Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak

Gipuzkoako Familia Bitartekotzako Zerbitzuaren inaugurazioa

2010.eko ekainak 30

 

Gipuzkoako familia-bitartekotzako zerbitzua abian jartzearen kariaz, Fernando Fantova Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako sailburuordeak lan-jardunaldi bat inauguratu du gaur goizean Donostian, gizarte-zerbitzuetako profesionalei, eta beste arloetakoei zuzenduta.

 

Bere hitzaldian Fantovak azpimarratu du bitartekotzaren arloko profesional horiek egiten duten lana, eta adierazi duenez, "lan hori ezinbestekoa da gatazkak konpontzeko negoziazioaren kultura hedatzeko eta, finean, Gipuzkoako hiriburuan ireki berri dena bezalako zerbitzu baten etorkizunerako".

 Gero, sailburuak gaineratu duenez, "zerbitzu berria abian jartzeko apustuarekin, gizarte zerbitzuei eta familia-bitartekotzari buruzko legeetan jasotzen diren alderdiak betetzen dira; izan ere, horiek garatzen ari baikara". Horren haritik, aurreratu duenez, "bitartekarien prestakuntza eta erregistroa arautzeko lanean ari gara, eta aurten Familia Bitartekotzaren Euskal Kontseilua eratu dugu".

Familia Bitartekotzako Zerbitzuaren helburu nagusia familia-gatazketan dauden pertsonei laguntzea da, gune neutral bat sortuz, non komunikazioa errazten den eta erabakiak hartzea eta adostutako akordioak lortzea ahalbidetzen den. Prozesu horrekin kostu emozionalak eta denbora aurrezten dira, eta kasu askotan auzitara jotzea saihesten da.

Bitartekotza Zerbitzuaren helburuen artean aurreikusten da, baita ere, bitartekotzaren baliabidea hedatzea gatazkak ebazteko prozesu lasai gisa, bitartekotzaren garapen teknikoa gauzatzea -gogoetaren, azterketaren eta ikerketaren bitartez- eta familia-bitartekotzaren inguruko gaietan kontsulta‑organo gisa jardutea.

Besteak beste, bitartekotzak esku hartu dezake bikotea hausteagatik sortutako familia-gatazketan, guraso eta seme-alaben arteko gatazketan, harrerako familiaren eta familia biologikoaren artean sortutakoetan, gurasoek aitona‑amonei bilobekin harreman normalak izatea galarazten dietenean, familia-bitartekotzan parte hartzen duten pertsonen artean herentzia edo ondorengotzei buruz sortzen diren gatazketan, eta familia negozioengatik sortutakoetan; pertsona horiek familia bitartekotzako zerbitzuaren bezeroak baldin badira, betiere.

Zerbitzu hori Bilbon eta Gasteizen funtzionatzen ari da jada, eta bertan psikologiaren, gizarte-lanaren eta zuzenbidearen alorretako profesionalek lan egiten dute. Erabilera borondatezkoa izango da, baina gizarte-zerbitzuek eta epaitegiek kasuak bideratzeko aukera ere aurreikusten da.

Donostiako familia-bitartekotzako zerbitzua Larramendi kaleko 1 zenbakian dago (tel.: 943 57 62 08).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuordea