Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Lehendakariak eta Gestamp enpresako presidenteak protokolo bat sinatu dute, Euskadin teknologia aurreratuen bikaintasunezko prestakuntza-zentro bat ezartzeko

2015.eko martxoak 31

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Gestamp enpresako presidente eta kontseilari delegatu Francisco J. Riberasek Boroako (Bizkaia) Gestamp Technology Institute (GTI) bikaintasunezko zentroaren ezarpena eta garapena errazteko lankidetza-protokolo bat sinatu dute Lehendakaritzan, gaur goizean. Prestakuntza-zentroa talde industrial honetako egungo plantilla teknologia aurreratuetan prestatzeko izango da, baita, etorkizunean, talde honetan lanean hasiko diren langileak prestatzeko ere.

Protokoloa gobernu-kontseiluak gaur egin duen saioan adostu da eta, horren bidez, Gestamp enpresaren prestakuntza-beharrei erantzungo zaie; izan ere, euskal enpresa industrial honek aurreikusia du esparru globalean lerro berrien ekoizpen-zentro berriak irekitzea eta instalatzea. Prestakuntza-zentro honek, halaber, Euskadiko garapen ekonomiko nahiz sozialeko maila hobeak ekarriko ditu, pertsonen prestakuntza profesionalaren bidez eta horien enplegagarritasunaren bidez.

Behar horiei erantzuteko helburuarekin, gaur sinatutako protokoloak Gestamp eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza-esparrua ezarri du eta, lankidetza horrekin, Boroako Automotive Intelligence Center gunean erreferentziako bikaintasunezko prestakuntza-zentro bat ezarriko da, hau da, GTI.

Zentro honetako jarduera (batik bat, aurrez aurreko eskolen bidez) unibertsitateko graduondokoak, prestakuntza profesionaleko ziklo espezializatu ondokoak eta bestelako prestakuntza espezializatua ematea izango da (beroko estanpazioa, hotzeko estanpazioa, soldadura, matrizegintza eta laser bidezko ebakitzea, besteak beste, modu zentralizatuan, estandarizatuan eta iraunkorrean). Era berean, teknologia horiekin lotutako I+Gko proiektuak garatuko dira.

Zikloak ikas-ekinezko prestakuntza dualarekin bateragarriak izango dira eta ikasleek nazioarteko profila izango dute. Eusko Jaurlaritzak (LHko Sailburuordetzaren eta Lanbideren bidez) GTIk emango dituen prestakuntza-ziklo horiek eratzen eta ziurtatzen lagunduko du, indarrean dagoen legediaren arabera, martxan jar daitezkeen tresnen eta jarduketa-programen bidez.

Gaur sinatutako protokoloak Eusko Jaurlaritzari aukera ematen dio (bost urtean zehar) urtean 846.000 euro inguru emateko teknologia aurreratuen prestakuntzan abangoardiakoa den proiektu honi. Ondorioz, zentro honen bidez, euskal automobilgintzaren sektorearen lehiakortasuna indartuko da, pertsonen gaitasunak nahiz enplegagarritasuna hobetuko dira eta Euskadi sektore honetako munduko erreferente bihurtuko da.

Zehazki, funts hauek esleituko dira: Prestakuntzarako 90.000 eurora arteko funtsa, betiere, EAEko langabeak kontratatzeko konpromisoarekin; Euskadin Gestamp enpresako plantilla prestatzeko, guztira, 60.000 eurora arteko funtsa eta atzerrian praktikak egiteko, guztira, 576.000 euroko funtsa. Era berean, GTI berriari, guztira, 120.000 euroko diru-laguntza emango zaio Gestamp enpresako teknologia aurreratuetan eta prozesu tradizionaletan Espezializatutako Programa Espezifikoak garatzeko.

Gestamp munduko liderra da automobilerako metalezko osagaiak eta multzoak diseinatzen, garatzen eta fabrikatzen. 20 herrialdetan dago, 93 ekoizpen-instalazioren bidez, eta 32.000 pertsonako plantilla dauka. Berrikuntza Gestamp enpresan ezinbestekoa da; horregatik, munduan I+Gko 12 zentro ditu. Euskadin dago zentro horietako bat eta arlo horretako 1.000 pertsonari ematen die enplegua.

Talde honen aurreikuspena da Asian, AEBetan, Europan eta Latinoamerikan bere hedapen geografikoarekin jarraitzea. Hori dela eta, prestakuntzan ahalegin handia egin beharko dute bai egungo plantillako langileek bai, etorkizunean, Gestampeko nazioarteko proiektu berrietan lanean hasiko diren langileek ere.

 

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @norgarads
    2015.eko apirilak 01

    Comentario de Twitter:
    Gestamp y el Gobierno Vasco crean protocolo para la implantación de un centro de formación referente de excelencia http://t.co/pOcX7XmQC7

  • ana
    2015.eko apirilak 01

    pues me alegro mucho @iurkullu

  • @gananzia
    2015.eko apirilak 01

    Comentario de Twitter:
    Gobierno Vasco y Gestamp implantarán en Euskadi un centro de formación de excelencia en tecnologías avanzadas http://t.co/r2x48rnJb9

  • @jansola
    2015.eko martxoak 31

    Comentario de Twitter:
    Ez dut ulertu zer jarri duen enpresak... Zuek? "El Lehendakari y el Presidente de Gestamp firman un protocolo... " http://t.co/jCD7RNKS86

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Francisco José Riberas, Jon Barrenetxea, Unai Agirre