Berriak Osasuna
Eu

2014-2015 EPE-aren oinarriak negoziatu, garapen profesionala berrabiatu, ordezkapen gehiago eta barne-mugikortasuna zein behin-behineko kontratazioa adostea eskaini die Osakidetzaren zuzendaritzak sindikatuei

2015.eko apirilak 20

Garu goizeko Mahai Sektorialean luzatu du Zuzendaritza Nagusiak  proposamen berri hau; aurrekontuen aldetik ahalegin bat suposatzen duenez, erantzukizuna eskatu die sindikatuei, akordio batera heltzeko

2014-2015eko EPEko oinarri orokorren aurkezpena, garapen profesionala berrindartzea aurtengo urriaren 1etik aurrera, langileen ordezkapenen inguruko akordio bat, barne-mugikortasunari buruzko akordio berria, behin-behinekotasunak kontratatzeko akordio  berria —II. Euskara Planean ezarritako lehentasunen araberakoa—, dira, besteak beste, Osakidetzaren Zuzendaritzak sindikatuei gaur goizean bertan luzatutako eskaintzaren edukirik garrantzitsuenak.

Hala eman du ezagutzera Osakidetzako Giza Baliabideetarako Zuzendari den Jose Maria Armentiak, Gasteizen burututako Mahai Sektorialaren bileraren ostean. Bertan, halaber, 2015eko plantilla handitzeari/finkatzeari, euskalduntzeari, derrigorrezko mugikortasunari buruzko akordioari eta aldi baterako kontratazioa hobetzeko neurriei buruz -baita arloari buruzko akordio berriaren negoziazioa ere- 2015eko otsailaren 18ko aurreko bileran egin zen eskaintza berretsi du Osakidetzaren Zuzendaritzak.

1.- ENPLEGU PUBLIKOKO ESKAINTZA. OINARRI OROKORRAK.-

2014-2015eko EPEren ondorioz Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan estatutu lotura finkoa eskuratzeko hautaketa prozesuak eraendu behar dituzten oinarri orokorren inguruan Osakidetzaren Zuzendaritzak egindako proposamenaren berritasun nagusien artean, honako hauek azpimarra litezke:

  • Hautaketa prozesuaren gardentasuna bermatzeko neurriak antolatzea.Alde horretatik, Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzak beharrezko baliabide teknikoak prestatuko ditu, eta Epaimahai Kalifikatzaileen dokumentuak, erabakiak edo akten laburpenak emango ditu, interesdunek alegatu dituzten merezimenduen balorazioaren xehetasunak jakin ahal izan ditzaten.
  • Neurri bermatzaile bat gehitu da, honako hau ahalbidetuko duena: destinoa hautatzeko aukera daukaten izangaien behin betiko zerrenda argitaratu baino lehen, izangaiek behin-behinean esleitutako puntuazioa berrikusteko eskatu ahal izatea.
  • Langileen ordezkari batek norberaren izenean parte hartzea Epaimahai Kalifikatzaileetan.

2.- GARAPEN PROFESIONALA BERRABIATZEA.-

Garapen profesionala berriro martxan jartzeko eskaintza aurkeztu da, honako helburu honekin: profesionalek kobratu ahal izatea karrerari dagozkion zenbatekoak 2015eko urriaren 1etik aurrera, Mahai Sektorialean adostu ondoren, nahiz eta hori ez den eragozpen izango izenpetzen duten sindikatuek lagungarri izan ditzaketen ekintzak beretzat gordetzeko.

3.- ORDEZKAPENAK ESTALTZEA.-

Lehen Mailako Arretaren esparruan, Osakidetzak konpromisoa hartuko du aldi baterako ezintasunagatik baja hartu duten langileen % 100 betetzeko, hurrengo egunetik hasita, osasun-txartelen gehieneko kupoa esleituta duten langileak badira, uda, Aste Santu eta Gabonetako oporraldiak izan ezik.

Arreta Espezializatuaren esparruan, ospitaleei dagokienez, % 100eko estaldura eskaini da txandaka lan egiten duten langileen ordezkapen premia guztietarako; kasu horretan ere, laugarren egunetik aurrera.

Aurrekoan bezalaxe, ordezkapenen prozedura hori ez da aplikagarria izango uda, Aste Santu eta Gabonetako oporraldietan. Bestalde, erizainek eta Erizaintzako laguntzaileek aldi baterako ezintasunagatik baja hartzen dutenean, guzti-guztiak beteko dira lehenengo egunetik honako Unitate hauetan:

  • Larrialdiak/ZIU.
  • Operazio-gelak.
  • Eguneko ospitalea.
  • Endoskopiak.
  • Neonatologia.

4.- BARNE-MUGIKORTASUNARI BURUZKO ERABAKIA.-

Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren aldi baterako zein behin betiko barne-mugikortasunari buruzko Erabakiaren zirriborroa -Osakidetzako zerbitzu erakundeen esparruan aplikatuko dena, gaur egun indarrean dauden eta bere garaian horiek sinatu zituzten aldeek berresten dituzten erabakiei eusteari kalterik egin gabe- ere aurkeztu da; hauetxek, beronen ezaugarri nagusiak:

  • Zerbitzu erakunde bakoitzaren barnean garatu beharreko barne-mugikortasunari buruzko bi prozesu arautu dira: aldi baterakoa eta behin betikoa.
  • Mugikortasun horizontaleko prozesua irekia eta iraunkorra izan ahalko da. Prozedura irekia eta iraunkorra ez dena adosten bada, erakunde bakoitzak deialdiak egokitu beharko ditu Administrazio Kontseiluaren Erabakian  ezarritakoaren arabera bidezkoak diren irizpideetara.
  • Mugikortasun horizontal bat esleitu ondoren, langileak urtebete eman beharko du, gutxienez, lanpostu berrian, titularra berriro laneratzeagatik adjudikazioduna lehenago lekualdatu ezean (aldi baterako mugikortasuna).
  • Oro har lanbide esperientziari eta euskarari buruzko irizpideei dagozkien baremoak hartuko dira kontuan, kategoria zehatzeko lekualdaketa orokorretarako azken lehiaketarako ezarri bezala.
  • Eskaerak aurkezteko epean eskaerarako edo hautatutako destinoetako baten baterako ukoak onartuko dira, baita behin betiko emaitza argitaratu baino lehen aurkeztutakoak ere.
  • Destino berriari atxiki ondoren, lanpostu berrian hilabete eman beharko da. Hori igaro eta gero, adjudikaziodunak berak bertan jarraitzeko ukoa aurkez dezake, edo Zuzendaritzak esleipen berri hori ezezta dezake. Dena den, bi kasuetan behar bezalako justifikazioa/txostena eman beharko da.
  • Nolanahi ere, Osakidetzako zerbitzu erakundeetan mugikortasunari buruz sinatutako Erabaki guztiak errespetatuko dira, baldin eta Erabaki berria onesten den unean indarrean badaude, bere garaian horiek sinatu zituzten aldeek berresten badituzte eta erabaki horiek erabaki berriko aurreikuspen berriei aurka egiten ez badiete.

5.- BEHIN-BEHINEKOTASUNEN KONTRATAZIOARI BURUZKO ERABAKIA, II. EUSKARA PLANEAN EZARRITAKO LEHENTASUNEN ARABERA.-

Gai honi buruzko testua aurkeztu du Osakidetzaren Zuzendaritzak, behin-behineko langileak kontratatzean jarraitu beharreko irizpideen gaineko akordioa finkatzeko. Osatu egin dira, gainera, Ente Publikoaren Administrazio Kontseiluaren 2011ko maiatzaren 9ko Erabakian berariaz jaso ez ziren zenbait irizpide. Erabakia lantzeko funtsezko arrazoia aldi baterako kontratazioan bi irizpide nagusi bateratzeko premia izan da. Alde batetik, zerbitzu-erakundeak behar dituzten langileekin hornitzeko premia, kalitatezko aldi baterako kontratazioaren bitartez, eta beste alde batetik, kontratazio horietan euskara jakitearen irizpidea sartzea eta errespetatzea.

Hona hemen idazki horretan jasotako ezaugarri nagusiak:

  • Erabakia aldi baterako izendapenetan aplikatu beharko da, baldin eta zerbitzuak dituen uneko premiengatik kasuan kasuko lan-lotura hori baldintza suntsiarazle bati lotuta badago edo baldintza jakinen arabera epemugapekoa bada. Beste modu batera esanda, berez lanpostua gordetzeko eskubidea ez dakarten edo egiturazko plantillako lanpostu bat betetzea ondorio ez duten langileen ordezkapenetarako izendapenetan.
  • Esandako izendapenetan, euskara jakin beharraren irizpidea, dagokion hizkuntza eskakizunarekin egiaztatzen dena, ondoko maila hauetako bakoitzerako ezartzen diren irizpideak kontuan hartuta bideratzen da:
  1. Lehentasunezko gisa sailkatu ez diren unitateak.
  2. Lehentasun handieneko gisa sailkatu diren unitateak.
  3. Haurren Arretarako Unitateak eta Ospitaleetako, Lehen Mailako Arretako eta ospitalez kanpoko Osasun Mentaleko Pediatriako Larrialdiak, edozein dela ere horiei esleitutako lehentasun maila.
  4. II. mailako lehentasunezko gisa sailkatutako unitateak.

6.- PLANTILLA HANDITZEA/FINKATZEA, 2015.-

2015erako Plantilla handitzeko/finkatzeko espediente bat abiarazteko konpromisoari eusten dio Osakidetzaren Zuzendaritzak. Hor sartuko dira Osakidetzak lehentasunezkotzat jotzen dituen langileen premiak, finkatu behar diren Zerbitzu eta Unitateak zeintzuk diren kontuan hartuta; guztira, 100 lanposturako.

7.- EUSKALDUNTZEA.-

Euskalduntzeari dagokionez, Osakidetzak konpromisoa hartzen du 2015. urterako % 50 inguruan handitzeko 5 orduz liberatuta egoteko baimenak (guztirako liberazioa), baita lanorduetatik kanpo euskalduntzeko jardueren finantzaketa ere.

8.- DERRIGORREZKO MUGIKORTASUNARI BURUZKO ERABAKIA.-

Derrigorrezko mugikortasunaren gainean sindikatuei aurkeztutako zirriborroaren testua negoziatu beharra azpimarratzen da, azken hilabeteetako mahai sektorialetan sindikatuen ekarpenekin osatutakoa. Hortik abiatuta sortuko da zerbitzu-erakundeetan oro har ezartzekoa izango den berariazko araudia.

9.- ALDI BATERAKO KONTRATAZIOA.-

Honen bidez, aldi baterako kontratazioa kontrolatzeko eta gardentasuna bermatzeko sistemei buruz azken mahai sektorialean egindako eskaintzari eusten dio Osakidetzaren Zuzendaritzak oraingoan ere. Sistema horiek ezarriz gero, errazagoa izango da egindako kontratuak kontrolatzea eta horien jarraipena egitea, eta bide batez berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta gardentasun-printzipioak bermatuko dira kontratazioetan. Honatx, eskaintzaren edukia, laburtuta:

  • Aldi baterako Kontratazio Erabaki berria negoziatzea, hurrengo EPE garatu aurretik zerrendak sortzeko eta kontratazioa kudeatzeko irizpideak finkatu ahal izateko.
  • Bitartekoen izendapenak lehenetsiko dira; betiere lanpostuaren baldintzek hala eskatzen dutenean.
  • Izendapenen kudeaketa eraginkorra egiten dela bermatzeko, dei sistema bat antolatuko da, bai Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzako Hautapen eta Horniketa Zerbitzuan, bai eta zerbitzu-erakunde bakoitzean ere.
  • Kontratazioetarako on-line sarbidea emateko sistemaren bideragarritasuna aztertuko da, sindikatuen eskura jartzeko –edo interesa duen edonoren eskura–. Horrela, eskaintza egiten den unetik bertatik jarraipena egin eta kontrolatu ahal izango dute, denbora errealean, hala erakundeetan egiten diren kontratazioen kasuan nola Zuzendaritza Nagusian egiten direnen kasuan.
  • Kontratazioen jarraipena egingo duen Batzorde Tekniko bat osatuko da Osakidetzaren eta izenpetzen duten sindikatuen artean, eta horrez gain, batzorde tekniko bana eratuko da zerbitzu-erakunde bakoitzean. Zuzendaritzako ordezkariak eta erakunde bakoitzeko langileen ordezkaritza-organoaren parte diren sindikatuen izenean ari direnak bilduko dira batzordeotan.
  • Era berean, Aldi Baterako Kontratazio Erabaki berria negoziatzeari ekin beharko zaio, hurrengo EPE garatu aurretik zerrendak sortzeko eta kontratazioa kudeatzeko irizpideak finkatzeko.

 

OHARRA.- Osakidetzaren eskaintzatik at, 2012ko abenduko aparteko ordainsariari dagokion zatia apirilean ordain dadin landutako Jarraibidearen berri eman da Mahai Sektorialean.

   

Vitoria-Gasteizen, 2015eko apirilaren 20a

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @djjacomenorato
    2015.eko apirilak 20

    Comentario de Twitter:
    Osakidetza ofrece a los sindicatos negociar las Bases de la OPE 2014-2015, reactivar el desarrollo ... http://t.co/UoG7wzr83g