Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Euskotrenek goranzko bidaiari kopuruarekin amaitu zuen 2014 urtea

2015.eko apirilak 10
  • 2014an zehar, 31.744.414 pertsona garraiatu zituen bere tren, tranbia, funikular eta beste garraiobideetan
  • 28 tren-unitate berriren erosketa abiarazi du, material gurpildunaren batez besteko adina gutxitzeko asmoz
  • Bat, Barik eta Mugi txartelen elkarreragingarritasuna hedatzen dabil arian-arian

 

Euskotrenen zerbitzuek badituzte, besteren artean, bi ezaugarri: fidagarritasuna eta puntualtasuna. Iazko urtean zehar, ezaugarri horien ratioak hobetu ziren, euskal tren-operadorearen 2014ko itxiera-datuetan zehaztu moduan: trenetan % 99,19ko adierazle positiboa lortu zen, eta tranbietan % 93,53koa. Era berean, eskainitako zerbitzuen kalitatea hobetze aldera, Euskotrenek 28 tren-unitate berri erosteari ekin dio. Erosketak, batetik, Euskotrenen tren-lerroetako materialaren batez besteko adina gutxituko du; bestetik, erantzuna emango die Bilboko 3. Lerroaren mugikortasun-premiei eta Txorierriko korridorearen jarraipenari.

 

Orobat, 2014an elkarreragingarritasun-proiektuari heldu dio Euskotrenek. Proiektuaren buru, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Saila. Hala, BAT, BARIK nahiz MUGI txartelak erabiltzeko aukera abiarazi du Bilboko Tranbian eta Larreinetako funikularrean, eta BAT nahiz BARIK txartelak erabiltzekoa Gasteizko tranbian. Haiei gaineratu behar zaie Ermua eta Debako aukera hedatuak, non BARIK zein MUGI txartelak erabili baitaitezke.

 

2014an zehar, 31.744.414 pertsona garraiatu zituen tren, tranbia, funikular eta bere beste garraiobideetan; hau da, % 0,46 gehiago, iazko ekitaldiaren aldean.

 

Enpresa publikoaren diru-sarrerak ere hazi egin dira; hain zuzen, % 4,82. Hala, 25.958.343 milioi euroan kokatu dira; hau da, % 52,5eko estaldura-koefizientea modu-multzoari dagokionez, bi puntutan hobetuz iazkoa.

 

2014ko ekitaldian zehar, kontakturik gabeko txartelen erabilerak gora egiten jarraitu du, guztizkoaren % 66ra iritsi arte. Beraz, 20.804.22668 bidaiarik Euskotrenen zerbitzuak eskuratzeko modu hori aukeratu du.

 

Euskotrenen tren-zerbitzu bereziei dagokienez (Txorierri / Bilbo / Gernika / Bermeo / Donostia / Hendaia), 2014an zehar 15.776.088 bidaiari garraiatu dituzte; hau da, iazkoaren aldean, gora egin dute, bai zerbitzuon erabilerak (+% 0,28), eta baita zerbitzuon bidez lortutako diru-sarrerek (+% 6,51) ere, 14.382.450 eurora iritsi arte, hain zuzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko