Berriak
Eu

Indarkeria matxistaren aurreko emakumeen erresistentzia Asian eta Afrikan, Garapenerako Estrategia Positiboen x. Jardunaldien ardatz

2015.eko apirilak 14
  • Eusko Jaurlaritzak, Elankidetza-Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziaren bitartez, eta Bilboko Udalak Garapen Estrategia Positiboei buruzko X. Jardunaldiak antolatu dituzte aste honetarako. Aurten, Afrika eta Asiako emakumeen elkarteek indarkeria matxistaren aurrean izandako esperientzien inguruan izango da.
  • Nazio Batuen datuen arabera, munduko emakumeen % 70ek ere jasaten du indarkeria bere bizitzan zehar.
  • Jardunaldia Bilbon egingo da, Bizkaia Aretoan (EHU). Apirilaren 16ean, osteguna, Paul Ortega Elankidetzako zuzendariak eta Oihane Agirregoitia berdintasuneko zinegotziak jardunaldiei hasiera emango diete goizeko 10:00etan.
  • Afrikako eta Asiako testuinguruetan indarkeria matxistaren aurka borrokatzen diren elkarteetako ordezkariak eta pertsona ospetsuak parte hartuko dute.

Bilbo, 2015eko apirilaren 14a. Elankidetza-Eusko Jaurlaritzako Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziak eta Bilboko Udalak Garapen Estrategia Positiboei buruzko X. Jardunaldiak antolatu dituzte aste honetarako Bilbon. Aurtengo izenburua hau da: «Emakumeak Erresistentzian: indarkeria matxistaren aurkako bizipenak Afrikan eta Asian».

Jardunaldia Bilbon egingo da, apirilaren 16an, EHUko Bizkaia Aretoan (Baroja aretoa). Apirilaren 16an, 10:00etan, Paul Ortega Elankidetzako zuzendariak eta Oihane Agirregoitia Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Saileko Bilboko zinegotziak hasiera emango diote jardunaldiari.

Garapen Estrategia Positiboei buruzko X. Jardunaldietan, emakumeen aurkako indarkeria-agerpen espezifikoen gaineko gogoeta egin nahi da; zehazkiago, Afrikako eta Asiako testuinguruetan eragiten den indarkeriaren gainekoa. Helburua da emakumeek testuinguru horietan bizi dituzten errealitateak ezagutaraztea, eta emakumeen aldeko erakundeek zein erakunde feministek emakumeen aurkako egiturazko indarkeriari aurre egiteko gauzatzen duten borroka ikusaraztea.

Jardunaldietan hiru gai nagusi jorratuko dira:

- Indarkeria, emakumeek espazio publikoan aske mugitzea eragozteko estrategia gisa. Alor honetako hitzaldiak Amal Khreishehek, Palestinian Working Women Society for Development elkarteko kideak, eta Leire Lasak, CEAR Euskadiko Eragin eta Parte-hartze Saileko arduradunak, emango dituzte.

- Sexu-indarkeria, arma politiko eta gerrarako arma gisa. Caddy Adzuba, Association des Femmes des Médias du Sud Kivu elkarteko (Kongoko Errepublika Demokratikoa) kideak emango du gaiari buruzko hitzaldia.

- Kultura, dominazio patriarkala eta emakumeen aurkako indarkeria eragiteko tresna gisa. Emakume hauek hitz egingo dute gaiari buruz: Sophia Abdi Noor-ek, Kenyako 10. Parlamentuko kideak; Fátima Djarrak, «Afrikako Lorea» Emakume Afrikarren Elkarteko kideak, eta Neelavally-k, Indiako Initiatives: Women in Develpment ekimeneko partaideak.

Nazio Batuen datuen arabera, munduko emakumeen % 70ek ere jasaten du indarkeria bere bizitzan zehar. Datu horrekin, jardunaldiek abiapuntu gisa hartzen dute emakumeen aurkako indarkeria egiturazko fenomeno sistemikotzat jotzen duen ikusmoldea. Fenomeno hori ez zaio kultura, eskualde edo herrialde jakin bati mugatzen; aitzitik, erro bera du guztietan: hain zuzen, bi sexuen arteko botere-harreman desberdinak legitimatzen dituzten balio androzentrikoak.

Jardunaldiek zabaldu nahi duten mezua hau da: emakumeek indarkeria matxistari emandako erantzuna antolatua eta feminista izan behar duela, eta emakumeak biktima gisa hartzen dituen ikusmoldetik urrundu behar dela. Oinarri horrekin, jardunaldiek helburu hirukoitza dute:

- Giltzarriak ezartzea emakumeen aurkako indarkeria emakumeen askatasunak eta eskubideak mugatzen dituen estrategia globalizatu gisa ulertzeko.

- Emakumeen, emakumeen aldeko erakundeen eta erakunde feministen borroka-bizipenak ikusaraztea eta aztertzea nola eragiten duten emakumeen ahalduntze-prozesuen gain.

- Ezagutza, trukaketa eta eraikuntza kolektiboko gune bat sortzea, aukera emango duena Afrikako, Asiako eta Euskadiko proposamen feministen arteko aliantzak eraikitzeko, eta non euskal garapen-lankidetza eragile aktibo bat izan baitaitekeen.

Jardunaldiak pertsona hauei daude zuzenduak: garapenerako lankidetzaren esparruan aritzen diren eragileak, emakume-elkarteak eta elkarte feministak, indarkeria matxistaren alorrean diharduten elkarteak eta planteatutako gaiei buruzko interesa duten pertsonak, oro har.

Izena emateko, idatzi helbide honetara: jornadasempoderamientobilbao@gmail.es

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)