Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Unibertsitateko 2006. urteko graduatuen %80 beren prestakuntza mailari dagokion lanpostuak aurkitu dituzte

2010.eko uztailak 01

  Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak aurkeztu ditu gaur goizean Gasteizen 2006an lizentziatu ziren euskal unibertsitate-ikasleen laneratze-mailari buruz euskal autonomia erkidegoan egindako azterlan aitzindari baten emaitzak. Enplegu Sailaren mendeko EGAILAN Sozietate Publikoaren Lan Merkatuaren Behatokiak egindako entsegu bat da. Aurretik egindako azterlanek ez bezala, hiru euskal unibertsitateen (EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragón Unibertsitatea) datu bateratuak biltzen ditu.

2006ko promozioko tituludunei dagokien Bizitza Aktiboan Sartzeari buruzko Azterlana osatzeko, urte horretan autonomia-erkidegoko hiru unibertsitateen arteko batean graduaturiko 10.805 lizentziaturen iritzia bildu zen. 2006ko promozioaren lagina 2009ko azarotik 2010eko urtarrilera bitarte elkarrizketatu zuten eta 78 titulaziotan graduaturiko pertsonak biltzen ditu (7.729 UPV/EHUn, 2.222 Deustuko Unibertsitatean eta 854 Mondragón Unibertsitatean). Horietatik % 59 emakumeak dira eta % 41 gizonak, azken hamarkada osoan mantentzen den proportzioa, Euskal Estatistika Erakundearen (EUSTAT) arabera.

2006ko promozioaren bizitza aktiboan sartzeari buruzko azterlanaren datuek argi eta garbi adierazten dute 2008ko azken hiruhilekotik EAEn gertatzen ari den atzeraldiaren eta enplegu-suntsipenaren hasiera. Izan ere, oraindik ere hazkundekoa zen eta igurikimen onak zituen etapan atera zen lan-merkatura urte hartan lizentziatu zen promozioa, krisialdiak EAE bete-betean harrapatu baino urte eta erdi eskas lehenago.

Datu garrantzitsuenen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

  • Enplegu-tasa % 80,2koa da.
  • Jarduera-tasa % 92,4koa da. Hau da, hamar lizentziatutik bederatzik lan-bilaketari ekin zioten unibertsitate-titulua lortu bezain laster.
  • Ondo kokatutako enplegua % 89ra arte hazi da, 2001eko datua (daukagun lehenengoa) baino 17 puntu gorago.
  • Nabarmenki hazi da unibertsitate-titulua eskatzen den enplegua (% 85), eta unibertsitate-prestakuntzari lotutako egitekoak dituena (% 80).
  • Enplegu egonkorra % 55 da, gutizkoaren gainean.
  • Norberaren kontura lan egiten duten herritarrak (langile autonomoak, enplegu-emailea eta kooperatibista bazkidea) alde batera utzita, kontratu finkoa duten soldatapekoek haien pisu erlatiboa handitu dute, eta soldatapekoen erdia baino gehixeago dira (% 52).
  • Jarduera ekonomikoko sektoreetan gizonek eta emakumeek duten banaketa desberdina eta krisialdiak industria-sektorearen eta eraikuntza-sektorearen enpleguaren gain duen eragin handiagoa direla-eta, lehen aldiz, azterturiko promozioak hartuta, emakumeek gizonek baino enpleguko tasa global handiagoak dituzte (% 81,6 batetik eta % 78 bestetik) eta langabezia-maila txikiagoa (% 12,3 batetik eta % 15 bestetik).

Euskal unibertsitate-ikasleen laneratze-maila handiak "enplegu kualifikatuagoek krisialdiaren ondorioei hobeto eusten dietela berresten du" azpimarratu du Gemma Zabaleta sailburuak Nabaria da enpresek lehen enplegu-murrizketak aurre-erretiroetarantz, aldi baterako postuetarantz eta gutxien kualifikaturiko postuetarantz bideratzen dituztela, eta hori horrela, iraizpenek prestakuntza gutxiagoko enpleguetan izan duten intzidentzia handiagoa lagungarria gertatuko zen gainerako enpleguaren adierazleetako hobekuntzan ere.

 2006ko promozioak okupaturiko enpleguen kalitate-adierazleek bilakaera positiboari eusten diote, orain arte izandakoa baino erritmo handiagoan ere bai. Aurreko promozioei eginiko jarraipenean doikuntza gero eta handiagoa ikusten zen unibertsitate-ikasleen prestakuntza mailaren eta okupaturiko lanpostuari loturiko prestakuntza-mailaren artean. Joera horrekin batera goi-prestakuntzako okupazioan gero eta presentzia handiagoa izan da Euskadiko okupazioen guztizkoaren gain. Ildo horretan, Gemma Zabaleta sailburuak adierazi duenez, "enplegu-galera lanbide-kategoria guztietan eta askotariko okupazioetan gertatzen bada ere, indar handiagoarekin gertatu da maila profesional ertain-baxuekin eta prestakuntza apaleneko okupazioetan, eta eragin txikiagoa izan du prestakuntza-goreneko lanbide-mailetan".

 Euskal gazteek azken hamarkadetan goi-mailako ikasketak modu masiboan egin izanak modu oso nabarmenean igo du lan egiteko adinean dagoen biztanleriaren prestakuntza-maila. 2000. urtetik, unibertsitate-biztanleriak 106.000 pertsonatik gorako hazkundea izan du, eta bigarren mailako ikasketak dituztenen taldeak 116.000 pertsonatik gorakoa. Aitzitik, lehen mailako ikasketak gainditu gabeko prestakuntza-maila duten 200.000 pertsona inguru gutxiago daude. Potentzialki aktibo direnen arteko prestakuntzaren igoera horrek bere isla du biztanleria landunaren ikasketen araberako egituran: Unibertsitate-ikasleek okupazioaren guztizkoaren gain duten indarra 10 puntu gehitu da, 2000ko % 24tik egungo % 34ra.

2008aren aurreko urteetan guztizko enpleguan lanpostu asko sortu ziren EAEn, eta baita unibertsitate-prestakuntzarekin loturiko lanbideei dagokien enpleguan ere. 2007ko amaieran eten egin zen joera hedakorra. Bi urte geroago, 2009ko laugarren hiruhilekoan, euskal autonomia erkidegoak 23.000 pertsona landun gutxiago ditu eta, hala eta guztiz ere, denboraldi horretan bertan, unibertsitate-profesionalen zifra 15.000 pertsonatan baino gehiagotan hazi da, eta teknikari eta laguntza-profesionalena, aldiz, 48.800 pertsona gehiagotan.

"Zifra horiek euskal lan-indarraren eta autonomia erkidegoko produkzio-sarearen egituran izandako eraldaketa handiaren adierazgarri dira. Hori gorabehera, kalkulatzen da euskal biztanleria aktibo unibertsitarioaren gutxi gorabehera % 30 dagokiona baino prestakuntza beheragoko postuetan okupatuta dagoela edo, neurri txikian, lan egiten ez duela" adierazi du Zabaletak.

Soldatak

Jarduera ekonomikoko sektoreetan gizonek eta emakumeek duten banaketa desberdina eta krisialdiak industria-sektorearen eta eraikuntza-sektorearen enpleguaren gain duen eragin handiagoa direla-eta, lehen aldiz azterturiko promozioen guztizkoa hartuta, emakumeek gizonek baino enpleguko tasa global handiagoak dituzte (% 81,6 batetik eta % 78 bestetik). "Dena den, gizonen eta emakumeen arteko kalitate-maila desberdinek irauten dute, gizonek okupaturiko enpleguak beren prestakuntza-mailarekiko duten doikuntza-maila handiagoari dagokionez zein soldatan edo lan-egonkortasunean", sailburuak zehaztu duenez.

Esaterako, soldatari dagokionez, inkestak adierazten du gizonek hilean batez beste 1.648€-ko diru-sarrera jasotzen dutela eta emakumeek, aldiz, 1.535€.

Jarduera-tasarik handienak Osasunaren alorrarekin eta alor Ekonomiko-Juridikoarekin zerikusia duten ikasketetan gertatzen dira (% 94,5 inguru) eta txikienak Esperimentaletan eta Giza Zientzietan (% 88), beste urte batzuetan gertatzen zen bezalaxe. Nabarmentzekoa da ziklo luzeko lizentziatura eta ingeniaritzek portaera hobea dutela alor guztietan diplomatura edo ingeniaritza teknikoekin alderatuta, gizarte-ikaskuntzetan izan ezik, magisteritzako karrerek nabarmen hobetzen baitituzte lizentziaturen enplegu-ratioak.

Osasunarekin loturiko jarduerak dira, halaber, hobeto ordaindurikoak (1.824 euro garbi hilean x 14 paga). Inkesta egin zenean, ikasketak amaitu eta lehenengo enplegua lortu arteko batez besteko denbora lan-esperientzia zuen biztanleria aktiboarentzat 7 hilabete ingurukoa izan da.

Lana duten 2006ko lizentziatu edo diplomatuen % 15ek euskal autonomia erkidegotik kanpo lan egiten dute. Erasmus eta bestelako gradu-ondoko programak -lanbide-babes handiagoari lotutakoak horik guztiak- mugikortasun horren aldeko eragile dira.

OHARRA:

Unibertsitate-karreren datuei buruzko informazio zehatza laster egongo da eskuragarri Eusko Jaurlaritzaren enplegu-atarian: www.lanbide.net

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta, saillburua