Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Gobernu-kontseiluak Azpeitiko Ingurugiro Etxea ingurumen-interpretazioko zentroa ustiatzeko hitzarmena berritzea onartu du

2015.eko apirilak 21
  • Ingurugiro Etxeak 7.000 bisitari espero ditu 2015ean, tartean, 6.000 ikasle inguru
  • 12 gai lantzen dira: atmosfera eta klima-aldaketa, ura, biodibertsitatea, demografia, hiriak, arkitektura bioklimatikoa, hirigintza jasangarria, energia,  zarata, hondakinak, kontsumoa, eta garapen jasangarria.

 Gobernu-kontseiluak ontzat jo du Ingurugiro Etxea interpretazio- zentroa kudeatzeko Azpeitiko Udalarekin sinatuta duen lankidetza-hitzarmena 2017 arte luzatzea. Akordio berriari esker, Eusko Jaurlaritzak 360.000 euroko ekarmena egingo du, eta Azpeitiko Udalak 1986. urteaz geroztik zentroan egin dituen jarduerei eutsiko die.

 

 «Ezinbestekoa da mota horretako instalazioak edukitzea, gizarteak jakin dezan ingurumenak eguneroko bizitzan zein balio eta zerbitzu eskaintzen dituen. Ingurumen-hezkuntza da, hain juxtu, jasangarria izan nahi duen gizarte baten zutabe nagusietako bat», adierazi du Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik hitzarmen izenpetu ostean.

 

Ingurugiro Etxeak 7.000 bisitari espero ditu 2015ean, tartean, 6.000 ikasle inguru, irakasleekin etorriko direnak zentroko hezkuntza-programan parte hartzera. Gainerakoak, herritar arruntak dira.

 

Ingurugiro Etxeak 1986an ekin zion jardunari, ingurumenaren gaineko ezagutza bideratzeko eta sustatzeko eta herritarren kontzientziazioa areagotzeko ingurumeneko gaietan. Ingurumen-interpretaziorako zentro honek jarduerari eutsi dio Udalak eta Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak sinatutako ondoz ondoko lankidetza-akordioei esker.

 

Hitzartutakoaren arabera, guztira, 360.000 euro banatuko dira 2015etik 2017ra bitartean; 120.000 euro urtean. Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak kopuru horren bi heren emango ditu Ingurugiro Etxeko ingurumen-museoaren gastuei aurre egiteko. Egibar baserria ere lagako du, euskal autonomia-administrazioaren jabetzakoa dena, zentroaren egoitza hartzen jarrai dezan.

 

Bestalde, Udalak gainerako herena emango du, museoaren administrazio- eta aurrekontu-kudeaketa bere gain hartuz. Zentroaren kudeaketa ikuskatuko du Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, Natura-inguruneko eta Ingurumen-plangintzako Zuzendaritzaren bidez.

 

Ingurugiro Etxea doan bisitatu dezakete helduek, aisialdiko ikastetxeek, emakumezkoek, zaharrek, eta bi bisita mota dago. Bisitaldi autogidatua, aukera ematen duena ezarritako ordutegian zentroa bakarka edo taldean bisitatzeko; bisita gidatua, lehendik zehaztu behar dena eta hezitzaileek taldeei zuzendutako programa didaktikoak kudeatzen dituztena.  Museoak, egun, 12 gai lantzen ditu 4 aretotan: 1. aretoa atmosferari, klima-aldaketari eta urari buruzkoa da. 2. aretoa biodibertsitateari buruzkoa da. 3. aretoa, berriz, demografiari, hiriei, arkitektura bioklimatikoari, hirigintza jasangarriari, energiari eta zaratari buruzkoa. 4. aretoan, hondakinak eta kontsumoa eta garapen jasangarria jorratzen dira.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @mirenepalacios
    2015.eko apirilak 22

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco renueva con Azpeitia el convenio del centro de interpretación ambiental Ingurugiro Etxea http://t.co/jYp5I3ZbkT

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)