Berriak Lehendakaritza
Eu

Osakidetzaren Arabako osasun mentaleko sareko zerbitzuek 14.000 pertsonari eman zioten arreta 2014-an

2015.eko apirilak 01

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Iñigo Urkulluk, Arabako Osasun Mentaleko Sareak Arabako Ospitale Psikiatrikoan dituen instalazioak bisitatu ditu Osasuneko sailbururekin, Jon Darpónekin, batera.

 

Lehendakariak beste behin egin dio Osakidetzako erakunde bati bisita, Euskadiko pertsonen alde lan egiten duten osasun-zerbitzu eta profesional-taldeak zuzenean ezagutzeko, duela hilabete batzuetatik egiten dituen bisiten esparruan.

Bisita bukatu ondoren, lehendakariak profesionalon lana eskertu du, eta nabarmendu du zein lan garrantzitsua egiten den Euskadin buru-osasuneko arazoei arreta ematen; emandako laguntzaren oinarrian, estigmak desagerraraztea eta buru-gaixotasunak beste gaixotasun bat balitz bezala tratatzea. Era berean, nabarmendu ditu azken urteotan Arabako Osasun Mentaleko Sarean bultzatu diren aldaketak ere: «[aldaketon] funts nagusia Osasun Mentalean arreta integrala ematea da; hau da, aukera emango duena artatzen ditugun pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta haien ongizatea hartuko duena oinarri, horixe eskatzen baitu gizarteak.  

 

Hiru sarek osatzen dute Euskadiko Osasun Mentaleko Sarea: bat lurralde bakoitzean. Iaz, 89.600 paziente artatu zituen. Sareak komunitate-ereduan oinarritzen du arreta: laguntza- eta antolaketa-eredu bat, laguntzaren normaltzea eta zerbitzuen gertutasuna bilatzen duena, buru-gaixotasunak dituzten pertsonak komunitatean txertatzeko. Hala adierazi du Osasuneko sailburuak, gaur, Arabako Osasun Mentaleko Sarean. «Euskadiko Osasun Sarean sortu eta indartu ditugun laguntza-baliabide eta -dispositiboak eskuragarriak, normalduak eta komunitatean integratuak dira. Hau da, alde batera utzi dugu instituzionalizazioan oinarritutako arreta, eta beste aukera batzuk sustatu ditugu ospitaleratzearen ordez».  

Arabako Osasun Mentaleko Sarean ibilbide luzea eta finkatua dute profesionalen ardurak, kalitateak eta etikak, autonomiari begiruneak, eta buru-gaixotasunen estigmaren aurkako borrokak. Sareak komunitate-ereduan oinarritutako arreta integrala eskaintzen du. Aiken urteetan, laguntza-zerbitzuak berrantolatzen aritu dira, helburu estrategiko batekin: hain zuzen, mikrozentroak koordinatzeari utzi eta ahalmen handiagoko egiturak integratzen hastea, azken horiek mesede egiten diotelako buru-osasunean espezializatutako arretari.Berrantolatze prozesua iaz burutu zen, Salburuako eta Zabalganako Osasun Mentaleko zentroak irekitzearekin batera. Izan ere, helduentzako osasun mentaleko Gasteizko zentroak bateratu, eta hobekuntza handiak ezarri ziren, hala sorospenaren aldetik nola antolaketaren aldetik.

 

Errehabilitazio Komunitarioko Zerbitzua ere berregituratu da: instituzioez kanpoko pazienteei laguntza emateko zerbitzu bat izatetik, ikuspegi biopsikosoziala txertatzen duen zerbitzu psikiatriko bat izatera igaro da. Orobat abiarazi zen Mendekotasunak tratatzeko eta horiei buruz orientazioa emateko zentroa, 2013an. Ordura arteko egitura guztiak elkartu zituen (Alkoholismoa, Toxikomania eta Ludopatiak) eta ikuspegi berri bat ekarri; hain zuzen, laguntzan oinarritutako ikuspegia, nolanahiko mendekotasun-arazoak dituzten pertsonen behar integralei erantzuteko, kanpo substantzia eta pizgarrietan oinarritutako ikuspegi mugatuaren ordez.

 

Era berean, azken urteetan, Haur eta Gazteentzako Osasun Mentaleko Unitatea sendotu dute, hala laguntza-talde gisa egiten duen lanari dagokionez, nola koordinazio soziosanitarioaren alorrean egiten duenari dagokionez. Testuinguru honetan, hitzarmen bat sinatu zen Arazoak-ekin (Autismoaren eta beste garapen-nahasmendu hedatuen Arabako elkartea).

Une hauetan, eta behin egitura anbulatorioak berrantolaturik eta zerbitzu-zorro berria definiturik, Arabako Ospitale Psikiatrikoko profesionalek lanean dihardute 2015ean zehar, hobekuntzarako aukerak bilatzen. Helburua da dispositibo anbulatorioetan sorospena emateak sortzen dituen premiei erantzun azkarra ematea, tratamendu intentsibo eta espezializatuen bidez, eta gaixo larriak ospitaleratzeko unitatean hasitako tratamendua osatzea.

 

Horiek horrela, Arabako Sarean 389 profesional ari dira lanean guztira. Batetik, artatzen dituzte edonolako buru-nahasmenduak dituzten pertsonak (moderatuak nahiz larriak) eta edonolako mendekotasun bat dutenak, hala helduak nola haur eta gazteak; bestetik, eta Lehen Mailako Arretarekin lankidetzan, buru-nahasmendu arinak dituzten pertsonak ere tratatzen dituzte.

 

2014an, sarea eratzen duten laguntza-dispositiboek 14.000 pazienteei eman zioten laguntza:

- Zabalganako, Salburuako eta Aiala-Laudioko Osasun Mentaleko Zentroak: guztira, 10.516 paziente artatu ziren; 4.900 Zabalganakoan, 4.144 Salburuakoan, eta 4.144 Aiala-Laudiokoan. 

- Mendekotasunak tratatzeko eta horiei buruz orientazioa emateko zentroa: hemen, 1.705 pazienteri eman zitzaien arreta.

- Haur eta gazteentzako osasun mentaleko zerbitzua: 1574 paziente artatu ziren.

- Arabako Ospitale Psikiatrikoa: 323 paziente artatu ziren.

- Errehabilitazio Komunitarioko Zerbitzua: 256 pertsonari eman zitzaion arreta.

- Eguneko ospitalea 45 paziente.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @HUAospitalea
    2015.eko apirilak 09

    Comentario de Twitter:
    Osakidetzaren Arabako osasun mentaleko sareko zerbitzuek 14.000 pertsonari eman zioten arreta 2014-an http://t.co/1202Uzsnp7

  • @djjacomenorato
    2015.eko apirilak 06

    Comentario de Twitter:
    14.000 personas fueron atendidas en 2014 en los servicios de la red de salud mental de Osakidetza en Araba http://t.co/rQT4u6KCPd

  • @DJacomeNorato
    2015.eko apirilak 02

    Comentario de Twitter:
    14.000 personas fueron atendidas en 2014 en los servicios de la red de salud mental de Osakidetza en Araba http://t.co/bbQ3GAj9hC

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Eguskiñe de Miguel