Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak pertsonak ditu ardatz, bere online zerbitzuei esker gero eta pertsonalizatuagoa eta eskuragarriagoa den arretaren barruan

2015.eko martxoak 30

Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariak, Antonio Arraiza sendagileak, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean agerraldi bat egin du gaur, O-sarean, bertaratu gabeko Osakidetza aurkezteko; hau da, herritarren eta euskal osasun publikoaren arteko bertaratu gabeko harremanetarako zerbitzu sorta garatuko duen programa bat.

«Osakidetzak lehentasunezko bi helburu dauzka: herritarren partaidetza sustatzea, online tresnen bidez, eta pertsonak beren osasunaz arduratzea bultzatzea, horretarako ezagutza, informazioa, prebentzioa eta kudeaketa bera erraztuz», Arraiza sendagileak azaldu duenez.

Aurkezpenean, Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariak Osakidetzak dauzkan «bertaratu gabe» erabiltzeko baliabide, zerbitzu eta aplikazioak ezagutarazi ditu. Bere hitzetan, tresna horiek Osakidetza «asistentziaren jarraipenaren abangoardian kokatzen dute, bertaratu gabeko eredu honekin, komunikazio-tresna berritzaileak garatzeari esker».

Eusko Legebiltzarrean argitu duenez, bertaratu gabeko arretak, dela informazioa emateko, dela hitzorduak kudeatzeko edo izapide administratiboak egiteko, gure osasun sistema publikoa eskuragarriagoa egiten du. Horrez gain, komunikaziorako eta harremanetarako bide berri gisa sendotzen ari da eta ohiko arretaren osagarria da, bai osasuneko profesionalentzat bai pazienteentzat.

Asistentzia Sanitarioko zuzendariak esan duenez, irekitako herritarrekiko komunikazio-kanal berrien helburuak argiak dira: pertsonen bizi-kalitatea hobetzea; beren osasunari eta Osakidetzari dagokienez eragile aktibo bihurtzea; kalitatea, eskuragarritasuna eta ekitatea hobetzea; eta Osakidetzaren eraginkortasuna handitzea. «Eta nola lortzen da helburu hauek islatzea? Asistentziaren jarraipena eginez eta pazientea ardaztzat hartuta arreta emanez, behar duen tokian, eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan, eta gainera, horrek osasun-sistemaren iraunkortasuna errazten du», esan du.

Agerraldian, Antonio Arraiza sendagileak Osakidetza gehitzen joan den herritarrekiko bertaratu gabeko harreman-kanalak aletu ditu: web-hitzordua, telefono bidezko kontsulta, osasun-aholkua, etxean jarraipena egiteko programak, telemonitorizazioa, osasun-karpeta, osasun eskola, etab.

Komunikazio-tresnen artean, Osakidetzaren www.osakidetza.euskadi.eus webgunea nabarmendu du; izan ere, horren bidez, pertsonentzako interesgarriak diren osasunaren eta osasun-arretaren inguruko zerbitzu eta informazio guztiak eskuratu daitezke.

Lehen mailako arreta jasotzeko ezarritako hitzordu-eredu berriaridagokionez, hiru aukera ematen ditu: telefonozko deia eta erantzun pertsonalizatua; erantzungailu automatikoa, osasun-etxeen zerbitzu-ordutegitik kanpo arreta emateko; eta webgunea. Azaldu duenez, Osakidetzaren webguneak edozein unetan edozein lekutatik lehen mailako arretako medikuntza, erizaintza eta pediatria atalekin hitzordu bat egitea ahalbidetzen du. Erabilera % 8,5ekoa da, eta profesionalen zitazio zuzena gehituz, lehen mailako arretan egindako hitzordu guztien % 40ra iristen da.

Antonio Arraizak bere agerraldian nabarmendu duen bertaratu gabeko arretako beste zerbitzuetako bat Osasun Aholkua da: telefono bidezko zerbitzu bat, jasotako deiei irtenbidea emateko prestatuta dauden erizaintzako profesionalek emana, eta deien % 85i irtenbidea ematen zaie edo erantzun egokia eman dezaketenengana bideratzen dira.  Iaz, 128.000 dei erantzun ziren; batez ere, eroriko, zorabio, sukar, botagura, bertigo, neke, botika, lunbalgia, ondoez orokor, eta abarrekin lotuak.

Osasun Aholkuak, gainera, beste prestazio proaktibo batzuk ematen ditu, esaterako: gaixo kronikoen jarraipena. Hain zuzen, jarduera hori handitu egin dela iragarri du: «% 21 hazi da 2013arekin alderatuta, hau da, 2014an 40.646 jarraipen-dei izan dira, aurreko urtean, berriz, 33.659. Bestalde, erizaintzako profesionalek bi arreta-zerbitzu berri barneratu dituzte: Suizidioaren prebentzioa, Telemedikuntzaren bidez (304 jarraipen) eta Erretzeari utzi nahi diotenentzako gomendioak. Azken zerbitzu horretarako telefono zehatz bat dago, 2014an 645 pertsonak erabilia».

 

Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariak aipatu duen beste zerbitzuetako bat Telefonozko Kontsultena izan da.Adierazi duenez, harreman-modu hau sendotu egin da eta euskal herritarrek gehien eskatzen duten baliabideetako bat da, «lehen mailako arretan 2 milioi kontsulta baino gehiago egiteak adierazten duen bezala». «Helduen medikuntza eta erizaintzan eta pediatrian erantzundako kontsulta guztien % 18,13 dira».

 

Arreta espezializatuaren kasuan, Arraiza sendagileak azaldu duenaren arabera, antzekoa gertatzen da. Telefono bidezko kontsulten kopurua % 18,3 igo da 2013arekin alderatuta; zehazki, 2014an 144.310 jaso dira, eta aurreko urtean, 122.036. Baina lehen mailako arretako eta arreta espezializatuko profesionalek ere erabiltzen dute zerbitzu hori. Haiek 48.500 kontsultatan elkarrekintzan aritu ziren, eta horrek esan nahi du kontsulta kopurua % 162 handitu dela 2013an egindakoekin (18.490) alderatuz. Profesionalen arteko kontsulta horiei esker, azaldu duenez, itxaron-zerrenda optimizatu egiten da eta pazienteei mesede egiten die, errazago eta azkarrago erantzuten dietelako, alferrikako desplazamendurik gabe.

 

Agerraldian, Antonio Arraizak, halaber, osasun-informazioa eskuratzeko kanaletako bati tarte berezia eskaini dio. Kanal hori zerbitzu gehien biltzen dituenetako bat da, dinamismo handikoa eta pertsonen partaidetza aktibo eta proaktibo handikoa: Osasun Karpeta.

 

Azaldu duenez, Osasun Karpeta (https://micarpetasalud.osakidetza.net/b65CarpetaSaludWar/login/inicio?locale=eu) pertsona bakoitzaren Historia Kliniko Elektronikora sartzeko atea da. Karpetan, paziente bakoitzaren informazio kliniko eta sanitario guztia biltzen da, modu seguru eta isilpekoan. Internet bidez kontsulta daiteke; beraz, edozein tokitatik egin daiteke, noiznahi. «Historia Kliniko Elektronikoari esker, bai Osasun Zentroan bai Ospitalean egindako txostenak ikusteko aukera izango dugu (erradiologia-probak, analisi klinikoak, alta-txostenak, historia farmakologikoa, txertoei buruzkoa...). Gainera, hitzorduak eta datu pertsonalak kontsultatzeko eta aldatzeko aukera ematen du, baita online izapideak egiteko aukera ere. Halaber, autojarraipeneko programetan alta eman daiteke, kontrolak egin eta gomendio eta alertak jasotzeko».

 

Baina hori baino gehiago da Osasun Karpeta, zuzendariaren arabera; izan ere, nabarmendu duenez, informazioa emateaz gain, osasun arloko profesionalak pazienteekin komunikatzea ahalbidetzen du, baita alderantzizkoa ere.

 

Osasun Batzordeko ordezkari parlamentarioei adierazi dien bezala, gaur egun, zerbitzu berriak eskuratu daitezke: Nire Egunerokoa, Pazientearentzako Mezuak eta Pazientearen Zalantzak. Horiek pazienteari bere osasunaren kudeaketan protagonismo handiagoa ematen diote, baita Osakidetzarekiko harremanean ere. Pazientearentzako Mezuak eta Pazientearen Zalantzak zerbitzuek posta elektronikoa ordeztu eta telefono-zerbitzua osatzen dute, Nire Osasun Karpeta sistema seguruaren bidez. Sistema horretara sartzeko, pazientearen identitatea eta informazioaren konfidentzialtasuna bermatzen dituen segurtasun-mekanismoak daude. Sartu ahal izateko, Itsasontzi Joko bat (erabiltzailearen gakoak, pasahitza eta koordenatuak ditu, Osasun Zentroan eska daiteke) edo sinadura digitala barne daukan txartel bat (ONA, Herritar Txartela, e-NANa edo Osakidetzako Txartel Profesionala) behar dira.

 

Antonio Arraiza sendagileak honako hau adierazi du: «Hilero, zerbitzu honen erabiltzaileen kopurua handitu egiten da. Hala ere, tresna hori herritar gehiagok erabili beharko luketela uste dugu, potentzial handia daukalako, aplikazio berritzaile, dinamiko, seguru eta sinplea denez eta etengabe aldatzen denez. Gainera, kalitate eta iraunkortasun handiagoko osasun-arreta ematen laguntzen du».

 

Asistentzia Sanitarioko zuzendariak azaldu du, halaber, agerraldi berean, Osakidetzak osasun arloko hiru aplikazio dituela: Osakidetza bera (Aurretiazko Hitzordua, Osasun Karpeta, Osasun Aholkua eta Paziente Aktiboa zerbitzuak barne), Hazten Ikusten eta Bizi Tabakorik Gabe.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Asebi_Elkartea
    2015.eko apirilak 09

    Comentario de Twitter:
    Atención más personalizada y accesible gracias a sus servicios Online.
    http://t.co/R0tjXnX2m4

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)