Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro inbertituko ditu 2015ean preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta horiei lan prestakuntza emateko. (2015-03-24(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko martxoak 24

LABURPENA

Iaz, preso dauden 1.054 gizonezkok eta 178 emakumek parte hartu zuten espetxetik atera ondoren bizitza birbideratzeko eta guztiz gizarteratzeko abiarazitako 43 proiektuetan.
Eusko Jaurlaritzak 5,6 milioi euro inbertitu ditu programa horiek 2000n abiarazi zituenetik, nahiz eta Espainiako gobernuak uko egin dion espetxeen eta gizarteratzeko erakundeen antolamenduaren, araubidearen eta funtzionamenduaren arloko eskumen esklusiboa eskualdatzeari.

Euskadin preso daudenak gizarteratzeko proiektuak beste urte bat gehiagoz abian jarri ahal izateko 400.000 euroko agindu ekonomikoa sinatu du gaur gobernu-kontseiluak. Diru-laguntzen programa horren deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu da apirilaren amaieran. Legez eratutako irabazi-asmorik gabeko erakunde guztiek eskuratu ahal izango dituzte aipatutako laguntzak, baldin eta egoitza soziala eta fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan badute eta, helburutzat, preso dauden pertsonak benetan eta eraginkortasunez gizarteratzea badute.

Programan parte hartzen duten erakundeek 3 proiektu aurkeztu ahal izango dituzte guztira, eta horiek 50.000 euro jasoko dituzte gehienez. Gehieneko muga horren bidez laguntzak ahalik eta gehien banatu nahi ditugu, era horretako pertsonak gizarteratzen laguntzeko baliabide-sare bat sendotzeko. Diruz lagundu beharreko proiektu guztiek, besteak beste, hauekin izan beharko dute zerikusia: programatutako irtenaldiekin, bizitegi- eta ostatu-baliabideekin, drogen mende dauden pertsonek mendekotasuna gainditzeko baliabideekin, prestakuntza- eta gaikuntza-zentroekin, eta enplegurako orientabide- eta laguntza-zentroekin.

Araba, Basauri eta Martuteneko espetxeetako zuzendariek osatutako balorazio-batzorde bat eratuko da aurkeztutako proiektuak aztertzeko eta diru-laguntzen banaketa objektiboa erabakitzeko. Aurten balorazio berezia izango dute nazioartean, Estatuan edo autonomia-mailan giza eskubideen esparruan saritutako erakundeek, presoei espetxetik kanpoko bizitza-erregimenei heltzeko aukera ematen dieten proiektuek, gizarteratzen zailak diren taldeei zuzenduta daudenek edo Eusko Jaurlaritzaren Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuarekin elkarlanean aritzen direnek.

5,6 MILIOI ESPERIENTZIAREN 15 URTEETAN

Eusko Jaurlaritzak esperientzia handia du jada arlo honetan, preso dauden pertsonei berreziketa soziala eta lan-prestakuntza emateko programak egin baititu 2000az geroztik. Eskumen esklusibo horren transferentzia ez badu ere (*), Eusko Jaurlaritzak 5,6 milioi inbertitu ditu ordutik, uste baitu horrelako programak espetxe-zigorren azken helburua lortzeko oso laguntza eraginkorrak direla: preso dauden pertsonak aktibo sozial gisa osoki gizarteratzea. Egindako kaltea onartzea eta deliturik berriro ez egitea, bizitza eskubide osoko herritar gisa birbideratzea lortu dutelako.

Halaber, Estatuan aitzindari diren programa horiek Europako arau-esparruarekin bat datoz; izan ere, espetxe-zerbitzuak eta berriz hezteko eta gizarteratzeko programak hobetzea bultzatzen du horrek.

1.232 PARTE HARTZAILE 2014AN

Iaz, 1.054 gizonek eta 178 emakumek parte hartu zuten Eusko Jaurlaritzak berriz hezteko eta gizarteratzeko abian jarri zituen 43 proiektuetan. Hauek egin ziren:

Programatutako 8 irtenaldi eta auzolandegi.
8 bizitegi- eta ostatu-baliabide.
Drogen mende dauden pertsonek mendekotasuna gainditzeko 4 baliabide.
11 prestakuntza- eta gaikuntza-zentro.
Lanerako 12 orientazio- eta laguntze-zentro.

Preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko lanean ari den euskal sareko 31 erakundek garatu zituzten aipatutako proiektuak.


(*) Gernikako Estatutuaren 10.14 artikulua: Erakunde eta egoitza penitentziarioen eta birgizarteratzearen antolaketa, erregimena eta funtzionamendua, esparru zibil, penal eta penitentziarioko legedi nagusiaren arabera. 12.1 artikulua. Estatuko espetxe-legedia gauzatzeari buruzko eskumena.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau