Bilbok zientziaren eta enpresaren munduko komunitatea hartu du Neutroien Iturria izeneko egitasmo europarra bultzatzeko
ESS Bilbaok, Suedian egongo den eta Europako handiena izango den Espalazio Iturriari laguntzeko erakunde publikoak, jardunaldi bat prestatu du enpresek proiektuan parte-har dezaten sustatzeko.
ESS Industry Day jardunaldia EHUren Bilboko Paraninfoan antolatu da. Han izan dira, besteak beste: Eusko Jaurlaritza, ESS Bilbao-ko kidea bera, Cristina Uriarte sailburuak ordezkaturik; Espainiako Gobernua, I+G+Bko estatu-idazkari den Carmen Velak ordezkaturik; ESS Bilbaoko zuzendari exekutiboa, eta James Yeck, ESS egitasmoaren zuzendari orokorra.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek azpimarratu du oso garrantzitsua dela euskal enpresa eta industriek Neutroi Iturria eraikitzen parte-hartzea. Uriartek nabarmendu duenez, «ESS Bilbao finkatutako errealitatea da» eta Euskadiko zientzia- eta teknologia-komunitatea garatzen lagunduko du, «lana ekarriko baitie euskal zientzialari eta enpresei, non eta etorkizun handiko esparru batean: azeleragailuenean».
Sailburuak azaldu du jardunaldian 50 enpresa eta erakundetik gora elkartuko direla ESSren eta Euskadiko industriagintzaren arteko lankidetza-aukera berriak aztertzeko. «ESS Industry Day Europan hurrengo hamarkadetan egongo den zientzia-egitasmo garrantzitsuenetako baten dimentsioa ezagutarazteko asmoz jaio da» jakinarazi du Uriartek.
Zer da ESS Bilbao?
ESS Bilbao bi administrazio publikok % 50ean partaidetutako partzuergoa da: batetik, Eusko Jaurlaritzak eta, bestetik, Espainiako Gobernuak. Bi administraziook 90 milioiko aurrekontua bideratu diote hemendik eta 2025era arte ESS Bilbao egitasmoari, bideragarria izan dadin eta kategoria zientifiko eta teknologikoa izan dezan. Bada, ESS Bilbao Lund-eko (Suedia) Neutroi Iturria eraikiko duen ESS sarearen parte da.
Beraz, ESS Bilbao zentro estrategiko bat da, teknologia eta balio erantsia dakarkiona Europako Neutroi Iturriaren egitasmoari, eta nazioartean erreferentzia-puntua dena neutroi-teknologiei dagokienez.