Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak milioi eta erdi bidaiari baino gehiago kontrolatzen ditu euskal ostatuetatik igarotzen direnean

2015.eko apirilak 01
Honelako kontrolei esker, epaileek nahiz poliziak erreklamatutako 14 delitugile topatu eta atxilotu dira jada aurtengo lehen 50 egunetan
 
Sistema automatiko bat dago ezarria gure herrialdeko ostatu mota desberdinetan geratzen diren bidaiarien igarotzea fiskalizatzeko, eta hari esker, Ertzaintzak milio eta erdi pertsona baino gehiago kontrolatu ditzake, eta epaileek nahiz poliziak erreklamatutakoak hauteman. 2014an, 1.504.224 bidaiari ikuskatu ziren sistema honen bidez. 50 egun eskasetan, 14 ustezko gaizkile topatzeko eta atxilotzeko aukera eman du sistemak, eta, horrez gainera, ia mila errekisitoria egiaztatu ahal izan dira.
 
Guztira, 1.029 ostatu-etxe ikuskatzen ditu Ertzaintzak Euskadin bidaiarien igarotzea kontrolatzeko. Pertsonen igarotzea fiskalizatzen da, hain zuzen, justiziak erreklamatutako pertsonak topatzeko: Schengen errekisitoria baten eraginpekoak, polizia-zerbitzu desberdinek bilatzeko eta atzemateko agindutakoak edota familiek haien desagerpena salatutakoak.

Ertzaintzaren Segurtasun Pribatuko Unitatea da establezimenduak kontrolatzeko ardura duena. Horretarako, informatika-sistema eraginkor bat darabil, eta ostatu-etxe gehienak daude sistema horretan konektatuta. Aldian-aldian, Unitateko agenteek ostatu-etxeak ikuskatzen dituzte, sistemak egoki funtzionatzen duela eta ostalariek beren betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko. Iaz 337 ikuskapen egin ziren guztira. Horietako zenbaitetan irregulartasunengatiko arau-hausteak detektatu eta, ondorioz, 30 administrazio-espediente ireki ziren. Irregulartasunak, normalean, ostatuan dauden pertsonen erregistro-akatsekin dute lotura: edo datuak falta dira, edo ez dira zuzenak, etab.

14 atxilotu 50 egunetan

Kontrol-sistemak oso emaitza positiboak izan ditu. Adibide gisa, aurtengo lehenengo 50 egunetan (finkatutako azken denbora-tartea), Ertzaintzak 187.759 bidaiarien igarotzea kontrolatu zuen. Hala, Schengen errekisitorien eraginpeko 497 pertsona topatu zituen, bai eta, ondorioz, 20 polizia -jarduera gauzatu eta 6 pertsona atxilotu ere. Beste 117 pertsona topatu ziren errekisitoria judizialen eraginpean: 35 polizia-jarduera eraman ziren aurrera, eta 4 pertsona atxilotu ziren. Baziren, halaber, polizia-ikerketek sortutako alertak, 210 pertsonei lotuta. Halakoek 96 polizia-jarduera eta 4 atxiloketa eragin zituzten. Azkenik, desagerpen-salaketak zeuden hiru pertsonen gain, eta beste hainbeste jarduera eragin zituzten.

Zifrek islatzen duten moduan, polizia-jarduera gehienak epaitegietarako zuzemenak egitera mugatu ziren (pertsonak non zeuden aurkitzea, zitazioak, datuak egiaztatzea, etab.). Hala ere, aipagarria da delituen ikerketarekin edo faltekin lotura duen ehunekoa. Zenbaitetan, delako ikerketek pertsonak atxilotzera eta epaileen eskuetan uztera daramatzate.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan