Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Lehendakariak Ruiz de Apodaka, Quintana, Caballero, Echarri, Aurtenetxea eta Grijelmo enpresaburuei entregatu die Korta Saria

2010.eko ekainak 30

Euskal enpresaburuak bildu dira ETAk 2000. urtean eraildako Joxe Mari Korta enpresaburuaren omenezko sarien hamargarren edizioan

Korta Sariek hamargarren edizioa bete dute aurten, eta Patxi López lehendakaria sarien entrega-ekitaldiaren buruan egon da gaur arratsaldean. Lehendakaritzan egin da ekitaldia, enpresaburuen, erakundeen eta euskal gizartearen hainbat ordezkariren aurrean, eta sei enpresabururen ibilbidea saritu dute bertan. Pedro José Ruiz de Apodaka eta Félix Quintana (biak SEA-Arabako Enpresariak erakundeak proposatuta), Jaime Caballero eta José María Echarri gipuzkoarrak (Adegiren babesarekin), eta Juan José Aurtenetxea eta Amancio Grijelmo bizkaitarrak (Cebek-ek egindako proposamenari jarraiki) izan dira aurtengo saridunak.

Patxi López lehendakariak ETAk hil zuen enpresariaren “oinordekoak izatea merezi dugula” esan ahal izateko Joxe Mari Kortak hasi zuen bidea “bizirik” mantentzera animatu ditu enpresari sarituak. “Askatasunez, konstantziaz eta ongi egindako lanaz egindako bide bat”, horrelaxe definitu du Korta aurtengo edizioan sarituak izan diren 6 enpresarien aurrean. Lehendakariaren hitzetan, “ez daude bakarrik, gu beraiekin gaude eta, baita herrialde osoarekin ere, egunero-egunero gizarte hobe bat lortzeko lanean”. Lehendakariak terrorismoak ez zituela inoiz ere “Joxe Mari Kortaren hitzak geldiarazi, eta gureak ere ez dituela geldiaraziko” azpimarratu du. Lópezen ustez, Joxe Mari Kortaren bereizgarriak “askatasuna defendatu zuela, oinarri demokratikoan sinesten zuela, bere adorea eta herrialdearekin zuen konpromisoa” ziren, hori dela eta, gaur, euskal gizartea “askoz umezurtzago” sentitzen da hildako enpresaria falta delako. “Berak markatu zuen bidetik jarraituz, gaur ETAri ezetz esaten diogu. Ez eta ez. Ezetz esaten diogu, behin betiko. Eta garapenari bai handi bat esaten diogu. Eta ez horrekin, eta bai horrekin, lanean jarraituko dugu, gogor, tinko, ilusioz beteta eta buru-belarri. Berak ere horixe egingo luke eta”, esan du.

 

Ekonomiari dagokionez, Lópezek Eusko Jaurlaritzak krisiaren ondorioz doikuntza neurriak ezarri behar izan dituen arren, neurri horiek “krisialditik indartuta irtetea” ahalbidetuko digutela adierazi du. “Gogorra eta zaila izan da, inori ere ez zaio gustatzen horrelako neurriak hartu behar izatea, baina harro gaude prozesu honetan ez gaudela bakarrik ikusten dugulako”, gehitu du lehendakariak eta “administrazioek, enpresariek eta langileek” egoera honetan beren gain hartu duten “erantzukizuna”ren balioa gailendu du. “Horiek Euskadik aurrera egitea lortzeko ezinbestekoak diren beste aurpegi ikusezin asko atzean dituen aurpegi ikusgaia dira. Gaur, inoiz baino gehiago, krisi garai honetan, zuek bezalako jendea behar dugu”.

 

Ildo horretatik, lehendakariak “aurten iaz baino egoera hobean gaudela” errepikatu du, baina “ez da lasaitzeko unea, aitzitik, elkarrekin bide beretik lanean jarraitu behar dugu, gaurko ahalegin eta sakrifizioak oraingo eta etorkizuneko ongizateari eusteko bermea baitira”. Lópezen hitzetan, “solidaritatean, lehiakortasunean eta iraunkortasunean oinarritutako eredu baten bidez soilik egin ahalko diogu aurre erronka honi”.

Pedro José Ruiz de Apodaka

Orain dela 64 urte jaio zen Gasteizen, eta, Batxilergoko ikasketak Marianisten ikastetxean egin ondoren, Madrilera joan zen bere prestakuntza akademikoa osatzeko. 1968an Gasteizera itzuli zen, eta bertan, aitaren eskutik, lan-munduarekiko lehen harremana izan zuen, etxebizitzak sustatzen eta eraikitzen ziharduen Construcciones Hilario Ruiz de Apodaca enpresan.

1976an, familiak Aldape SA enpresa sortu zuen. Eraikuntzan buru-belarri aritu den 40 urtean, Pedro Josék 1.600 etxebizitza baino gehiagoren eraikuntzan parte hartu du Gasteizen, Aldape osatu duen eta osatzen duen Ruiz de Apodaka familiaren hiru belaunaldietan.

Berrikuntzaren alde egiten duen heinean, enpresaburu arabarrak joera berriak bilatu ditu. Horren adierazgarri dugu hasiera-hasieratik familia-protokoloarekin bat egin zuela eta ziurtagiri guztietara egokitu zela. Langileei zenbait balio transmititu dizkie, hala nola seriotasuna lanean, lana ondo gauzatzeko; epeak betetzeko konpromisoa; eta enpresak altxatutako obra guztiekiko maitasuna. Eta hori guztia "gehiegizko handinahiaren itsukerian erori gabe". Pedro Joséren alabetako bik Aldapen jarduten dute lanean.

Félix Quintana

Orain dela 72 urte jaio zen Gasteizen, eta, nautika- eta administrazio-alorretako ikasketak egin ondoren, Eibarren hasi zuen ibilbide profesionala, Forjas Macharia eta Felipe Tellería enpresetan; azkenean, erantzukizuneko karguak ere izan zituen enpresa horietan. Urtebete geroago aldatzea erabaki zuen, eta Helmus Electrónica enpresara bildu zen, gerente gisa; ondoren, sektorez aldatu zuen, eta Acerías y Forjas de Azkoitia enpresako merkataritza-zuzendariaren kargua hartu zuen.

Hainbat sektoretan esperientzia zabala lortu ondoren, 1973 Tauxme enpresan sartu zen, bazkide gisa. Langraizen zegoen enpresa horrek metalezko egituren fabrikazioan jarduten zuen, eta Quintana jaunak ongi ezagutzen zuen, urte askoan maiz bisitatu baitzuen. Izan ere, haren bi anaia bikiek fundatu zuten konpainia, 1965ean. 1992. urtera arte, anaiekin elkarlanean kudeatu zuen enpresa, eta, urte horretatik aurrera, bakarka jardun zuen.

Ez ziren garai errazak izan, baina gaur egun Tauxme lau kontinentetara hedatu da, eta 100 langile ditu, gutxi gorabehera. Gasteizko enpresak tamainako obrak eraman ditu aurrera, hala nola munduko bigarren kobre-meatzea Cananean (Mexiko); altzairu-fabrika ugari mundu osoan barrena, Marokon eta Aljerian ezarritako lehenak adibidez; eta Vital Kutxaren eraikin berria.

Félix Quintanak "errespetuan oinarritutako politika" aplikatu nahi du maila guztietan. Harro esaten duenez, "Tauxmen lanean hasten denak, bertan hartzen du erretiroa".

Jaime Caballero

Tolosan jaio zen, orain 67 urte, papergintza-industrian lau belaunaldi eman dituen familia batean. Tuterako Jesuiten ikastetxean ikasi zuen batxilergoa eta, jarraian, Zuzenbideko ikasketak egin zituen, Valladolideko Unibertsitatean.

Jarraian, Papelera del Oria SA enpresako Administrazio Departamentuan hasi zen lanean. Lehenik ahalordedun gisa jardun zuen bertan, eta jarraian gerente gisa. Garai txarrak ziren enpresarentzat, ordainketa-etenduratik irten berria egonik hartzekodunekiko hitzarmena bete behar zuelako.

Gainera, Jaime Caballero bahitu egin zuten 59 egunez, 1986ko abenduaren 10etik 1987ko otsailaren 7ra bitarte.

Papelera del Oria enpresaren gerentzian 24 urte eman ostean, joan den urteko abenduaren 31n hartu zuen erretiroa, enpresa guztiz kontsolidatu ondoren. Semeak hartu du haren lekukoa.

José María Echarri

Orain dela 75 urte jaio zen, Donostian. Merkataritza-irakaslea (Donostiako Merkataritza Eskola) eta ekonomialaria (Bilboko Goi Mailako Merkataritza Ikasketen Eskola) izanik, José María Echarrik ibilbide profesional luzea egin du. 1953an hasi zen lanean, Lan Mutualitateen Ordezkaritzan, eta handik Letaman moldaketa-enpresara igaro zen.

20 urtez, O. Mustad y Cía norvegiar jatorriko familia-multinazionaleko kide izan zen. Torlojugintza- eta makina-sektoretik PVCzko ehun-estaldura eta osagarrien sektorera igaro zen, Sommer Allibert España enpresan aritzeko 1982tik 1992ra bitarte. Bertan lehendakariorde izatera iritsi zen, eta taldeko zenbait enpresaren kontseilari delegatu ere izan zen.

José María Echarrik zementuaren, hormigoiaren eta agregakinen sektorean bete zuen hurrengo etapa, Cementos Rezola enpresaren matrizea den Sociedad Financiera y Minera SA konpainian. Lehendakaria eta kontseilari delegatua izan zen bertan. Ondoren, Pakea Gizarte Segurantzaren Lan Istripu eta Lanbide Gaixotasunen Mutualitatearen zuzendari gerentea izan zen.

Echarri etengabe aritu da lanean, askotariko jardueretan: Donostiako Orfeoiaren lehendakaria izan da, Norvegiako kontsula Donostian, Inasmet Fundazioko Patronatuaren lehendakaria eta Tecnalia Korporazioaren lehendakaria, baita Mutualiako lehendakariordea ere. Banco Gipuzcoano bankuaren lehendakaria ere izan zen, baita Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Itsasketa Bazkunde Ofizialaren lehendakaria ere, 2002-2006 eta 2006-2010 legegintzaldietan.

Juan José Aurtenetxea

Bilbon jaio zen orain 71 urte, Santiago Apóstol ikastetxean ikasi zuen, eta merkataritza-perituko goi-mailako ikasketak egin zituen, Bilboko Merkataritza Eskolan. 18 urte zituela hasi zen lanean, Central de Maquinaria & Herramientas ospe handiko biltegian, eta bertan esperientzia eta jakintza handia lortu zuen makina, tresna, osagarri eta lanabes industrialen alorretan.

Hala eta guztiz ere, betidanik sortu nahi izan zuen bere enpresa. Enpresan jardutearekin batera, proiektu bat garatu zuen, eta, horren ondorioz, ontzigintzarako patente bat sortu zuen eta Electro-Navales RYA konpainia fundatu, ontzietarako material elektriko estankoa fabrikatzen eta saltzen jardun zuena. Baina 1963. urtean ekin zion bere bizitzako proiektu handiari.

Izan ere, urte hartan Suministros Aurtenetxea enpresa eratu zuen, industriarako oro har, automobilgintzarako, eraikuntza zibilerako eta herri-lanetarako makina, erreminta, osagarri, lanabes eta abarren hornidura integralean jardungo zuena. Burdindegi industriala zuen, biltegiak, bulegoak eta guzti; aldameneko kalean, berriz, jendaurreko salmentarako burdindegia zegoen.

1983ko uholdeak jasan zituen, eta horrenbestez beste toki batera aldatu behar izan zuten ezinbestean, hain zuzen ere Bilboko Begoñalde kalera, eta bertan bi etapa ezagutu zituen: lehena, hazkunde berrikoa, eta, bigarrena, 90eko hamarkadaren lehen urteetako krisia. Azkenean, enpresa Sondikako industria-pabiloi batera eramateko erabakia hartu zuen. Aurtenetxeak krisia gainditu zuen horrela, eta lehen tokian jarri zen modernizazio-etapari ekiteko.

Bizkaiko industria- eta eraikuntza-horniduren enpresa garrantzitsuena da gaur egun. Sektorean kalitatezko ISO 9001 araua lortu zuen lehen enpresa izan zen, baita, aldi berean, ingurumeneko eta lan-arriskuen prebentzioko beste ziurtagiri batzuk lortu dituen lehen enpresa ere.

Gainera, 1986an, enpresaburuak Aurtenetxea Containers, SA enpresa fundatu zen, Erandioko Landan dagoena eta itsas edukiontzien alokairuan eta salmentan jarduten duena. Orobat, Sendeja, SA fundatu zuen, taldeak eta taldetik kanpoko enpresek erabilitako higiezinak kudeatzeko.

Amancio Grijelmo

Bilbon jaio zen orain 82 urte. Santiago Apóstol ikastetxean ikasi zuen. Merkataritza-intendentearen titulazioa lortu zuen Bilboko Goi Mailako Merkataritza Ikasketen Eskolan, eta, prestakuntza akademikoa osatzeko, arte grafikoen alorreko praktika eta ikasketak egin zituen Madrilen, Bartzelonan, Parisen eta Freiburgen (Alemania).

Tradizioari jarraiki, 1952an Artes Gráficas Grijelmo familia-enpresan hasi zen lanean. Federico Grijelmo aitonak fundatu zuen enpresa 1890ean, eta Bilboko garrantzi handiko zenbait argitalpen editatu zituen. Amanciok eta Amancioren anaiek familiaren hirugarren belaunaldia osatu zuten enpresan.

Urteek aurrera egin ahala, inprimategiko zenbait alor zuzendu zituen. Artes Gráficas Grijelmo Euskadiko Arte Grafikoen alorreko enpresa handiena izan zen, baita Espainiako handietako bat ere, 500 langile baino gehiago izan baitzituen.

Bizkaiko Arte Grafikoen Elkarteko kidea izan da Grijelmo 54 urtean, eta une honetan elkarteko ohorezko lehendakaria da. Arte Grafikoen Federazio Nazionaleko lehendakariordea ere izan zen. Arte grafikoekin zerikusia duten zenbait enpresaren sorreran ere parte hartu du. Grijelmo familiak Tintas Prisma fundatu zuen, eta Euskadiko paper-biltegi handiena den Dismaren sorreran lagundu zuen.

Hainbat argitaletxeren -Ediciones Deusto, Durvan, Urmo, Neguri, Cantabria eta IBC, besteak beste- fundazioan ere esku hartu zuen. Fotomekanikaren arloan, Didot fundatu zuen, baita Datacolor eta Computer to Plate ere, eta gaur egun ere, Grijelmo jauna, osasunak uzten badio behintzat, azken bi enpresa horietan aritzen da lanean. Joan den urtera arte, eta 81 urterekin, Amancio egunero-egunero bertaratu da bere enpresetara.

Epaimahaikideek honako dohain hauek hauteman dituzte horiengan guztiengan: luzaroan inplikatu dira beren jarduera profesionala garatzen duten enpresa-sektoreetan, eta, horri esker, garrantzi handia lortu dute enpresa-balioak garatzeari eta enpresak, jarduera berriak eta lanpostuak sortzeari dagokionez. Gainera, bakoitzak bere ekarpena egin du berrikuntzaren, produkzioaren, eraikuntzaren, metalezko egituren, arte grafikoen edo industria-horniduren eremuetako batzuetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria eta Bernabé Unda