Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Europar Batasunak «hoberenen artean bost hoberenetako» gisa saritu du Eusko Jaurlaritzak Txingudiko, Leako eta Urdaibaiko estuarioak lehengoratzen egindako lana

2015.eko apirilak 22
  • "Best of the Best" LIFE Nature/Information Projects Awards 2015
  • Txilka landare inbaditzailearen 570.000 sasitik gora kendu dira 780 hektareatan baino gehiagotan tratamenduak gauzatuz

 

Europako Batzordeak «hoberenen artean bost hoberenetako» gisa saritu du Eusko Jaurlaritzak, Txingudiko, Leako eta Urdaibaiko estuarioak lehengoratzeko asmoz, txilka landare inbaditzailea desagerrarazteko egindako lana eta prestatutako egitasmoa. Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik «LIFE Nature/Information Projects Awards 2015» saria jasoko du, Bruselan ekainaren 4an egingo den ekitaldi batean.

 Europako Batzordeko LIFE Nature Unit-eko Simon Gossek Eusko Jaurlaritzari baieztatu dionez, hauek dira Estuarioak proiektuarekin batera «Hoberenen artean hoberen» gisa hautatutako beste lau ekimenak: eguzki-arranoaren eta sakre belatzaren kontserbazioa Bulgariako Red Natura 2000 guneetan; Orsini sugegorriaren kontserbazioa Hungariako Karpatoetan; Errumaniako Ekialdeko Karpatoetan hartzak kontserbatzeko jardunbide egokiak, eta Thalassa, Greziako itsas-ugaztunak babesteko, haien inguruan hezteko eta haiei buruzko ezagutza jendarteratzeko kanpaina.

 Oregik adierazi du poz handiz izan duela Europako sariaren berri, batez ere, «oso altua delako oinarriak betetzeko eskatutako maila eta urteetan aritu garelako ekimena garatzen, ahalegin eta itxaropen handiz, bai gure teknikarien aldetik eta baita gurekin lan egiten duten beste administrazioko teknikarien aldetik ere. Garrantzitsuena emaitzak dira, eta horra hor Txingudi, Lea eta Urdaibai horren erakusgarri».

 Batzordeak gizarte-sareen bitartez beste sari bat deitzeko asmoa du; hain zuzen, «herritarren aukera»ko saria, bost egitasmoon artean Best of the Best, herritarren gogokoena», aukeratzeko. Oregi sailburuak aintzatespen-plaka bat eta akreditazio bat jasoko ditu Eusko Jaurlaritzaren izenean, eta egitasmoa liburuxka batean eta LIFEn webgunean jendarteratuko da. «Duela egun batzuk, jakinarazi zen Gesaltza Añanako biztanleek Europa Nostra saria jasoko zutela Gatz Harana lehengoratzen egindako lanagatik; gaur, beste albiste on bat izan dugu. Herrialde honetan gauza ugari egiten dugu ondo» adierazi du Oregik.

 Sariak banatzeko ekitaldia Bruselan egingo da, ekainaren 4an, osteguna, Aste Berdearen esparruan (ekainak 3-5), Batzordearen Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak antolatutako konferentzia-multzo baten barruan. Aurten, naturaren eta biodibertsitate-politikaren inguruko gaiak izango dira ekitaldiaren ardatz: «Natura: gure osasuna, gure aberastasuna».

 Europako Batzordeak Eusko Jaurlaritza Txingudi, Urdaibai eta Lean baccharis landare inbaditzailea desagerrarazteko egiten ari den lana aukeratu zuen bere LIFE programan, «2014n Europa osoan ebaluatutako 46 LIFE-Natura proiektuetatik 13 onenen arteko bat» gisa.

 

 INFO +

          LIFE Estuarioak proiektuak geldiarazi egin du Baccharis halimifoliaren zabalkundea euskal kostaldean

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak garaturiko eta  Europar Batasunak finantzaturiko LIFE Euskadiko Estuarioak proiektuak geldiarazi egin du Baccharis halimifolia landare inbaditzailea –chilca izenez ere ezaguna–  euskal kostaldean hedatzea, Urdaibaiko, Leako eta Txingudiko estuarioetako 780tik gora hektareatan eginiko eliminazio-tratamenduei esker. Guztira espezie inbaditzailearen 570.000 zuhaixka tratatu dira eta 5 milioi plantula kendu dira eskuz; horri esker, Batasun-mailako intereseko 300 hektarea inguru habitat hobeto dira ingurumenaren aldetik.

 LIFE Estuarioak proiektuak bere lau urteko ibilbidean lorturiko emaitzak biodibertsitatearen arloko ehun bat profesionalei aurkeztuko zaizkie bihar Euskadiko Biodibertsitate Zentroan, Busturian (Bizkaia), Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendari Amaia Barredok inauguraturiko jardunaldi tekniko batean.

«Bertakoak ez diren espezieak lurralde berrietara ekartzen direnean, nahita edo nahi gabe, ingurumen-inpaktua oso handia izan daiteke, baita inpaktu ekonomikoa eta soziala ere. Europar Batasunaren kasuan, urteko 12.000 milioi eurotan baloratu dira eragin horiek», adierazi du Barredok.

Natura Ingurunearen zuzendariak nabarmendu duenez, espezie inbaditzaileak ekartzeak eragin negatiboak izan ditzake, esaterako «gizakiei gaixotasunak transmititzea, biodibertsitatea galtzea, baita tokiko espezieak desagerraraztea ere. Horren adibide dira bisoi europarraren kontserbazio arazoak, amerikarraren lehiaren ondorioz, edo estuarioetako habitaten hondatzea eta galera, Baccharis halimifoliaren okupazioa dela-eta. Euskadiko estuarioak leheneratzeko LIFE proiektuari esker, ihitokiak, larre gaziak eta lezkadiak berreskuratu ahal izan dira, guztiak ere habitat garrantzitsuak hegazti-espezie babestuek habiak egiteko», zehaztu du Amaia Barredok.

Edozein espezie inbaditzaile behar bezala eliminatzea lortzeko gakoetako bat hark bere inbasio-tresnak martxan jartzea eragoztea da. Baccharis halimifolia espeziearen kasuan tresna horiek hazi-ekoizpen handia, ernaberritzeko gaitasuna eta hazkunde azkarra dira. Planteamendu hori oinarri hartuta hasi ziren 2011n LIFE proiektuaren lanak. Une horretan, eraginik handiena jasotako eremuari eman zitzaion lehentasuna: Urdaibai. Lehenengo urtean landare helduak zituzten 200 hektarea inguru tratatu ziren estuario horretan, eta 80 hektarea plantula erauzi ziren eskuz. Hurrengo bi urteetan, Urdaibain chilca ernaberritutako lekuetan lan egiten jarraitzeaz gain, Lean eta Txingudin ekin zitzaien lanei.

Guztira 780 hektarea gordinetan egin dira basoko lanak, eta, kalkuluen arabera, 570.000 landare heldu deuseztatu dira, eta 75 cm-ra arteko bost milioi plantula erauzi dira eskuz. Lanak urte osoan egin dira, urtaro bakoitzean egokienak ziren metodologiak txandakatuta eta, bai neguan, bai udan, baldintza-meteorologiko oso txarrei aurre eginda, baita itsasaldiei, paduretako irisgarritasun-zailtasunei eta abarri ere, eta, betiere, espezie babestuen ziklo biologikoak errespetatuta.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @JGorbena
    2015.eko apirilak 22

    Comentario de Twitter:
    El trabajo del Gobierno Vasco en la recuperación de los estuarios de Txingudi, Lea y Urdaibai, premiado por la UE. http://t.co/fMSPxmMQVk

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)