Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak gorakada hauteman du azken urtean alarma faltsuen aktibazio kopuruan

2015.eko martxoak 30

2014an, patruilak 885 lapurreta-abisu faltsu ikertu behar izan zituen

Ertzaintzak azken urtean alarma-gailuen aktibazio oharkabe edo faltsuak gora egin duela hauteman du. Gorakadaren eraginez, alarmak egiaztatzeko polizia-jarduera ugari sortu dira, azkenean beharrezkoak izan ez direnak. Azken urtean egondako gorakada, ordea, denbora-tarte zabalago batean sartzekoa da; aldi zabalago horretan, etengabe urritu dira alarma faltsuak Ertzaintzaren Segurtasun Pribatuko Unitateak gauzatutako ikuskapen-lanaren eraginez.

Segurtasun Pribatuko Unitatearen datuen arabera, 2014an Ertzaintzak alarma faltsuen 7.021 abisu jaso zituen, guztira, hala zentral hartzaileetatik nola instalazio partikularretatik. Denbora-tarte berean, 695 izan ziren benetako lapurreta, sute eta bestelako gertakariengatik jasotako abisuak. Horiek guztioriek poliziaren esku-hartzea eragin zuten, eta baita, kasu askotan, atxiloketak edo beharrezko larrialdi-baliabideen berehalako presentzia.

Dena dela, komenigarria da denbora-tarte zabalago batean kokatzea alarma faltsuen gorakada hori; % 9 baino gehiago hazi badira ere aurreko ekitaldiaren aldean, etengabe gutxituz joan dira azken hamarkadan. Duela hamar urte, 30.000 alarma faltsu baino gehiago jasotzen ziren urtean. Bi dira beherakadaren arrazoiak: batetik, Ertzaintzaren Segurtasun Pribatuko Unitatearen kontrol- eta ikuskapen-lan iraunkorra; bestetik, alarma-gailuen gaineko araudi erregulatzaile zorrotzagoa sartu izana duela lau urte.

885 lapurreta faltsu

Hainbat saltoki, enpresa eta etxebizitzatan lapurreten aurkako sakagailuak daude indarkeriazko lapurreta baten biktima izaten ari direla abisatzeko. Halakoak gero eta gehiago aktibatzen dira nahigabe, eta horrek asko larritzen ditu polizia-arduradunak. Iaz, guztira, Ertzaintzak 885 lapurreta-abisu jaso zituen zeinetan, behin bertaratu ondoren, alarma faltsua zela ohartu zen. Kasu gehienetan, «maila baxuko edo erdi-mailako arrisku»ko instalazio gisa sailkatutako instalazioetan sortu ziren.

Segurtasun-baliabideak desbideratzen dira

Hainbat arrazoiengatik sortzen dira alarma faltsuak, baina gizakion axolagabekeria aldagai konstantea da: kodea ahaztea, garbitzaileei koderik ez jakinaraztea, alarma deskuiduan sakatzea, etab. Ertzaintzaren Segurtasun Pribatuko Unitateak berriz adierazi du aktibatze faltsu guzti-guztiek eragiten dutela poliziaren esku-hartze urgentea. Minutu gutxi batzuetan, polizia-patruilek gertakariak egiaztatu behar dituzte eta, beharrezkoa izanez gero, «delitua» ekiditeko esku-hartu. Baliabideok behar-beharrezkoak diren beste jarduera batzuetatik desbideratzen dira: esaterako, benetako lapurretak edo pertsonen aurkako delituak eragozteko zaintza-lanetik.

Axolagabekeria horiek herritar guztien segurtasunari eragiten diote eta, logikoki, ondorioak dituzte. 2014an, Segurtasun Pribatuko Unitateak 222 txosten abiarazi zituen, erabiltzaileei alarma-sistema axolagabekeriaz erabiltzeagatik zigor posibleak ezartzeko. Era berean, 238 zuzentze-eskakizun egin zituen, hilabeteko epean alarma faltsuak bitan edo gehiagotan jakinarazi zirenetan instalazio beretik. Eskakizunon eraginez, instalatzaileak alarma-gailuak aztertu zituen 184 instalaziotan; are larriago, 54 agindu eman ziren arauak betez aztertu ez ziren sistemak deskonektatzeko, eta derrigorrez berriz konektatzeko agindua 32 instalaziotan.

Ertzaintzaren kontrol-lana

Ertzaintzaren Segurtasun Pribatuko Unitatearen ardura da lokaletan instalatutako alarma sistemek ondo funtzionatzen dutela kontrolatzea eta egiaztatzea, akatsik izan ez dezaten eta, hala, ez daitezen behin eta berriz inolako arrazoirik gabe aktibatu. SPUk alarma abisuak jasotzen dituen zentral batera konektatutako gailu guztiak gainbegiratzen ditu, bai bere ezaugarriengatik alarma edukitzera behartuta dauden establezimenduetakoak (adibidez, banketxeak, bitxi-dendak, arte-galeriak, loteria administrazioak, joko-establezimenduak eta gasolindegiak) bai beren kabuz alarmak instalatu eta abisua jasotzen duen zentral batera konektatzen dituzten enpresa, partikular, denda eta abarretakoak.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2015.eko martxoak 30

    Comentario de Twitter:
    Ertzaintzak gorakada hauteman du azken urtean alarma faltsuen aktibazio kopuruan http://t.co/BxL0Yp9sOP

Komunikabideek behera kargatzeko