Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak bat egin du «Planetaren Ordua»rekin

2015.eko martxoak 26

«Itzali argia, piztu planeta» lelopean
Galera: «Klima-aldaketaren eraginei buruz sentikortzea dugu helburu»

 

Eusko Jaurlaritzak bat egin du Planetaren Orduarekin eta datorren larunbatean, martxoak 28, argiak itzaliko ditu Jaurlaritzaren eraikin nagusietan, 20:30ak eta 21:30ak bitartean. Zehazki, honako instalazio hauetan: Gasteizen, Lakuan; Bilbon, Kale Nagusia 85eko bulegoetan; Donostian, Andia kalean; eta, horiez gainera, Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailaren egoitzan, Ihobe Ingurumena Kudeatzeko Herri Baltzuan; Urdaibaiko Euskadiko Biodibertsitate Zentroan, eta Txingudiko Ekoetxea Interpretazio Zentroan. Orobat, sentikortzeko jarduerak antolatu ditu astebururako, eta informazioa eskuragarri jarri du zentro horietara gerturatzen den ororentzat, kanpainaren xehetasunak ezagutzeko eta gure baliabide naturalak zaintzeko premiaz jabetzeko.

 

 Planetaren Ordua mundu-mailako mugimendu bat da eta duela sei urte sortu zen, natura zaintzeko eta iraunarazteko lan egiten duen eta irabazi-asmorik ez duen WWF elkarteak sustatuta. Ingurumeneko sailburuorde Josean Galerak azaldu duen moduan, «ekimen honen bidez, "Itzali argia, piztu planeta" lelopean, datorren larunbatean, 20:30ak eta 21:30ak bitartean, argiak ordubetez itzaltzeko gonbita luzatu nahi diegu enpresei, elkarteei, herri-administrazioei eta herritarrei, oro har. Helburua klima-aldaketaren eraginen inguruan sentikortzea da.»

 

Hori horrela, datorren larunbatean, 172 herrialdetako 10.000 bat hirik argiak itzaliko dituzte ordubetez, klima-aldaketaren arriskuen inguruan ohartarazteko. Nabarmentzekoa da aurten ekimenean parte hartuko dutenen kopuruak Planetaren Ordua kanpaina globaleko marka guztiak hautsi dituela. Kanpainarekin bat egin dute, halaber, Eusko Legebiltzarrak, Gasteizko Ozaeta udalerriak, Bilbok (Guggenheim museoa, Udaletxeko zubia, udaletxea, Aznar eraikina, San Bizente eliza, Begoñako basilika, Tigre eraikina eta Arriaga Antzokia), Durangok, Getxok, Donostiak (udaletxeko eraikin nagusia, Goikoa jauregia, Victoria Eugenia antzokia, San Telmo museoa, udal-liburutegiak, kulturetxeak eta hiriko argiteria apaingarria), Errenteriak, eta Irunek. Atxikimendu guztiak kanpainaren webgunean daude ikusgai: www.horadelplaneta.es.

 

José Antonio Galera Ingurumeneko sailburuordeak esandakoaren arabera, «askotariko ekitaldiak antolatu dira mundu osoko hainbat hiritan, Planetaren Ordua kanpainaren buru den WWF erakundeko boluntario eta laguntzaile-taldeek sustatuta.  Euskadin, aipatu berri ditugun ekintzak izango ditugu, baina herritarrak ere bultzatu nahi ditugu, kanpainarekin bat egin dezaten, uste osoa baitugu borondatezko jarrera horiek aukera ematen digutela sakonago hausnartzeko bai gure bizi- eta kontsumo-moldeen inguruan, bai eta molde horiek aldatu eta jarduera jasangarriagoen alde jotzeko premiaren inguruan ere».

 

Galerak adierazi duenez, «Eusko Jaurlaritzak 2020 Ingurumen Esparru Programa onartu du oraintsu. Estrategia horrek euskal administrazio guztien politikak gidatuko dituen ibilbide-orria markatzen du; hain zuzen, jasangarritasunaren hiru aldagaiak (ekonomikoa, ingurumenekoa eta gizartekoa) aintzat hartuko dituen aurrerabide-eredu berri batera eramango gaituen ibilbide-orria, enplegua, gazteria eta berrikuntza harturik oinarri».

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordearen hitzetan «Planetaren Orduak, hain zuzen, lotura handia du 2020 Ingurumen Esparru Programaren muinarekin. Izan ere, legegintzaldi honetan, Eusko Jaurlaritza etengabe dabil bere eraikin publikoetako argiteria ahalik eta gehien optimizatzeko ahaleginetan.»

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)