Berriak Segurtasuna
Eu

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak antolatzen dituen Parez Pare jardunaldien hirugarren saioan gorroto- eta bazterkeria-delituak jorratuko dituzte

2015.eko martxoak 26

Miguel Angel Aguilar Bartzelonako Gorroto eta Bazterkeriako Delituen Fiskaltza Bereziko kideak hitzaldia emango du Arkauteko akademian

«Gorroto-diskurtsoa» gero eta ohikoagoa denez, gero eta beharrezkoagoa da gorroto-delituei eta tolerantzia ezaren adierazpen guztiei (bazterkeria, gorrotora bultzatzea, etsaikeria eta indarkeria) aurre egiteko eta halako jarrerak saihesteko neurriak, arlo guztietan.  Horretarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, bihar ostirala, «Tratu berdintasuna eta bereizkeria eza» izeneko jardunaldia egingo dute, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailarekin batera, Integraziorako eta Kulturen arteko Bizikidetzarako Biltzen Zerbitzuaren (Biltzen) bidez.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak eta Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendari Jose Luis Madrazok inauguratuko dute, eta, batez ere, marko arautzailea; biktimei arreta emateko, babesteko eta laguntzeko tresnak; Internet bidez egindako delituak; gorroto-delituak eta delitu horiekin eta bazterkeriarekin lotutako gertakariak erregistratzeko beharra jorratuko dituzte. «Helburua kasu gehienak biltzeko eta ikertzeko ardura duten ertzainak prestatzea eta sentsibilizatzea da, biktimei ahalik eta arreta onena eman ahal izateko, salaketa jartzen dutenean, eta fiskaltzari eta epaileei zuzendutako argiketak hobetzeko», azaldu du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak.

Batez ere prebentziorako diren jardunaldietan hainbat aditu izango dira, besteak beste, Miguel Angel Aguilar Bartzelonako Gorroto eta Bazterkeriako Delituen Fiskaltza Bereziko kidea, eta zenbait Mosso d´Esquadra eta ertzain.

Euskadiko gizarteko aniztasuna gero eta handiagoa dela jakinik, Segurtasun Sailak ertzainak eta herritarrak sentsibilizatu nahi ditu, arrazakeriari, xenofobiari, antisemitismoari, islamofobiari, homofobiari, misoginiari eta bestelako jarrera intoleranteei, bazterkeriari eta gorroto-delituei aurre egiteko.

«Euskadin oraindik halako delituak gutxi diren arren, ezin dira alde batera utzi, “gorroto-diskurtso” deitutakoak gero eta ohikoagoak direlako eta bazterkeria eta gorroto-delituak areagotzeko arriskua handitzen dutelako», nabarmendu Malentxo Arruabarrenak. 

Jardunaldiaren egitaraua

Lehen hizlaria Miguel Angel Aguilar, Bartzelonako Gorroto eta Bazterkeriako Delituen Fiskaltza Bereziko kidea, izango da eta Gorroto-delituak: marko arautzailea eta horiei poliziaren eta fiskaltzaren kudeaketaren bidez aurre egitea hitzaldia emango du.

Ordu erdiko atsedenaldiaren ondoren, Mossos d´Esquadra eta Bartzelonako Fiskaltzaren arteko koordinazioaren arduradun Albert Olivak hartuko du hitza, eta Mossos d´Esquadra eta Bartzelonako Fiskaltzaren jarduera-protokoloaren esperientziak eta erronkak hitzaldia emango du.

Azkenik, Ertzaintzaren ordezkari Rosa Celada Calvok Ertzaintza gorroto- eta bazterkeria-delituen aurrean: kudeatzeko tresnak eta baliabideak hitzaldia emango du.

Parez Pare jardunaldien saio hau Biltzen zerbitzuaren zuzendariorde tekniko Diogenes Sabanak amaituko du.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau