aldaketaren aurkako Euskal Estrategiaren garapenean gehien inplikatuta dauden hiru saiburuordetzak direla bileraren kopresidenteak. Hiru sailburuordetza horiek ingurumena, industria eta ekonomia dira”.

Klima Aldaketaren aurkako Euskal Estrategia, Klima 2050, zeharkako ikuspegi batez lantzen ari da, Eusko Jaurlaritzako Sail guztien, hiru Foru Aldundien eta udalerrien parte-hartzearekin. Horretarako, kontraste lan sakona egin da gai horrekin zerikusia duten eragileekin –administrazioez gain, unibertsitatea, zentro teknologikoak, enpresak eta erakunde sozialak-, eta horiek ere bileran izan dira gaur.

“Estrategia euskal gizarte konprometitua finkatzea ahalbidetuko duen tresna bat da; hau da, berari esker ekonomia jasangarria, lehiakorra eta karbono maila txikikoa izango du gizarteak”, adierazi du Pedro Hernando Ekonomia eta Aurrekontu Sailburuordeak. 

Klima-aldaketa Euskadin

Javier Zarraonaindia Industria Sailburuordearen hitzetan, “funtsezkoa da klima-aldaketa aukeratzat hartzea, hau da, gure enpresen eraginkortasuna hobetzen lagun dezakeen aukeratzat, kontuan hartuta oraingo testuinguruan gero eta nazioarteko lehiakortasun handiagoa dagoela kostuen aldetik”.

Berotegi-efektuko gasen emisioei dagokienez, Euskadik Europako osoko emisioen % 0,5 baino ez du sortzen; hala eta guztiz ere, 2000 urteaz geroztik konpromiso etiko batez lan egin dugu, alegia, berokuntza globala 2ºCtik behera mantentzeko erronka handia betetzen laguntzeko konpromisoaz.

Hala, 2008-2012 epealdirako Klima Aldaketaren aurkako Euskal Plana bukatu ondoren, 2013 urtean garai zabalago bat barne hartuko zuen estrategia bat lantzeari ekin zitzaion. Estrategia horrek bide-orria ezarriko zuen bai emisioak moteltzeko eta bai klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak badu esku artean Klima Aldaketaren aurkako Euskal Estrategia -Klima 2050- dokumentuaren lehenengo zirriborroa, eta aurreikusita dago ekainean  behin betiko onartzea.

“Estrategiak euskal gizartearen eskari bati erantzuten dio. Herritarren % 72k uste du ingurumenaren babesa eta kutsaduraren aurkako borroka berehalako eta premiazko gaiak direla; hala, klima-aldaketa gizartea kezkatzen duen bigarren ingurumen-arazoa da. Euskadiko hamar pertsonetatik seik pentsatzen dute ingurumena babesteko politikak bultzatu egin behar direla, oraingo testuinguru ekonomikoa gorabehera”, azpimarratu du Josean Galera Ingurumen Sailburuordeak.

Klima Aldaketaren aurkako Euskal Estrategia Klima 2050en zirriborroa eta hori egitera zuzendutako prozesu parte-hartzaileari buruzko dokumentua eskuragarri daude Irekia plataforman, www.irekia.eus.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Eudel, Diputaciones Forales.