Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

63 milioi euto laneratzeko zailtasunak dituzten pertsona nagusien enplegua bultzatzeko. (2015-03-24(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko martxoak 24

LABURPENA

Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, gaurko gobernu-kontseiluak laneratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonen enplegua bultzatzeko diru-laguntzen blokea onartu du. Lanbidek enplegua sustatzeko jarduera horiei 63,2 milioi euro bideratuko dizkie. Honako hauek dira onartu dituzten programak:

1. Enplegua sustatzeko tokian tokiko ekintzetarako laguntza-deialdia. Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeetarako laguntza horiek, 20 milioi eurokoak, enplegua sortzera bideratutako proiektuak abiaraztea dute helburutzat, lurraldearen garapen sozioekonomikoa eta modernizazioa ekarrita. Era berean, lurralde-kohesioa ere sustatu nahi du politikaren tokiko dimentsioa sendotuz, baita 55 urtetik gorako langabetuen kontratazioa sendotzea ere. Hiru ekintza hauek hartzen dituzte barnean:

Enplegua sustatzea.Enplegua sustatzeko ekintzatzat hartzen dira ez-ohiko merkatuan egiten diren kontratazioak, baldin eta haien helburua lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea bada, beren kualifikazioa, gaitasun pertsonalak eta motibazioa sustatuko dituen aldi baterako lan-esperientzia baten bitartez. Kontratu bakoitzeko gehienezko laguntza 12.500 eurokoa izango da.

Esandako kontratazioak tokian-tokian sustatuko dira, eta toki-erakundeek egingo dituzte zuzenean; bestela, berriz, zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratzen eta laneratzen diharduten enpresek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek, baldin eta haiek hitzartuta edota esleituta badago proiektuok mamitzea.

Kontrataziorako laguntzak. Laguntza hauen helburua Lanbiden lan-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeak ohiko lan-merkatuan eta toki-enpresetan kontratatzeko laguntza ekonomikoa ematea da. Lanaldi osoko hiru hilabeterako lan-kontratu bakoitzagatik, gehienez 3.000 euroko laguntza; lanaldi osoko sei hilabeterako edo gehiagorako lan-kontratu bakoitzagatik, gehienez 6.000 eurokoa. Kontratatutako pertsona diru-sarrerak bermatzeko errentaren hartzailea edo lehen lana duen 35 urtetik beherakoa bada, laguntza 9.000 eurokoa izango da.

Enplegua sortzen laguntzen duten toki-garapenerako beste ekintza batzuk. Ekintza-ildo hau langabeziak bereziki astindutako eskualde eta udalerrietara dago bideratuta. Proiektuak balioesteko, irizpide hauek hartuko dira aintzat: berrikuntza, jasangarritasuna eta autonomia, langabeak lan-munduratzeko eta gizarteratzeko aukerak hobetzea, ingurua sozioekonomikoki suspertzea, proiektuaren bideragarritasuna eta enpleguaren sorreran aurreikusitako inpaktua.

2. Ezintasunen bat duten pertsonentzako enplegua sustatzeko laguntzen deialdia. Lan-merkatu arruntean desgaituen enplegua sustatzera dago bideratuta. Horretarako, bi diru-laguntza mota emango dira: bata, kontratu mugagabeengatik; bestea, lanpostuak egokitzeagatik, norbera babesteko ekipoak erosteagatik eta desgaituen lana eragozten edo zailtzen duten hesiak eta trabak desagerrazteagatik. Laguntzak 500.000 eurokoak izango dira.

3. Laneratze-enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzen deialdia. Lanbideko administrazio-kontseiluak diru-laguntza lerro hori onartu du (8,40 milioi euro) laneratze-enpresetan enplegua sortzeko eta mantentzeko. Laneratzeko enpresak merkataritza-sozietateak edo kooperatiba-sozietateak dira, eta gizarte-bazterketa pairatzen duten pertsonen laneratzea eta prestakuntza soziolaborala dute gizarte-helburu, bai eta enplegu arruntera igarotzea ere. Laneratzeko enpresek hiru urterako kontratatzen dituzte pertsona horiek. Hiru urte horietan, bada, lanbide bat irakasten diete, merkatu arruntean lan egiteko gai diren arte.

4. Ezintasunen bat duten pertsonak enplegu-zentro berezien bitartez laneratzeko laguntzen deialdia, 26,5 milioi eurokoa. Ezgaitasunak dituzten pertsonek laneko eskubidea baliatu ahal izango dute, enpresetako eta herri-administrazioetako ohiko enpleguaren bidez, baita babestutako enplegu-zerbitzuetan ere. Enplegu babestua, enplegu-zerbitzu berezietan eta lan-inguruetan eta enplegu autonomoaren bidez. Bigarren modalitateari dagozkio laguntza horiek, eta ezgaitasunen bat duten pertsonek betetzen dituzten lanpostuen soldatak finantzatzeko bideratzen dira.

5. Familia-bizitza eta lana uztartzeko laguntzen deialdia. Laguntza-lerro hori gizonen eta emakumeen arteko enpleguko aukera-berdintasuna sustatzen saiatzen da. Zehazki, programa honen bidez, seme-alabak edo senideak zaindu behar dituztelako eszedentzian dauden edo lanaldi-murrizketa duten langileen ordezkapenak laguntzen dira diruz. Laguntzak 2.200.000 eurokoak izango dira guztira.

6. Langabeziagatiko prestazioak jasotzen dituzten pertsonei Gizarte Segurantzaren kuotak ordainketa bakarrean ordaintzeko deialdia. Laguntzak 500.000 eurokoak izango dira. Laguntzok langabeziagatiko prestazioaren % 100 ordainketa bakarrean jaso dutenek eskatu ahal izango dituzte.

7. Lehen Aukera Programaren laguntzen deialdia. Krisiak gogor jotako gazteek hezkuntza mundutik lan merkatura igarotzeko aukera izan dezaten, Eusko Jaurlaritzak laguntza-programa hau abian jarri zuen iaz. Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016 Enplegu Planaren baitan hartutako erabakiaren xedea gazte tituludunek euren lehen lan esperientzia izatea da. Lizentziaturak, diplomaturak, graduko ikasketak edo erdi- zein goi-mailako lanbide-heziketako zikloak egin dituzten gazteek dute parte hartzeko aukera.

Euskal gazteei lehen lan aukera izatea errazteko, ekimenarekin bat egiten duten enpresa pribatu, ondasun erkidego, sozietate zibil, elkarte eta fundazioei bost milioi euro (4,99 milioi zehazki) bideratu dizkie guztira Eusko Jaurlaritzak. Diru horrekin, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lan-zentroetan jarduteko kontratuak finantzatuko dira, gutxienez sei hilabetekoak.

Enpresei emango zaien hobaria eskatzen den titulazioaren araberakoa izango da, eta soldata gordinak era honetakoak izan daitezke: 2.880 eurokoak baxuenak eta 4.500 eurokoak altuenak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau