Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko urteko akordioa Baionan

2015.eko martxoak 31

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta François Maïtiak, Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren Presidenteak, 2011-2016 epealdiari dagokion hitzarmen-markoaren urteko eranskina aurkeztu dute gaur arratsaldean, Baionan egin den ekitaldian.

Eranskin horretan zehazten da, bi erakundeek 2015ean elkarlanerako zein lan ildo garatuko dituzten Hizkuntza Politikari dagokionean, bai eta Ipar Euskal Herrian euskararen aldeko eragileen proiektuak diruz nola lagunduko diren ere. Ekitaldira ere, Euskara Sustatzeko zuzendari Jokin Azkue hurbildu da.

Lan ildoak

2015. urteko eranskinak, bi instituzioen artean urtean zehar eramango den lankidetza eta Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak Iparraldeko eragileei zuzendutako diru-laguntzak emateko moduak zehazten ditu.

Helduen euskalduntze-alfabetatzearen esparruan:

- Hizkuntza-gaitasunaren mugaz bi aldeetako egiaztagirien baliokidetzaren definitze eta antolaketa.

- Helduen euskalduntzearen eremuan gaur egun dauden tresna desberdinen azterketa lana, existitzen diren praktika eta dispositiboen diagnosia eginez.

Euskararen Adierazle Sistema (EAS) eraikitzeko elkarlana:

- 2015ean, EASen ezaugarriak finduko dira.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren zerbitzuen artean informazioa trukatzea.

- Ekoizpen eta baieztapen linguistikoei dagokienez:

Ipar Euskal Herrian euskaraz ekoizten duten profesionalek (EEPko teknikariak, euskara teknikari-garatzaileak, hedabideetako profesionalak, irakasleak…), hainbat tresna eta hizkuntza baliabide beharrezkoak dituzte euskarazko edukien ekoizteko eta haien baieztapen linguistikoen segurtatzeko.

- HABE Liburutegiari dagokionez:

HABE Liburutegiak Euskararen Erakunde Publikoan diharduten teknikarien dokumentu-hornitzaile izaten jarraituko du.

Diru laguntzetarako funtsa

Bestalde, Ipar Euskal Herrian euskararen erabilera sustatzeko ekimenak garatzen dituzten erakunde pribatuen lana diruz laguntzeko, 2015. urterako 1.600.000 euroko lankidetzarako funtsa eratuko da, alde bien ekarpenez. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 400.000 € ipiniko ditu horretarako.

Lankidetza funts hori bi multzotan banatuko da. Lehen multzoa, 1.280.000 eurokoa, lankidetza zuzenerako bideratuko da: bi erakunde sinatzaileen sustapen-lerroekin bat datozen eragile nagusiak laguntza zuzenarekin diruz lagunduko dira. Beste multzoa, 320.000 eurokoa, deialdi irekietarako izango da. Deialdi honen bitartez, euskara sustatzeko helburu duten proiektuak diruz lagunduko dira Ipar Euskal Herrian.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak gaur azaldu duenez, “Asmoz eta jakitez. Ausardiaz eta, hein berean, neurrian. Horra, beraz, eraginkortasunaren gakoa, euskara biziberritzeko ahaleginean. Nekez asmatuko genuke goiburu hoberik, Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin egiten ari garen ibilbidean norabide egokiari eusteko. Hiztunak dira euskara biziberritzearen bermerik onena, seguruena, baliotsuena. Horretan dugu erronka: hiztunak irabaztea, gero eta herritar gehiago euskarara erakarriz. Irabazitako hiztunak gero eta erabiltzaileagoak izatea, euskara erabiltzeko aukerak ugalduz eta euskaldunak euskara gero eta gehiago erabiltzeko adoretuz”.

Eta gehitu du: “Duela hilabete pasatxo aurkitu zuten Aziti Bihia talde kideek, Danimarkan, lapurtera klasikoan idatzitako lehen liburuaren lehen edizioa: Doctrina Christiana. Egilea, Esteve Materra (Materre) frantziskotarra. Esango nuke Materra dela ezagutzen dugun lehen euskaldun berria. Frantziarra zen Materra, Lapurdira bidali zuten fede katolikoa zabaltzera. Eta horretarako, euskara ikasi zuen Saran, oso denbora laburrean ikasi ere, eta nola ikasi!, lapurtera klasikoko lehen liburua bikain asko idazteraino ikasi ere. Hemen, Iparraldean kokatzen da, beraz, izen-deitura eta guzti ezagutzen dugun lehen euskaldun berria. Euskara beharrezko hizkuntzatzat estimatu zuena. Euskara heldutan ere ikasi daitekeela eta ikasteak merezi duela agerian jarri zuena”.

“Lerro guztiak garrantzitsuak izanik, hitzarmenak berak nagusitasuna aitortzen dio lau alorretako ahaleginari: euskarazko irakaskuntza, helduen euskalduntzea, hedabideak eta aisialdia. Izan ere, lau eremu horietan biltzen da, Ipar Euskal Herrian ere, euskara biziberritzeko lanaren alderik funtsezkoena”, bukatu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)