Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

ICLEI Jasangarritasunaren Aldeko Tokiko Gobernuen Sarearen munduko kongresua egiten ari dira Seulen

2015.eko apirilak 09
  • Eusko Jaurlaritzako delegazio bat Hego Korean da Udalsarea 21eko ordezkari gisa

 

Hurrengo igandera bitarte, apirilak 12, ICLEI Jasangarritasunaren Aldeko Tokiko Gobernuen Sarearen munduko kongresua hartuko du Seul Hego Koreako hiriburuak. Hori dela eta, mundu guztiko adituak, akademikoak, gobernuz kanpoko erakundeetako kideak eta tokiko gobernuetako ordezkariak Asiako hiriburuan daude egunotan. Parte-hartzaileen artean, honako hauek nabarmendu behar dira besteak beste: Won Soon Park, Seul bertako alkatea; Ibrahim Thiaw, Nazio Batuen Erakundeko Ingurumen programako zuzendariorde exekutiboa; Jean-Paul Paddack, WWF Internacional erakundeko Garapen zuzendaria; Josep Roig, CGLU Hiri eta Tokiko Gobernuen Munduko Sareko idazkari nagusia; eta Michèle Sabban, R20ko presidentea. Horrez gain, 2006ko, 2009ko eta 2012ko munduko kongresuak hartu zituzten hirietako ordezkariak ere bildu dira Seulen, hurrenez hurren Hegoafrikako Lurmutur Hiria, Kanadako Edmonton eta Brasilgo Belo Horizonte.

Javier Agirre Ihobeko zuzendari nagusia ere Seulgo hitzorduan parte hartzen ari da Udalsarea 21 Jasangarritasunerako Udalarrien Euskal Sareko idazkaritza teknikoko zein Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko ordezkari gisa. «Tokiko erakundeak ezinbestekoak dira helburu globalak betetzeko. Horrez gain, tokiko erakundeek egindako proposamenak funtsezkoak dira bai tokian-tokian urratsak ematen jarraitzeko bai nazioarteko eztabaida eraikitzeko ere», nabarmendu du Agirrek.

Kongresuaren irekiera ekitaldia orain dela urtebete eskas inauguratutako Dongdaemun Design Plaza eraikinean egin da, hau da, hiru dimentsioko munduko obra arkitektoniko handienean.  Dongdaemun Design Plaza egitura irregularreko eraikinaren ondoan dago Seoul City Hall eraikina ere, kongresuko ekitaldiak hartzen dituen beste egoitza. Azken eraikin hori Seulgo Udalaren egoitza nagusia da eta ingurumen irizpideak jarraituz birmoldatu berri dute; hala, eraikinak energia berriztagarriekin funtzionatzen du erabat eta munduko parke bertikal handiena hartzen du bere baitan.

 

Seulgo Adierazpena

Munduko ehun alkatek Seulgo Adierazpena bere egin dute Hego Koreako hiriburuan egindako ICLEIren kongresuan. 2015-2021 aldirako onartutako Jasangarritasunaren Aldeko Tokiko Gobernuen Sarearen plan estrategiko berriaren baitan kokatu beharra dago Seulgo Adierazpena. Dokumentuaren helburua tokiko gobernuen arteko elkarlana bultzatzea da, etorkizuneko hirigintza jasangarria eraikitzeko tokiko ekintzan oinarritutako gidalerroak zehaztuz.

Besteak beste, hirigintza garapen berritzaile baten beharra aldarrikatzen da, ikuspegi eraldatzaile bat ardatz hartuta. «Euskadin bat egiten dugu Seulgo Adierazpenak biltzen duen filosofiarekin, udalerri eta hirien ingurumen arloko konpromisoak indartzea baitu helburu planeta kaltetu gabe herritarren bizi kalitatea hobetzeko», nabarmendu du Javier Agirre Ihobeko zuzendari nagusiak. «Orain dela gutxi onartutako eta 2020ra bitarteko gure ibilbide orria den Euskadiko Ingurumen Esparru Programaren funtsa ere hori da: hobeto bizitzea, enplegu gehiago sortzea eta gure natur kapitala zaintzea ahalbidetuko diguten politikak ezartzea», gaineratu du Agirrek.

 

ICLEIren munduko kongresua

Hiru urtetik behin egiten da ICLEIren munduko kongresua, eta, bertan, sareko kideak biltzen dira epe horretan egindako ekintzak aztertu eta etorkizunera begirako estrategiak eztabaidatzeko. Azken helburua tokiko gobernuei jasangarritasun politiketara egokitzeko eta ezarritako helburuak lortzeko irtenbideak eskaintzea da.

Gino Van Begin ICLEIko idazkari nagusiak nabarmendu bezala, «kideok ez dugu erakundearen garapen estrategikoa bakarrik eztabaidatuko kongresuan, hirien inguruan sortzen diren erronka eta aukerak ere aztertuko ditugu. XX. mendearen hasieran munduko herritarren % 15 bakarrik bizi ziren hirietan; gaur egun, berriz, % 50etik gorakoa da ehuneko hori. Horrenbestez, tokiko gobernuen zeregina funtsezkoa da planetak jasaten dituen ingurumen inpaktuei aurre egiteko».

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AclimaEuskadi
    2015.eko apirilak 10

    Comentario de Twitter:
    RT @ihobEJGV: Seúl acoge el Congreso Mundial de @ICLEI, la red de gobiernos locales por la #sostenibilidad #citysolutions http://t.co/sha7q

  • @XabiGV
    2015.eko apirilak 09

    Comentario de Twitter:
    Seúl acoge el Congreso Mundial de #ICLEI, la red de gobiernos locales por la #sostenibilidad http://t.co/FjNIRSBZEg

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)