Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Foru Jurisprudentzia Zibilaren bilduma (XVII-XIX)ren aurkezpena

2010.eko ekainak 30

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak eta Deustuko Unibertsitateak Foru Jurisprudentzia Zibilaren Bilduma (XVII-XIX)ko azken liburukiak aurkeztu dituzte.  Bilduma hau 1990ean sortu zen eta gaur egun hamaika liburukiz osatuta dago -zortzi liburuki daude argitaratuta eta hiru inprimategian, probetan-. Itziar Monasterio, Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Zibileko irakaslea, da bildumaren zuzendaria.

Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako agiritegi judizial eta notarialetan aurkitutako erakunde pribatuei buruzko prozesu judizialak eta dokumentazio notariala argitara ematea da bildumaren asmoa. Agiri horiek gordetzen duten eduki juridikoari esker, erakunde historikoen eremu materiala ezagutu dezakegu eta, horrela, foraltasun zibilaren oinarri juridikoak finkatu, gero legez garatzeko.

Arrazoi historikoak, akademikoak eta lege-politikakoak daude bilduma hau egiteko. Ikuspuntu historikotik begiratuta, ikerketaren bidez Zuzenbide historikoa ezagutu daiteke. Bigarren arrazoia, akademikoa, hauxe da: XX. mendearen aurreko bibliografia zibil historikorik ez daukagunez, Zuzenbidearen adar hau ezagutzeko bide bakarra -eta seguruena- hori sortu zuten agiri notarial eta judizialetara jotzea dela. Azkenik, lege-politikaren ikuspuntutik, Zuzenbide historikoaren berreraikuntzak mugatu eta justifikatzen du autonomia-erkidegoari dagokion eskumen zibilen eremua, Konstituzioko 149.1.8 artikuluan aurreikusitakoa oinarritzat hartuz (gure Konstituzio Auzitegiak artikulu horri emandako interpretazioa kontuan hartuz -martxoaren 12ko 88/1993 epaia eta maiatzaren 6ko 156/1993 epaia).

 

BILDUMA ETA BILDUMA OSATZEN DUTEN LIBURUAK

Proiektuko lehenengo fasean Bizkaiko pertsonaren eta familiaren Zuzenbideari buruzko dokumentuak argitaratzeko helburuz Eusko Jaurlaritzak eta Deustuko Unibertsitateak 2000ko abenduaren 29an sinatutako hitzarmenaren ildotik hasi zen Foru Jurisprudentzia Zibilaren Bilduma (XVII-XIX). Lehenengo fase horretan Bizkaiko Foru Agiritegiko dokumentazioa atera zen.

Argitaratutako zortzi liburukiek -bost tomo- XVII-XIX. mendeetan Bizkaiko epaitegi zibiletan gauzatutako 239 prozesu zibil biltzen dituzte. Liburuki bakoitzak, liburuaren edukiaren analisi juridikoa egiten duen sarrera gisako ikerketa bat eta bost aurkibide dauzka.

Hona hemen tomo eta liburuki bakoitzak jorratzen dituen gaiak:

I. tomoa: Bizkaiko foru-auzitegiek ebatzitako hainbat arlotako prozesu zibil hautatuak (1635-1834).

II. tomoa, 1. eta 2. liburukiak: adingabeen gobernu eta ondasunak (1642-1902). Guraso eta seme-alaben arteko harremanei buruzkoak dira bi liburukiak. 

III. tomoa, 1. eta 2. liburukiak: ezkontza, ezkonsari eta oinordetza-itunek barne-hartzen dituzten ondasunei buruzko kontratuak (1641-1857). Auzi-jurisdikzioaren bidez ebatzitako prozesu zibilak jasotzen dituzte.

IV. tomoa, 1. eta 2. liburukiak: ondasunen foru-komunikazioa (1642-1902). Auzi-jurisdikzioaren bidez ebatzitako prozesuak jasotzen dituzte. Kasu askotan, seme-alabak dituen edo ez dituen ezkontideetako baten heriotzaren ondorioz foru-komunikazioaren erregimen ekonomikoa nola desegiten den biltzen da.

V. tomoa: bizkaitar herritartasuna (1630-1830). Sozietate zibilei buruzko prozesu hautatuak (1782-1886). XVII-XIX mendeetan bizkaitar herritartasuna eskuratzeko egindako prozesu zibilak eta egin beharreko probak jasotzen ditu. 

Proiektuaren lehenengo fasea bukatu ondoren, 2007an bigarren faseari ekin zitzaion. Hona hemen gaia: Euskal Autonomia Erkidegoko obligazioak eta kontratu zibilak. Hiru lurralde historikoetako notario-agiriak eta agiri judizialak. Bigarren fase hau gauzatzeko, Justizia Sailak eta Deustuko Unibertsitateak hitzarmen berri bat sinatu zuten 2009ko maiatzaren 29an.

Oraintxe hiru liburuki daude inprentan, eta lehenengo probak entregatu dira, zuzenketak egiteko:

VI. tomoa,  1. eta 2. liburukiak: Euskal Autonomia Erkidegoko nabigatzaileen kofradiei buruzkoak dira (1627-1614). Auzi-jurisdikzioaren bidez ebatzitako prozesuak biltzen dituzte: kofradien arteko, kofradien aurkako eta nabigatzaileen aurkako erreklamazioak.

VII. tomoa, 1. liburukia Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate zibilei buruzkoa da (1594-1777). Sozietateen eraketan izandako irregulartasunetatik, klausulak ez betetzetik edo likidazioaren ondoren bazkide bakoitzari ordaindu beharrekoa ez ordaintzetik eratorritako hainbat erreklamazio biltzen ditu.

 

BILDUMAREN HELBURUA

- Zuzenbide historikoa berreskuratu eta finkatzea.

- Foraltasun zibil historikoa oinarritzen duten printzipioak eta hiru lurralde historikoetako erakundeen substratu komuna nahiz printzipioak ezagutzea.

- Sistemako erakundeen esparru materialari neurria jartzea, garapen handieneko uneari erreferentzia eginez.

- Autonomia-erkidegoaren Zuzenbide Zibil propioaren eskumen-eremua mugatzea.

Une honetan euskal Zuzenbide Zibilak erronka bikoitza dauka: alde batetik, sistema juridikoaren lege-gaurkotasuna gauzatzea gure sistemaren berezitasunak zainduz eta, bestetik, Europaren esparruan bateratzeko joera duen arau-sistema berriari begiratzea. Zeregin bikoitz honen aurrean, ikerketa hau benetan baliagarria izan daiteke, sistema osatzen duten erakundeen eremu materiala zabaltzen baitu eta euskal foraltasun zibilaren oinarri juridikoak finkatzea ahalbidetzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko