Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak ez du premiazkotzat jo kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko lege proposamena. (2015-04-14(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko apirilak 14

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak gogora ekarri du gaiaren gaineko euskal araudia, indarrean baitago eta ez zaharkituta, ezta gaindituta ere. Hortaz, eraginkorragoa iruditzen zaio betearazpen mailakatua sustatzea lege berriak sortzea baino.
Gainera, ekimenak ez dakar hobekuntza nabarmenik bat ere indarreko araudiaren aldean. Horrenbestez, Jaurlaritzak botere publikoen eta kontsumo-sektoreko enpresen arteko lankidetza sendotzearen alde egingo du.
Jaurlaritza ez dator bat ekimenak proposatzen duen zehapen-erregimenarekin, ez delako eraginkorrena, ez eta kontsumo-alorrean euskara gehiago erabiltzeko motibagarria ere, gure errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuta.

Gobernu Kontseilua EH Bildu legebiltzar-taldeak proposatutako Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideen eta sektoreko betekizunen lege-proposamena aintzat hartzearen aurka agertu da.

Lehenik, Eusko Jaurlaritzaren iritzian, ekimena ez da beharrezkoa, Euskadik dagoeneko indarreko araudi nahikoa duelako (*) kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubidea aitortu eta bermatzeari dagokionez, eta araudia ez dagoelako zaharkituta, ezta gaindituta ere, egungo errealitate soziolinguistikoan. Alde horretatik, Jaurlaritzaren ustez, eraginkorragoa da indarreko araudia modu mailakatuan betearazteko bitartekoak diseinatzea lege berriak orain sortzea baino.

Gainera, ekimen legegile horrek ez du ekarpen nabarmenik egiten indarreko araudiaren aldean. Esaterako, Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua sortzea proposatzen du, baina zigilu hori 2008an sortu zen; Bikain, Hizkuntza Konpromisoaren eta Hizkuntza-kudeaketako Kalitatearen Ziurtagiria.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren aburuz, lege-proposamenak dakarren zehapen-erregimena, batetik, arbitrarioa da sektore jakin batzuetan -garraioan, establezimendu kolektiboetan, etab.- baizik ez dituelako aurreikusten 6.000 euroko isunak. Bestetik, zehapen-erregimenak ez dira tresna eraginkorrenak egun, ez euskara sustatzeko pizgarri bikainena kontsumoaren esparruan, ezta kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak egiaz gauzatzeko bitarteko ona ere. Hala bada, Eusko Jaurlaritzak inplikazioaren, adostasunaren eta botere publikoen eta kontsumo-sektoreko enpresen artean lankidetza sustatzearen alde egingo du apustu.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak uste du hizkuntza-normalizazioa lortzeko egiaz eraginkorra dena euskara sustatzeko politikak zeharkakoak izatea dela, eta esparru guztietako arauek gai horri tartea eskaintzea, ez, jakina, proposatutakoaren moduko lege esklusiboak onartzea.

(*) 6/2003 Legea, abenduaren 22koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzkoa (otsailaren 9ko 2/2012 Legeak aldatua).
(*) 123/2008 Dekretua, uztailaren 1ekoa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza-eskubideei buruzkoa (uztailaren 20ko 204/2010 Dekretuak aldatua).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau