Berriak Segurtasuna

Bost polizia-indar desberdinetako profesionalek polizia-negoziazioaren zereginaren inguruan dituzten ideiak eta ikusmoldeak partekatuko dituzte

2015-04-15

Mossos d'Esquadrako, Polizia Nazionaleko, Guardia Zibileko, Argentinako Poliziako eta FBIko zenbait adituk beren bizipenak kontatuko dituzte «Parez Pare» jardunaldian. Moderatzaile-lanak Ertzaintzaren Esku-hartze Unitateko buruak beteko ditu

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak polizia negoziatzaileen inguruan antolatu ditu biharko IV. Parez Pare Jardunaldiak: hau da, bahiketei, bahitudun lapurretei, estortsioei, suizidio saiakerei eta bestelako muturreko egoerei —gatazken bitartekaritza egin eta irtenbidea bilatzeko, tentsioa, emozioa eta estresa kontrolatu behar direneko egoerei— aurre egiteko ardura duten espezialisten inguruan.

Aurtengo prestakuntza saioa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrenak eta Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak inauguratuko dute. Bertan, segurtasun-indar hauetako polizia-adituak egongo dira: FBIkoak, Argentinako Poliziakoak, Guardia Zibilekoak, Mossos d'Esquadrakoak eta Polizia Nazionalekoak.

Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak adierazi duenez: «Jardunaldi honetan polizia-indar horiek ikuspegi orokor bat eskainiko digute, eta horri esker, hurbilagotik eta profesionalen ikuspuntutik ezagutuko ahalko dugu polizia-negoziazioen mundua. Orobat lagunduko digu agerian jartzen zein abantailatsua den profesional batzuk edukitzea, hitzez aurre egin diezaioketenak irtenbide negoziatuekin konpon daitezkeen ekintza-sortei».

Ertzaintzaren Esku-hartzeko unitateburuak, Edorta Menendezek, jardunaldiaren moderatzaile-lanak egingo ditu. Enric Martínezek, Mossos d'Esquadrako Bahiketa eta Estortsio Unitate Zentralaren buruak, jardunaldiari hasiera emango dio txosten honekin: «Polizia-negoziazioak Mossos d'Esquadraren ikuspuntutik».

Ernesto Santamaríak, ASCASEPP - Polizia Prozeduren presidente fundatzaile eta nazioarteko gaikuntza-zuzendariak, «Polizia eta XXI. mendeko negoziazioa» izeneko hitzaldia emango du.

Atsedenaldi labur baten ostean, Alberto Carba inspektore buruak, Polizia Nazionalaren Bahiketa eta Estortsio Saileko buruzagiak, polizia-negoziazioei buruz Polizia Nazionalak duen ikuspegia partekatuko du. Aldiz, Guardia Zibilaren negoziazio-ikuspuntuaren berri emateaz Angel Ruiz Murtziako Guardia Zibileko Psikologiako kabineteburua arduratuko da.

Jardunaldiari amaiera Matt Collierek emango dio. FBIaren atxiki juridiko laguntzailea da AEBek Espainian duten Enbaxadan, eta Ikerketa Bulego Federalak (FBI) polizia-negoziazioei buruz duen ikuspuntua azalduko du.

Iruzkin bat
  • @rgartzia
    2015-04-18

    Comentario de Twitter:
    Bost polizia-indar desberdinetako profesionalek polizia-negoziazioaren zereginaren inguruan dituzten ideiak eta... http://t.co/yzqqrHb0vz

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan