Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadik postu bat egin du gora Kalitatezko Q-a daukaten turismo-establezimendu gehien dituzten erkidegoen rankingean

2010.eko ekainak 30

Gaur hasiko da Eusko Jaurlaritzaren kanpaina bat, Basquetour agentziaren bidez, sektoreko kalitate-ziurtagiriak indartzeko 

Kalitatezko Q-a daukaten 281 establezimendu ditu Euskadik: hirugarren erkidegoa da zenbaki absolutuetan eta bigarrena termino erlatiboetan; bietan ere postu bat gora egin du iaztik hona

Turismo-sektorean Kalitatezko Q-a daukaten establezimendu gehien dituen Espainiako hirugarren erkidegoa da Euskadi. Guztira, 281. Termino absolutuei gagozkiela, Andaluziak (406) eta Kataluniak (332) soilik gainditzen dute, hau da, turismo-establezimenduen zenbaki globalean potentzial handiagoa duten bi eskualdek. Termino erlatiboetan, dena den, Euskadi oraindik ere hobeto kokatuta dago: bigarren postuan dago. Nafarroa da erkidego bakarra erlazio hobearekin Kalitatezko Q-a daukaten lokalen eta sektoreko establezimenduen guztizko kopuruaren artean. Bi kategoria horietan, Euskadik postu bat egin du gora iazkoarekin alderatuta.

Gaur eman dira ezagutzera datu horiek Bilbon, euskal turismo sektorean kalitatea sustatzeko kanpaina baten aurkezpenean. Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak eta Basquetour sozietate publikoko zuzendari Ana Izagirrek azaldu dituzte gaur hasiko den kanpainaren xehetasunak, turismo-kalitateko bereizgarriak dauzkaten enpresen onespena gehitzea helburu duen kanpainarenak. Era berean, ziurtagiria daukaten lokalen kopuruaren hazkundeak jarrai dezala lortu nahi da. 

Euskadi, lehenengo lehiakortasunean

Euskadik urtero gainditzen ditu kalitate-estandarrak, eta horren adierazgarri da ziurtaturiko establezimenduen kopurua. Baina, gainera, badira beste adierazle batzuk. Duela gutxi aurkeztu da Monitur 2009 'Espainiako Autonomia Erkidegoen Turismo Lehiakortasunaren Monitorea'. Excelturrek eta Deloitte aholkularitza-enpresak egindako lan zehatza da, eta turismo-sektoreko lehiakortasunaren gakoak finkatzen dituzten 66 aldagai erabili dituzte. Eta ondorioa izan zen alor horretan erkidego onena Euskadi zela.

Sailkapen horren balioa nabarmendu du sailburuordeak eta azpimarratu du Euskadiko turismo-industriaren kalitatea eta lehiakortasuna indartzeko politikekin jarraitzearen garrantzia. Ildo horretan, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila une honetan ari da 2010-13 Enpresa Lehiakortasuneko Plana bukatzen, hurrengo asteetan aurkeztuko dena, eta Turismo Sektoreko Lehiakortasun Plan berri batean ari da lanean.

Kanpainaren aurkezpenean, Pilar Zorrilla sailburuordeak enpresek beren lehiakortasuna hobetzeko eta kalitate eta bikaintasunean ziurtagiriak lortzeko egindako ahalegina onetsi du. Eta horri zor zaio Administrazioak egiaztagiri horien sustapenarekin erantzun beharra.

Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak agindutako kanpainak Kalitatezko Q-aren programak ezagutaraztea du helburu, baita Jardunbide Egokiena ere. Bi publiko desberdini zuzenduta dago: alde batetik, gizarteari oro har, ziurtaturiko establezimenduen lana identifikatu eta bereizteko; bestetik, sektoreko profesionalei (hotelak, landa-ostatuak, bidaia-agentziak, tabernak, kafetegiak, turismo-bulegoak, museoak....), enpresaburuen artean ahalegin hori sustatzeko.

Kanpaina gaur hasi da eta urte-amaierara arte iraungo du, bi sektoreen artean banatuta. Udan, biztanleriari oro har zuzenduko zaio, eta azken hiruhilekoan, profesionalei. Hainbat tokitan ikusi ahalko da, hala nola prentsan, irratian, kanpoaldeetan, tokiko telebistetan eta sektore-bitartekoetan.

Gainera, Jardunbide Egokiekin loturiko kanpaina indartzeko, kale-ekintza bat egingo da 27 euskal udalerritan.

Sektorerako berariazko ziurtagiria da Kalitatezko Q-a, enpresen lehiakortasuna hobetu eta haiei erremintak emateko kudeaketa- eta kalitate-sistema bat ezartzeko, eta merkatuari jakinarazteko.

Bestalde, Jardunbide Egokien Programa turismo-kalitatearekiko konpromisorako onespen-bereizgarria da. Turismo-establezimenduen kudeaketan zorroztasuna epe ertain-luzera indartzea du helburu. Tamaina txikiko establezimenduei zuzentzen zaie bereziki programa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Zorrilla (Merkataritza eta Turismoko sailburuordea )