Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskal Soziometroa: Egoeraren pertzepzioa eta etorkizunerako espero dena hobera

2015.eko martxoak 27

Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak -Euskadi munduan- 57. Euskal Soziometroaren berri eman du gaur. 

Euskal Soziometroaren gai nagusiak barne hartzen ditu Europarekiko euskal herritarrek dituzten jarrerak, atzerriko hizkuntzen ezagutza eta erabilera eta nazioarteko bizipenak, baita ekonomiaren nazioartekotzeari buruzko iritziak ere. Landa lana 2015eko otsailaren 9tik 14ra bitartean egin zen.

EUSKADI MUNDUAN

Europar Batasunaren irudi okerragoa

Europar Batasunari buruzko irudia duela zortzi urte baino ezkorragoa da gaur egun Euskadin.

Europar Batasuna modernoa, demokratikoa, babeslea eta eraginkortasunik gabea ote den galdetuta, iritziak 2007an baino ezkorragoak dira nabarmen. Gaur egun herritarren %47k oso edo nahikoa modernoa dela diote (2007an %67k), %36k oso edo nahikoa demokratikoa (2007an %65ek), %30ek uste dute oso edo nahikoa babeslea dela (2007an %49k) eta %51k oso edo nahikoa ez-eraginkorra dela (2007an %33k).

EAEko herritarrek Europar Batasunari buruz duten irudiak okerrera egin du 2007tik; izan ere, irudi hori oso positiboa edo nahikoa positiboa dela diotenak %52tik %31 izatera pasa dira.

Herritarrek lotura handia adierazten dute bai bizi diren herri edo hiriarekiko baita Euskal Herriarekiko ere (lotura handia dutela diote %64k eta %66k hurrenez hurren). Askoz gutxiagok sentitzen dute Espainiarekiko eta Europarekiko lotura handia (%20k eta %17k).

 Atzerrira joatea formatzera, oso positiboa; lanera, ez hainbeste

Herritarren %30ek diote badakitela ingelesez hitz egiten eta idazten, %10ek frantsesez, %2k alemanez eta %7k beste hizkuntza batean. Atzerriko hizkuntzaren bat dakitenen artean, %21ek diote egunero erabiltzen dutela, eta beste %13k maiz, baina ez egunero. Herritarren %20k diote inoiz kaltetuak edo gutxitasun egoeran sentitu direla atzerriko hizkuntza bat ez jakiteagatik.

EAEko biztanleen %17 ez dira inoiz atzerrian izan. %30 urtean behin edo gehiagotan joan ohi dira atzerrira eta %52 maiztasun gutxiagorekin. Atzerrira bidaiatzeko arrazoi nagusia turismoa da, eta ondoren familia edo lagunei bisita egitea eta lana. EAEko herritarren %23k diote atzerriko herrialderen batean bizi izan direla gutxienez 3 hilabetez.

Herritarren %20-25ek beste leku batera bizitzera joateko nahia adierazi dute, izan Euskadin bertan, Espainiako Estatuan, Europan edo Europatik kanpo. Herritarren %12k uste dute aukera asko edo dezente daudela etorkizunean atzerrira bizitzera joan daitezen, nagusiki beren lan-egoera hobetzeko.

EAEko biztanleen gehiengo handiak (%81ek) dio oso edo nahikoa positiboa dela gazteak atzerrira joatea formatzera; ehuneko hori jaisten da (%52) gazteak atzerrira lanera joateari buruz galdetutakoan.

Euskal enpresen nazioartekotzeari buruzko iritzi positiboa

Herritarren %52ren ustez euskal enpresak asko edo dezente ari dira nazioartekotzen, eta %41ek iritzi hori bera dute Espainiako enpresei buruz.

Euskal enpresak nazioartean gehiago aritzea Euskadirentzat ona dela eta gaur egun enpresentzat nazioartean aritzea beharrezkoa dela planteatuta, EAEko biztanle gehien-gehienak ados daude (%82 eta %79 hurrenez hurren). %59k uste dute euskal enpresak munduko edozein lekutara mugitu ahal izateak Euskadin langabezia handitzen duela, baina hala ere, %51k globalizazioa hazkunde ekonomikorako aukera bezala ikusten dute. EGOERAREN BALORAZIOA

Egoeraren pertzepzioa eta etorkizunerako espero dena hobera

Euskadiko eta Espainiako egoeraren pertzepzioa hobetu egin da duela urtebetetik hona (5,2tik 5,5era Euskadikoa eta 3,4tik 3,8ra Espainiakoa, 0tik 10erako eskalan). Egoera pertsonalari buruzko pertzepzioa  mantendu egin da (6,2). Gainera, hemendik urtebeterako espero denaz galdetuta, duela urtebete baino erantzun baikorragoak jaso dira.

Herritarren iritziz, berriz ere, Euskadiko arazo nagusiak lan merkatuari lotutakoak dira (hiru arazo nagusien artean aipatu dituzte herritarren %83k). Ondoren datoz arazo ekonomikoak (%20), egoera politikoa, politikariak eta gatazka politikoa (%13), ustelkeria eta iruzurra (%12) eta etxebizitza eta etxe-gabetzeak (%9).

EAEko herritarren %5ek uste dute Euskadiko bizi-kalitatea askoz hobea dela Europar Batasuneko gainerako herrietakoa baino, %39k pixka bat hobea dela, %32k pixka bat okerragoa dela eta %7k askoz okerragoa. %17k ez dute erantzun.

JARRERA ETA BALIO POLITIKOAK

Alderdi politiko batek ere ez ditu lortu 5 puntu eta buruzagien artean Lehendakariak bakarrik

Ohikoa den bezala, alderdi politiko bat ere ez da 5 puntuko baloraziora iritsi 0tik 10erako eskalan. EAJk lortu du puntuaziorik altuena (4,3) eta atzetik datoz PODEMOS-AHAL DUGU (4,0), EHBILDU (3,4), IU-Ezker Anitza (3,0), PSE-EE (2,8), UPD (1,8) eta PP (1,3).

Buruzagi politikoen artean Iñigo Urkullu Lehendakariak bakarrik lortu du oniritzia, 5,1 punturekin. Ondoren datoz Hasier Arraiz (4,6), Andoni Ortuzar (4,4), Idoia Mendia (3,8), Arantza Quiroga (2,6) eta Gorka Maneiro (2,4).

Independentziaren aldeko jarrera gutxitu egin da iaztik hona (%30etik %26ra), aurreko urteetako ohiko mailetara itzuliz.

 

*Ikerketa honen fitxa teknikoa zabaldu den txostenean kontsulta daiteke. Lagina 18 urtez gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 2.142 lagunek osatua da. Elkarrizketak aurrez-aurre egin dira. Lagin honi dagokion lagin errorearen estimazioa ±%2,2koa da EAE osorako, %95,5eko konfiantza mailarako, p=q=0,5 izanik. Informazio bilketa 2015eko otsailaren 9a eta 14a bitartean egin zen.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @anamarti4
    2015.eko martxoak 30

    Comentario de Twitter:
    Sociómetro Vasco: Mejora la percepción de la ciudadanía vasca sobre la situación general y las expectativas de f... http://t.co/n6CtnR1gaM

  • @laboralempresas
    2015.eko martxoak 30

    Comentario de Twitter:
    Según el último sociómetro vasco, la gran mayoría de la población vasca se muestra a favor de la internacionalización http://t.co/FhLd2uek8s

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)