
Jaurlaritzak doako justizia eskuratzeko aukera emango dio kalteberatasun bereziko egoeran dauden 19.000 pertsonari
- Horietatik, 4.200 indarkeria matxista jasan duten emakumeak dira. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Abokatuen Elkarteetako 15 profesionalek haiei arreta emateko txanda espezializatu batean lan egiten dute.
- Gainera, Zaballa-Langraiz Okako, Martuteneko eta Basauriko espetxeetan 5.000 lege-laguntza egingo dira.
Eusko Jaurlaritzak 14,5 milioi euro inbertituko ditu 2015ean, kalteberatasun bereziko egoeran dauden pertsonek Euskadin doako justizia eskuratu ahal izatea finantzatzeko. 2014 urtearen aldean, aurten, %5,3 hazi da horretara bideratutako kopurua. Eusko Jaurlaritzak dagoeneko onartu du lehenengo gastua: 10.897.745 euro, hain zuzen ere. Euskadiko abokatuen eta prokuradoreen elkargo profesionalei hasi zaie jada ordaintzen. Honela banatuko da dirua:
BANAKETA TAULA
|
GUZTIRA |
Arabako Abokatuen Elkartea |
1.905.186,54 € |
Gipuzkoako Abokatuen Elkargoa |
3.211.300,61 € |
Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkuna |
5.257.087,20 € |
Arabako Prokuradoreen Elkargoa |
103.447,55 € |
Gipuzkoako Prokuradoreen Elkargoa |
127.906,14 € |
Bizkaiko Prokuradoreen Elkargoa |
292.816,96 € |
GUZTIRA |
10.897.745 € |
Aurten ere, Eusko Jaurlaritzak finantzatuko ditu hiru lurralde historikoetako abokatuen eta prokuradoreen elkargo profesionalek ofizioko zein guardiako ondoko zerbitzu hauetan gauzatutako jarduera guztiak:
- Baliabide ekonomikorik ez duten eta ondorioz Doako Justiziarako eskubidea duten inputatu, atxilotu edo espetxeratu guztiei zuzenbide-arreta ematekoak.
- Babes berezia behar duten kolektiboak izateagatik Doako Laguntza Juridikoko txanda espezializatuak behar dituzten pertsona guztiei laguntza juridikoa ematekoak: genero-indarkeria, sexu-erasoak, etxe barruko indarkeria, terrorismoaren biktimak, adingabeak, atzerritartasuna, tratu txar edo abusuaren biktima izan diren ezgaitu psikikoak...
- Orientazio Juridikoko Zerbitzuen (OJZ) funtzionamendu-gastuak finantzatzekoak: zerbitzuok Euskadiko Justizia Jauregietan eta espetxeetan eskaintzen dira, prozesu judizialaren aurretik doako aholkularitza eta orientazioa emateko.
2015EKO JARDUEREN PLANGINTZA
Jaurlaritzaren gutxi gorabeherako zenbatespenen arabera, 2015ean:
- Jaurlaritzak doako laguntza juridikoa finantzatuko dio 18.960 pertsonari.
- Horietatik, 4.200 genero-indarkeria edota sexu-erasoak jaso dituzten emakumeak izango dira. Abokatuen elkargoek arreta emateko 8 profesional titular dituzte txanda berezi horretan, eta beste 7 behar izanez gero zerbitzua indartzeko: 4 titular Bizkaian, eta beste 3 zerbitzua indartzeko; 3 titular Gipuzkoan, eta beste 2 zerbitzua indartzeko; eta azkenik, titular bat Araban, eta beste 2 zerbitzua indartzeko.
- Euskadiko espetxeetan 5.000 lege-laguntza eskainiko dira. Hala, Arabako Abokatuen elkarteak astegunero bi ordu ematen ditu Zaballa-Langraiz Okako espetxean, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko kideak Martuteneko espetxera joaten dira astearte eta ostiraletan, eta Bizkaiko abokatuen elkarteak, bi ordu ematen dituzte astegunero Basauriko espetxean dauden presoei arreta ematen.