Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Arriola Sailburuak hasiera eman die Donostialdean egongo den Metroko Lasarte-Errekalde zatia bikoizteko lanei

2010.eko uztailak 01

Iñaki Arriola, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburua, Donostialdean egongo den Metroko Lasarte-Errekalde zatia bikoizteko lanen lehen harria jartzeko ekitaldiko buru izan da. Lanak 9.525.909,94 euroko aurrekontua du, eta burutzapenerako epea 18 hilabetekoa izango  da.

Ekitaldia Lasarteko merkantzien terminalean burutu da, eta bertan hartu dute parte, besteak beste, Donostiako eta Lasarteko Udaletako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Euskal Trenbide Sareko eta Euskotreneko ordezkariek.

Jarduketaren xedea, 1.700 metro luze izango den trenbide zatia bikoiztea da, Lasarteko trenbide zabalgunearen eta Errekaldeko geltokiaren artean. Zati hori Bilbo/Donostia linea barruan dago gaur egun.

Planteatu den proiektuaren barruan sartuko dira, Lasarteko trenbide zabalgunearen aurretik dagoen N-634 errepidearen azpiko igarobidearen eta Errekaldeko geltokiaren arteko zatiaren bikoizketa lana, bazterbidea, bobinak kargatzeko eta deskargatzeko maniobrak errazteko trenbide zabalgune berria, eta gaur egungo Errekaldeko geltokia berriztatzeko lanak.

Geltoki berriak erabilerraztasuna hobetuko du, igogailuek sarrerako eta irteerako ate independenteak izango dituztelako. Une honetan bertan dagoen nasa luzatu egingo da, eta markesina bat izango du, bidaiariak babesteko. Diseinua bat etorriko da azken urteetan egin diren eta etorkizunean Donostialdeko Metroak izango dituen geltokien estetikarekin.

Aurreikusitako trenbide bikoizketaren zati nagusia egungo trenbidearen paraleloan joango da, 800 metroko saihesbidea barne. Bateragarria izango da Herreratik Lasarteko trenbide zabalgunearen hasiera artean existitzen den eta trenbide bikoitza luzatzeko aukera emango duen adarrarekin, Lasarte Oriarekin lotuko duenarekin, alegia.

Aurreikusitako jarduketaren barruan mea tunel baten burutzapena sartzen da (Irubideko tunela). Tunel hori 258 metro izango da luze, eta 242 metroko luzera izango duen tunel faltsuan luzatuko da. Tunel faltsu hori Irubideko lotura osatzen duten bideen eta Añorga errekaren azpitik joango da.

Donostialdeko Metroa

Donostialdeko Metroa, Iñaki Arriolak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak bultzaturiko ekimena da, eta, 712 milioi euroko inbertsioaren bitartez, geltoki berriak aurreikusten ditu Errekalden, Añorgan, Ibaetako Unibertsitate Campusean, Ondarretan, Erdialdean, Errondon, Loiolan, Loiolako Erriberetan, Intxaurrondon, Herreran, Altzan, Pasaian, Fanderian, Oiartzunen, Aireportuan eta Hondarribian.

Gaur egun burutzapen fasean daude Errekalde-Añorga, Loiola-Herrera eta Fanderia-Oiartzun zatien bikoizketa lanak. Halaber, beste zenbait lan ere ari dira egiten: metroak, Donostia erdialdetik igarotzean, izango duen trazatua zehaztuko duen informazio azterlana; Amara-Anoeta zatia lur azpian sartzea; Loiolako Erriberetako intermodala; eta Hondarribira helduko den adarra.

Idazketa prozesuan dago, baita ere, Altzako informazio azterlana. Azterlan horretan sartzen dira Herrera eta Galtzaraborda arteko bikoizketa lanak eta Altzako eta Pasaiako geltoki berriak.

Metroa martxan jartzearen ondorioz, gaur egun "Topoaren" zerbitzua jasotzen duten 7 milioi pertsonatatik, 25 milioi pertsona ingurura pasatuko da. Donostialdeko metroak zerbitzu zuzena eskainiko dio Gipuzkoako biztanleen %65 inguruari eta RENFEren Aldirietako Sarearekin bat egingo duen Loiolako Erriberetako interkonektoreari esker, Gipuzkoako biztanleen %80k eskura izango du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburua