Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak enpresa eta gazteentzako nazioartekotze-programak eta krisiak jotako enpresentzako laguntzak abiarazi ditu

2015.eko apirilak 21

Gobernu-kontseiluak bi nazioartekotze-programa onartu ditu, Global Lehian eta Global Training, eta 5,5 eta 3,2 milioi euroko aurrekontua esleitu die hurrenez hurren. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua hedabideen aurrean agertu da gobernuaren nazioartekotze-politikari lotutako bi programa horien berri emateko; orobat, krisiak jotako enpresak berregituratzeko eta birjaurtitzeko «Bideratu Berria» programaren kontu ere eman du.

BIDERATU BERRIA

Sailburuak honela deskribatu du Bideratu Berria programa: «krisiak jotako enpresa bati laguntzeko, Gobernuak abiarazi dezakeen azken tresna». Badira finantza-ahaleginak egindako zenbait enpresa txiki eta ertain, merkatua eta produktua dutenez lehiakorrak izan daitezkeenak, baina aldez aurreko ezbehar-egoera baten eraginak pairatzen dituztenak. Enpresa horiek dira, hain zuzen, programaren xede, eta programari 3 milioi euroko diru-kopurua esleitu zaio, industria eta finantza alorreko berregituratze- eta birjaurtitze-neurrietarako. Bideratu Berria programa Europako Zuzentarauei egokitzen zaie eta «berehala» izango da aplikagarri: hain zuzen, egun batzuk barru aldizkari ofizialean argitaratzen denean.   

GLOBAL LEHIAN

Gobernu Kontseiluak 5,2 milioi euroko aurrekontua duen Global Lehian nazioartekotze-programaren 2015eko deialdia onartu du. Helburua da Euskadin finkatutako enpresen lehiakortasunaren hobekuntza sustatzea, nazioartekotzearen bitartez. 

Arantxa Tapiak azaldu duenez, deialdi honetan arreta berezia eskaini zaio enpresen arteko lankidetzari; hala, diruz lagunduko den ehunekoari dagokionez, enpresentzat mesedegarria izango da nazioartekotzeko aliantzak eratzea. Izan ere, gehienez, egitasmoaren zenbatekoaren % 40 estaliko zaie bakarka doazen enpresei, eta % 50 arte, ordea, lankidetzan nazioartekotzen direnei. Ehuneko horiek errepikatuko dira, halaber, kanpo-merkataritzan eta nazioartekotutako enpresen kudeaketan adituak kontratatzen diren kasutan. Gobernuak sustatu nahi izan duen alderdi bat da hori ere. 

GLOBAL TRAINING BEKA

Orain bi hilabete deitu ziren prestakuntzarako eta kanpo-merkataritzan praktikak egiteko 100 nazioartekotze-bekei, atzerriko enpresetan eta erakundeetan 6 hilabeteko praktikaldiak egiteko 370 Global Training bekak gehitu behar zaizkie. Azken horiei, 3,2 milioi euroko diru-kopurua esleitu zaie. Bekak unibertsitateko eta goi-mailako lanbide heziketako tituludunentzat deitu dira. 

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak aste honetan zabalduko du Global Training bekak eskuratzeko interesa duten gazteak hautatuko dituzten erakunde eta enpresa laguntzaileak izendatzeko epea.

Arantxa Tapia sailburuak nazioarteko prestakuntza sustatzearen garrantzia nabarmendu nahi izan du; izan ere, Global Training beken bidez atzerriratutako gazteek, Euskadiratzean, nazioartekotze-prozesuan lagundu diezaiekete euskal enpresei. Tapiak azaldu duenez, nazioartekotzean prestatutako gazteak prestatzeko eta kontratatzeko ziklo horren fruitu da, hain zuzen, Global Lehian programan halako adituak kontratatzeko sustapena. 

LEGEBILTZARRA: ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN LEGEA

Bestelako gaiei dagokienez, eta hedabideek Administrazio Publikoko Legearen osoko zuzenketari buruz egindako galderei erantzunez, saileko bozeramaile eta sailburu Josu Erkorekak, gaur, adierazi du Administrazio Publikoaren modernizazioan aurrera egiteko egokiera dela Legea. Jaurlaritzak legebiltzarreko taldeekin negoziatzen jarraitzen du. 

ERTZAINTZAREN GREBARI BURUZKO SENTENTZIA

Bestalde, bozeramaileak neurri egokitzat jo du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Ertzaintzaren greba-eskubidearen aurka plazaratu berri duen sententzia, «egoera argitzeko balio duelako». Auzitegiak gaur jakitera eman duen epaiaren arabera, Ertzaintzaren greba-eskubidea debekatzea ez da «bidegabeko esku-sartze bat». Erkorekaren aburuz, erabakiak «gobernuaren jokabidea bermatzen du eta garbi uzten du debekua arrazoizkoa, bidezkoa eta beharrezkoa dela interes orokorra babesteko».

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki nagusiak (2015.04.21)

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @mgaranbarri
    2015.eko apirilak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @laboralempresas: El Gobierno Vasco pone en marcha Programas de internacionalización de empresas y jóvenes http://t.co/8hi85TprZD

  • @laboralempresas
    2015.eko apirilak 21

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco pone en marcha Programas de internacionalización de empresas y jóvenes http://t.co/8hi85TprZD

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)