Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak ziklo-aldaketa iragarri du Euskadirako eta ekonomia-aurreikuspenak hobetu ditu

2015.eko martxoak 30

Iñigo Urkullu lehendakariak baieztatu du Euskadi ziklo-aldaketa betean dagoela, «argi eta garbi», eta Eusko Jaurlaritzak aurtengo urterako aurreikusitako euskal ekonomiaren hazkundea goratu du. Hala, iragarri du BPGa % 2,3 haziko dela —hasierako zenbatespenak baino 0,6 gehiago— eta langabezia-tasa % 13,7raino jaitsiko dela.

«El Correok» antolatutako Ekonomia Itxaropenei buruzko Forora joan diren hainbat pertsonen aurrean, lehendakaria itxaropentsu agertu da etorkizunari begira. Nabarmendu duenez, euskal ekonomiaren jokabidea aurreikusitakoa baino mesedegarriagoa izango da. «Iaz, BPGa % 1 haziko zelakoan jardun ginen, eta % 1,2ko hazkunde errealarekin itxi genuen ekitaldia: hau da, euskal ekonomiak azken 6 urteetan izan duen hazkunde handienarekin» jakinarazi du. Haren ustez, Euskadi hazkundealdian eta susperraldian sartu den seinale.

Ekonomia Foroan, halaber, Eusko Jaurlaritzako sailburu ia guztiak egon dira. Lehendakariak azpimarratu du bere gobernuak apustua egin duela «baliabide publikoak zuhurtasunez kudeatzearen alde, defizit-murrizketaren bide beretik». Dena dela, «sentikortasunez» jokatu beharra ikusten du, uste osoa baitu krisialditik atera, «gizarte-babes sistema bermezko eta jasangarri bat defendatuz» atera behar dela. Zentzu horretan, gogorarazi du Euskadik, krisia gorabehera, finkatu dituela oinarrizko zerbitzuak eta ezarri dituela «hazkunde iraunkor» baterako oinarriak.

Era berean, adierazi du Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasuna duela enpleguaren sorrerak, eta helburu hori «gure esku dagoela»; izan ere, euskal gobernuak eskuartean dituen aurreikuspenen arabera, aurtengo urtean % 1,6ko hazkunde garbia izango du lanaldi osoko enpleguak, eta horrek aukera emango du langabezia-tasa % 13,7raino murriztuz ixteko ekitaldia.

Inbertitzeko deialdia

Hitza hartu duenean, Urkulluk zera adierazi du: «Hauxe dugu inbertitzeko, apustu egiteko unea; hauxe dugu Euskadin enpleguaren unea». Bereziki, gazteak enpresa munduan sartzeko deialdia egin du. Izan ere, lehendakariaren aburuz, ez badugu gazteen aldeko apusturik egiten, «herrialde honetako aktibo garrantzitsuena galduko dugu».

Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa hau da: «benetako ekonomiatik hurbil mantentzea, enpresari laguntza emateko estrategia sendotzea, eta politika ekonomikoaren norabidea eta egonkortasuna bermatzea, bai eta kudeaketaren zuzentasuna ere». Helburua: «langabezia-tasa % 8tik behera jaistea eta gizarte-kohesioa bermatzea».

Galdera-txandan, lehendakariak gai hauei buruzko galderak erantzun ditu: hauteskunde-maparen zatiketaren ondoriozko aldaketa politikoak, autogobernuaren aldeko apustua, eta gobernu, patronal eta sindikatuen arteko elkarrizketetan akordioetara iristeko premia.

Urkulluk adierazi du lan-harremanen euskal esparru baten alde egin behar dela, bai eta enplegu-politika aktibo eta pasiboak Euskaditik kudeatzearen alde ere, hartara, lan-eskaintza enpresen eskarira egokitzeko.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2015.eko apirilak 01

    magnífica ocasión para ampliar presupuesto y volcarse en I+D+i.

  • @Gob_eus
    2015.eko martxoak 30

    Comentario de Twitter:
    [ECONOMÍA VASCA] @IUrkullu​:"Es el momento de invertir, el momento de apostar, es el momento del empleo en Euskadi" ➡ http://t.co/O4tfi83qMV

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)