Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura

Agindua, 2015eko urtean Euskadi literatura-sariak arautu eta horretarako dei egiten duena. (2015-03-31(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko martxoak 31

LABURPENA

2015eko EUSKADI LITERATURA SARIETARAKO DEIALDIA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2015eko urtean Euskadi Literatura Sariak arautu eta horretarako dei egiten duen Agindua onartu du.

Aurten, Euskadi Literatura Sariak zazpi modalitatetan banatuko dira: Euskarazko literatura; Gaztelaniazko literatura; Euskarazko haur eta gazte literatura; Euskarazko literatura itzulpena; Literatura lanaren ilustrazioa; Euskarazko saiakera, eta Gaztelaniazko saiakera.

Euskadi literatura sariak 18.000 euro gordinez hornituta daude modalitate bakoitzeko. Diru-kopuru hori saritutako lanen egileei emango zaie. Saritutako pertsonek, era berean, Euskadi literatura sarientzat berariaz Jose Ibarrola Bellidok eginiko Liburu Nabigatzaile izeneko eskulturaren ale zenbatua ere jasoko dute. Horrez gain, saritutako lanaren egileek (euskarazko itzulpenaren kasuan salbu) beste 4.000 euro gordin ere jaso izango dituzte, saritutako lana jatorrizkoa ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua sinatu ostean.

Euskadi literatura sariak eskuratzeko aukera, argitaratze unean bizirik dauden egileek idatzi, itzuli edo ilustratutako lanek eduki ahal izango dute. Lan horiek lehen aldiz 2014. urtean argitaratuak izan beharko dute. Hala ere, kasuan kasuko modalitatean sari hau azken hiru deialdietako batean jaso duten idazleen edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira, nahiz eta aurrez azaldutako baldintzak bete.

Gaztelaniazko literaturaren modalitatean, gaztelaniazko literatura lanen ilustrazioan eta gaztelaniazko saiakeran, hauetako baldintza bat gutxienez bete beharko dute egileek:

1. Euskadiko Autonomia Erkidegoan jaio izana edo bertan administrazio-egoitza izatea Agindua argitaratzen den unean, edo argitaratu aurretik ere administrazio-egoitza eduki izana urte batez gutxienik Euskadiko Autonomia Erkidegoan.

2. Gaztelaniazko literaturaren modalitatean, gaztelaniazko saiakeran eta literatura lanen ilustrazioa modalitateetan, Euskadiko Autonomia Erkidegoko idazle edo ilustratzaile elkarteren baten barruan egotea.

3. Saria irabazteko lana Euskadiko Autonomia Erkidegoko argitaletxe batean argitaratu izana, edo Euskadiko Editoreen Elkartearekin edo Euskal Editoreen Elkartearekin loturiko argitaletxe batean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau