Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Euskadi-Basque Country Bandera Malagara iritsi da andaluziarren artean Euskadi helmuga turistiko gisa indartzera

2015.eko apirilak 15

Hamabi traineru hoberenak Mediterraneoan irekiko dute liga berriro

 

  • Datorren ekainaren 28an, La Malaguetako hondartzak hartuko du Estatuko traineru-txapelketa garrantzitsuena den San Miguel Ligaren hasiera. Txapelketak, gainera, Andaluzian Euskadiko turismoa sustatzeko balioko du.
  • Euskadi bisitatzera datozen andaluziar kopurua % 45 hazi da azken bosturtekoan; hala, euskal turismorako lehentasunezko merkatu gisa kokatu dira Estatu barruan, madrildarren eta kataluniarren atzetik.

Traineruen San Miguel Liga Mediterraneoan hasiko da aurten ere; hain zuzen, Malagan, ekainaren 28an, III. Euskadi Basque Country Banderaren lehiaketarekin. Hala, Basquetour eta ACT-ren eskutik, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko turismoa lehentasunezko merkatuetan sustatzeko jarduera bat darama aurrera, euskal tradizioari eta kulturari —alegia, Basque Style-ari— lotutako kirol horren edertasuna duela bide.

Estropada horrekin, la Caixa Koroa irabazteko lehia hasiko da. Horrenbestez, Malagako kostaldera joango zaizkigu 12 traineru onenak, 2013an Urdaibai Umpro Avia talde bizkaitarrak eta iaz Orio Babyautok etxera eraman zuten bandera eskuratzeko norgehiagokan.

Euskadiko turismorako erreferente nagusi da oraindik Estatuko merkatua eta krisialdiak kaltetu egin badu ere, Eusko Jaurlaritzak gaur egun nabaritzen den susperraldia sendotu nahi du. Horretarako, sustapen-jarduerak garatu ditu hala Bartzelonan nola Madrilen, azoka espezifikoekin; izan ere, lehenengo eta bigarren erkidegoak dira bisitari kopuruari dagokionez. Horregatik, Bartzelona aukeratu zen I. eta II. Euskadi Basque Country Banderak ospatzeko.

Gaur egun, Andaluziatik datozen bidaiari kopuruaren gorakada dela-eta — % 45,2 hazi baita azken bosturtean—, Eusko Jaurlaritzak jo du iritsi dela Andaluzian Euskadi-Basque Country Banderaren moduko sustapen-ekitaldi garrantzitsu bat antolatzeko unea.

Izan ere, Andaluzia Estatuko 4. merkatua da: Euskadira sartzen diren turista guztien % 6,5 andaluziarrak dira. Lehen postuan, euskaldunek berek Euskadi barruan eragindako mugimendua dago, barne-turismoak guztizkoaren % 22,4 hartzen baitu; ondoren, Madril (% 21,4) eta Katalunia (% 14,5) datoz.

Nazioarteko merkatuak hartzen baditugu aintzat, ordea, Andaluzia 5. da bisitari-kopuruari dagokionez, zeren eta Euskadin erregistratzen diren bisitari guztien % 15,2 Frantziatik dator.

*Kirol-ekitaldiari buruzko informazio gehiago, ACTren oharrean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)