Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Udalsarea 21ek proiektu berritzaileei buruzko beste deialdi bat antolatu du bere bazkideentzat

2015-03-31

 

  • Klima-aldaketa, ondare naturala eta ekonomia zirkularra dira Udalsarea 21en Berringurumena 2015 programaren ardatzak
  • Proiektuen gehieneko finantziazioa 15.000 € izango dira.

Berrikuntza –Klima-aldaketarekin zerikusia duten eremuetan-, ondare naturala eta ekonomia zirkularra –toki mailan- sustatzea da Udalsarea 21 Jasangarritasunerako udalerrien euskal sareak berriki abiatu duen V. Berringurumena Programaren helburua. Programa sare horri atxikitako 200 udalerrietara zuzentzen da. Aukeratutako proiektuek % 60 eta % 90 bitarteko finantziazioa eskuratuko dute beren proposamenak abian jartzeko. Deialdiaren aurrekontua 150.000 euro dira.

Euskadiko udalerrietako ingurumen-berrikuntzarako “Berringurumena” programaren eragilea Udalsarea 21 da, eta beraren eginkizuna da proiektu berritzaileak garatzen laguntzea dokumentu eta plangintza hauetako helburuekin bat datozen eremuetan: 2020erako Garapen Jasangarrirako  Euskal Ingurumen Estrategia, 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programa, EAEko 2020rako Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila lantzen ari den beste zenbait plangintza, hala nola Klima Aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategia eta Biodibertsitate Estrategia.

Deialdi honen bidez, gai hauekin zerikusia duten proiektuen garapena sostengatu nahi da: klima-aldaketa moteltzea eta hari egokitzea; zerbitzu ekosistemikoak; hiriko biodibertsitatea; hondakinen sorreraren prebentzioa edo haien birziklapen eta balorizazioa, besteak beste. Proiektuak 2015 urtean garatu beharko dira.

Programaren edizio honetan, aurrekontu-zuzkidura aurreko edizioan baino 50.000 euro handiagoa da: 150.000 € guztira 2015 urterako. Aukeratzen diren proiektuek gutxienez % 60ko eta gehienez % 90ko finantziazioa izango dute, eta proiektu bakoitzak gehienez 15.000 € eskuratu ahal izango ditu. Programa azterlanak egitera zuzentzen da, eta horiek gauzatu ahal izateko lankidetza publiko-pribatua sustatu eta estatuko eta Europako finantziazio-iturriak bilatzen dira.

 

Aurreko edizioan egin zen bezala, deialdi honetan ere Tokiko hirigintzaren ekimenek osasunean duten eragina aztertzeko tresna (Udalsarea 21en 17. Koadernoa) aplikatu beharko da parte hartzen duten proiektuetan, jasangarritasunari buruzko ikuspegi integrala txertatzeko xedez.

 

Proiektuak aurkezteko epea 2015eko apirilaren 30ean bukatuko da. Hori baino lehen, 2015eko apirilaren 16ra arte, aurretiko kontsulta bat egin daiteke, formulario baten bidez, proiektua programari egokitzen ote zaion kontrastatzeko. Era horretan, proiektua hobeto egokitu dakieke helburuei eta, bidezkoa izanez gero, hobekuntzak egin daitezke.

Programaren epaimahaia Ingurumen Sailburuordetzaren zuzendaritza-taldea izango da. Epaimahai horrek irizpide hauen arabera baloratuko ditu proiektuak:

 

  • Proiektuaren izaera berritzailea/erakuste-izaera.
  • Proiektua bat etortzea beste estrategia eta plan batzuekin, eta udal inplikazioa.
  • Proiektuaren helburuak, metodologia eta haren bidez lortzen den inpaktu-murrizketa.
  • Proiektua gauzatzeko gaitasuna eta bideragarritasuna.

 Orain arte, Berringurumena programaren lau edizio egin dira, eta guztira 22 proiektu finantzatu dira, 1.240.000 eurorekin, askotariko alorretan, hala nola, zaharberrikuntza jasangarria, erosketa eta kontratazio publiko berdea, hondakinen kudeaketa, berokuntzako hiri-sareen instalazioa edo jasangarritasun irizpideak hiri-ortuetan txertatzea.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko