Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

2015eko Auzolandegiak programan izena emateko epea zabaltzera doa

2015.eko apirilak 07
  • Euskadik 477 plaza eskaintzen ditu, 18-26 urte bitarteko gazteentzat
  • Izena ematea www.gazteaukera.euskadi.eus atariaren bidez egin ahal izango da, apirilaren 8 tik 14ra bitartean

Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak Auzolandegiak programan izena emateko epea irekikok du bihar asteazkena, apirilak 8, eta halaxe egongo da apirilaren 14ra arte. Aurten 477 plaza eskaintzen ditu Euskadik: horietatik 260 Euskadiko auzolandegietan izango dira; 117 Estatuko gainerako Autonomia Erkidegoetan, eta 100 atzerrian, Europa, Afrika, Asia eta Amerikako herrialdeetan.

Programan izena eman ahal  izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta dauden 18 eta 26 urte bitarteko gazteek. Nazioarteko auzolandegietan parte hartu nahi duten gazteek, gainera, ingelesa ongi menperatu beharko dute, ahoz behintzat. Programan parte hartzeko aukeratuak izaten diren gazteek (notario aurreko zozketa bidez egingo da hautaketa) 110 euroko kuota ordaindu beharko dute. Izen ematea www.gazteaukera.euskadi.eus atarian egin ahal izango da, eta eskaera bakarra onartuko da pertsonako. Izena emateko unean gazteek ez dute oraindik helburu izango duten auzolandegia edo herrialdea aukeratzen, ez lehentasunik azaltzen. Izena eman besterik ez dute egiten.

Auzolandegiak programan parte hartzen dutenek, oro har, lauzpabost orduz egiten dute lan astegunetan, goizez. Era berean, auzolandegi gehienetan irteera kulturalak ere egiten dira, asteburuetan. Programak ostatua, mantenua, asegurua eta aisia-jarduerak hartzen ditu barne.

Zer da auzolandegi bat?

Auzolandegietan leku askotako gazteak biltzen dira, euren borondatez eta ordainetan ezer jaso gabe, aldi batez elkarrekin bizitzeko eta gazteak hartzen dituen komunitatearentzat onuragarria den proiektu batean —eta jarduera osagarrietan— parte hartzeko asmotan. Proiektua burutzea balio jakin batzuk —elkarbizitza, tolerantzia, elkartasuna, parte hartzea, kultura aniztasunean heztea, etab.— sustatzeko bide bat da. Aldi berean, mundu zabaleko herrien izaerak eta kulturak ezagutzeko bidea eskaintzen dute auzolandegiek.

Lan-motaren arabera, era askotako auzolandegiak daude. Hauek dira, besteak beste, auzolandegien lan-arloak: arkeologia; ingurumena; artea eta sormena; nekazaritza; kultura-ondarea berreskuratzea; ondare arkitektonikoa berreskuratzea; gizarte arloa: ezgaitasuna duten pertsonekin, haurrekin nahiz adinekoekin lan egitea; komunikazio arloa; festibalak antolatzea.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak 30 urte inguru daramatza programa hau antolatzen. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko udalen eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuen lankidetza izaten du. Bestalde, gainerako Autonomia Erkidegoekin, Espainiako Gazteriaren Institutuarekin eta atzerriko beste erakunde batzuekin koordinatuta, plazak trukatzen dira, gure gazteek atzerrian edo beste erkidego batean lan egin dezaten.

 

2015eko AUZOLANDEGIAK PROGRAMAREN PLAZAK

Euskadik zazpi auzolandegi antolatuko ditu, hiru lurraldeetan banaturik eta eskaintza zabala emanez. Auzolandegi bakoitzak 14 egun arteko bi txanda izango ditu, Bergarakoa izan ezik, honek txanda bakarrarekin.

 

EUSKADIN: 260 plaza  (hauetatik 54 inguru Euskadiko gazteentzat)

Esparrua: nazioartekoak (18-26 urte/ingelesez):

  • Busturialdea (Bizkaia): “Kulturak eta Naturak ingelesez egiten dute Busturialdean” (gazteen dinamizazioa). Egunak: uztailak 1-15 eta uztailak 16-30. Txandako plaza kopurua: 20.
  • Lemoa (Bizkaia): “Lubakien berreskurapena. Memoria historikoa. Gerra Zibila Lemoatxen” (arkeologia eta ondarea). Egunak: uztailak 16-30 eta uztailak 31-abuztuak 14. Txandako plaza kopurua: 20.
  • Triano (Bizkaia): “Meatzaldea” (ondare berreskurapena eta ingurumena). Egunak: uztailak 1-15 eta uztailak 16-30. Txandako plaza kopurua: 20.

Esparrua: Estatukoak (18-26 urte)

  • Amurrio-Tertanga (Araba): Ubiros errota berreraikitzea (Ondare berreskuratzea). Egunak: uztailak 16-30 eta uztailak 31-abuztuak 14. 20 plaza txandako.
  • Araia (Araba): Askasaroiko saroia berreskuratzea (Ondare berreskuratzea). Egunak: uztailak 16-30 eta uztailak 31-abuztuak 14. 20 plaza txandako.
  • Bergara (Gipuzkoa): Belaunaldi arteko trukaketa (hirugarren adinekoen pertsonen gizarte-dinamizazioa). Egunak: uztailak 1-15. 20 plaza.
  • Lekeitio (Bizkaia): Hirugarren adinekoentzako animazioa (hirugarren adinekoen pertsonen gizarte-dinamizazioa). Egunak: uztailak 16-30 eta uztailak 31-abuztuak 14. 20 plaza txandako.

ESTATUAN

117 plaza eskainiko dira guztira Euskadiko gazteentzat, honako autonomia-erkidegoetan: Andaluzia, Aragoi, Kanariak, Kantabria, Gaztela Mantxa, Gaztela eta Leoi, Katalunia, Ceuta, Extremadura, Galizia, Errioxa, Madril, Melilla, Murtzia eta Valentziako Erkidegoa.

ATZERRIAN

Eskaintzen diren 100 plazak lau kontinentetakoak dira: Alemania, Belgika, Ameriketako Estatu Batuak, Finlandia, Frantzia, India, Islandia, Italia, Kenia, Hegoaldeko Korea, Maroko, Mexiko, Txekiar Errepublika, Errusia, Serbia, Suiza, Taiwan, Turkia, Vietnam.

 

2014ko Auzolandegiak programan Euskadiko 267 gaztek hartu zuten parte: horietatik 78 Euskadin bertan gelditu ziren, 101 beste erkidego batzuetako auzolandegietara joan ziren lanera, eta 88 atzerrikoetara.  Euskadiko auzolandegietara berriz, 78 gazte etorri ziren Estatuko beste erkidego batzuetatik, eta 80 atzerritik.

Informazio gehiago nahi izanez gero:  www.gazteaukera.euskadi.eus

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)