Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Euskadin neurri judizialak bete ondoren berriz erortzen diren adingabeen kopurua % 6,4 jaitsi da

2010.eko uztailak 01

Eusko Jaurlaritzak betearazten dituen hezkuntza-neurriek berrerortzeen tasak jaisten laguntzen dute

Neurriren bat betetzen duten neska-mutilen % 78,3k ez du berriz deliturik egin aztertutako aldian (2006-2010)

Euskadin neurri judizial irmo bat gutxienez bete ondoren berrerortzen den adingabe arau-hausleen portzentajea nabarmen jaitsi da azken lau urteetan.  2003-2007 aldian adingabeen % 28,1ek berriz egin zuen arau-hausteren bat; 2006 eta 2010 artean, aldiz, portzentaje hori 6,4 puntu jautsi da, % 21,7an dago orain.

Horixe da Kriminologiaren Euskal Institutuko César San Juan eta Estefanía Ocáriz irakasleek Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzarentzat egindako 'Perfil psicosocial. Análisis del delito y evaluación de la intervención educativa en menores con medidas judiciales en la CAPV' ikerketaren ondorioetako bat.

2006an gazteen justiziako neurri irmo bat gutxienez bete zuten neska-mutilen 553 kasu aztertu dira guztira.

Hauxe da Euskadiko gazte arau-hauslearen profila: mutila (kasuen % 82an), 16 urtekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan jaioa ( % 72), ezkongabea eta seme-alabarik gabe (% 98), bere jatorrizko familiarekin bizi dena (% 83), lan egonkorra duten gurasoak (gutxienez bietako batek du lana) dituena (% 64), eta neurria gauzatzen hasitako unean ikasten edo lanean ez zegoena (% 50).

Adingabe arau-hausleen % 82 mutila da, baina txostenak agerian uzten duenez aurreko ikerketatik (2003) oraingo ikerketara (2006)  nesken delinkuentzia-tasa % 12tik % 18ra igo da.

Adingabeen epaitegiek jarritako neurriak gehienetan ingurune irekiko neurriak izaten dira: gizartearentzat lan egiteko prestazioak ( % 48) eta zaintzapeko askatasuna (% 22).

Alabaina, 2006an aplikatutako neurriak nabarmen aldatu dira aurreko txosteneko neurriekin alderatuta, asteburuko egonaldiak eta barneratze terapeutikoak dezente gehiago izan baitira.

Delitu-ekintzen kasuistika oso zabala bada ere, aldaketa esanguratsua ikusten da ingurune irekiko neurrietan: aurreko txostenean kasu gehienak indarkeriaz edo larderiaz egindako lapurretak ziren eta orain lesio-delituak dira ugarienak.

Txostenak bereziki kezkagarritzat jotzen ditu atzerritik bakarrik etorritako adingabeei gizarteak maiz egiten dizkien krimen-egozteak.

 

Ondorio orokorrak

Ikertutako ia neska-mutil guztiek hezkuntza-arloko esku-hartzearen ondoren ikertutako aldagai guztietan zertxobait hobera egiten dutela ondorioztatzen du ikerketak. Hain garrantzitsuak diren gurasoen kontrola, toxikoen kontsumoa edo eskolako egoera nabarmen hobetzen dira hezkuntza-neurriaren ondoren.

Alabaina, hobekuntzak hobekuntza, portzentaje handi xamar batek gizarte-arriskuko egoeran jarraitzen duela adierazten dute datuek.

Berrerortze-tasa orokorra % 28,1ekoa izan zen aurreko ikerketan eta, oraingoan, berriz, % 21,7koa da. Hau da, neurriren bat betetzen duten neska-mutilen % 78,3k ez du berriz deliturik egin aztertutako aldian (2006-2010). Tasa hori kalkulatzeko, adingabeek zigor-arloko adin-nagusitasunera iritsi ondoren egindako delituak ere hartu dira kontuan.

 

2006. urtean neurriren bat bete zuten adingabeen profil psikosozial orokorra:

  • - % 82 mutilak zen.
  • - % 72 EAEn jaio zen.
  • - % 98 ezkongabea zen eta ez zeukan seme-alabarik.
  • - % 83 familiarekin bizi zen.
  • - % 64ren bi gurasoek edo bietako batek lan egonkorra zeukan.
  • - % 23k amaren, aitaren edo bien arreta-falta zeukan.
  • - % 21ek gurasoen banantze traumatikoa bizi izan zuen.
  • - % 9k kriminalitate-kasuak zituen hurbileko familian.
  • - % 13k toxikoen kontsumo-kasuak zituen hurbileko familian.
  • - % 10,5ek indarkeria-egoerak bizi izan zituen etxean.
  • - Adingabeen edo beraien familiako % 37k harremana zuten gizarte-zerbitzuekin.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan