Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Aurten hasiko dira Bilboko portuko salgaien tren-bazterbideko lanak Arasur plataforma logistikoaren barruan

2015.eko martxoak 24
  • Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Bilboko Portu Agintaritzak hitzarmen bat sinatu dute 8,3 milioi euro inbertitzeko Arabako plataforma logistikoaren tren-eragingarritasuna garatzen

Aurten bertan hasiko dira Arabako Arasur plataforma logistikoan Bilboko portuaren instalazioak egiteko lanak, Eusko Jaurlaritzako Ana Oregik, Arabako Foru Aldundiko José Zuritak eta Bilboko Portu Agintaritzako Asier Atutxak sinatutako hitzarmenari esker.

 Bilboko Portu Agintaritzak guztira zortzi milioi eta hirurehun mila euro kostatuko diren obrak kontratatuko eta izapidetuko ditu, hitzarmenean aurreikusitakoaren arabera. Eusko Jaurlaritzak ia ehuneko 36ko ekarpena egingo du (hiru milioi euro), eta Bilboko Portu Agintaritzak ere beste horrenbeste; gainontzeko 2,3 milioi euroak Arabako Foru Aldundiak jarriko ditu.

 Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren hitzetan, «Arasurrek primerako kokapen geografikoa eskaintzen du eta, horrez gainera, bai trenbidezko bai errepidezko loturak Paris, Madril eta Bartzelonarekin, Gasteizko Foronda aireportuko aireko zama-eragiketak baliatzeko aukera, eta gertutasuna Bilboko portuarekin, alegia, Europa Atlantikoko portu aktiboenetako batekin».

 Oregik gogorarazi duenez, «bederatzi garraio-korridore nagusien erdigunean dago Arasur eta korridore horiek eratuko dute, elkarrekin, Europar Batasuneko merkatu bakarraren garraio-sare nagusia: Iparraldetik Hegoaldera eta Ekialdetik Mendebaldera, Atlantikoko korridorearen eta korridore Atlantiko-Mediterraneoaren bidegurutzean. 2030era bitartean garatuko den garraio-sare nagusian dugun kokapena baliatzen jakin behar dugu: Europako 94 portu handi, trenbidez eta errepidez loturik; 38 aireportu, trenbidez loturik hiri nagusiekin; abiadura handiko trenentzako egokitutako 15.000 kilometro trenbide, eta mugaz haraindiko 35 egitasmo handi». Baliabide horiek optimizatzeko, Oregik ezinbestekotzat jotzen du berriz ezartzea MIPa (Mugako Ikuskapen Postua) eta H24 zerbitzua (24 orduko zerbitzua) Gasteizko Foronda aireportuan.

 Bilboko Portu Agintaritzako presidente Asier Atutxaren iritzian, «trenbidearen eta portuaren arteko lotune berri horri esker, batetik, herrialdeko interesak harmonizatuko dira, Bilboko portuaren eragiketa-lotuneak suspertuko duen Arasur plataforma logistikoari abagune estrategiko bat eskainiz, eta, bestetik, Euskadiko logistikako eta garraioko lotune nagusien arteko lotura bultzatuko da, tokiko eta Euskadiko ekonomiari enplegua eta oparotasuna ekarriz».

Ekonomia Sustatzeko foru diputatua den Jose Zuritaren esanetan, “akordio honek etorkizunerako apustu garrantzitsua eta aukera estrategikoa dakartza, Arasur eta Arabako Lurralde Historikorako eta, labur esanda, Euskadi osorako. Horregatik, Arabako Foru Aldundian (proiektu osoaren % 28 finantzatzen du, hau da, 2,3 milioi euro) bereziki pozik gaude, proiektu honek gure lurraldeko ekonomia, enpresak eta industria suspertzearen aldeko gure apustua finkatuko baitu. Izan ere, Arasurrek Arabaren potentzial handia islatzen du, logistikarako eta industriarako gune gisa, oso kokapen geografiko egokia baitu, bertan sartzeko bide ezin hobea baitu, eta Ebro ibaiaren ibarrarekin, Aragoirekin eta Kataluniarekin, Kantauriar itsasertzarekin eta penintsulako barnealdearekin lurrez lotzeko aukera baitu”.

 

 Atutxak zehaztu duenez, «Bestalde, plataforma logistiko estrategiko horretan parte hartuta, mesede egingo zaie Bilboko portuaren interesei ere. Salgaien lotune intermodala denez, lagungarria izango da salgai berriak erakartzeko edo egungoei indar handiagoz eusteko eta, azken batean, portuaren lehiakortasuna bultzatuko du».

 Luis Vianak, Araba Logística SAko (Arasur) administrazioko kontseiluburu eta Kutxabankeko lehendakariorde denak, portu lehor berriaren kokalekuaren eta plataformak eskaintzen dituen zerbitzuen berri eman die bertaratu direnei (Kutxabank da, Kataluniako Saba Parques Logísticos enpresarekin batera, sozietatearen kapitalean gehiengoa duen erakundea). Vianak gogorarazi duenez, Europaren babesa jaso du trenbide-egitasmoak, Europako ardatz atlantikoaren barruan baitago. Gainera, «Portua eta erakundeak» zoriondu ditu ekimenarengatik; adierazi du ekimena sustatzeak «mesede egingo diola enpleguari eta euskal ekonomia indarberrituko duela, eta, Arasurrekin gertatu moduan, Arabako azpiegitura logistiko garrantzitsuak sendotuko dituela».

 Delako hitzarmena Arasurren instalazioetan sinatu da. Hara bertaratu dira, sozietatearen lehendakariarekin eta sinatzaileekin batera, honako hauek ere: Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuordea, Antonio Aiz; Partaidetuen eta Egitasmo-finantzaketen zuzendari nagusia, Alicia Vivanco; Saba Parques Logísticoseko zuzendari nagusia, Josep Oriol; Rivabellosako alkaldea, Pedro Montoya; Arasurreko Merkataritza zuzendaria, Asier Axpe, eta, berebat, beste zenbait erakundeetako kargudun, Arasurko akziodun eta administrazio-kontseiluko kide.

 

Zabaltzea

Plataforman egingo diren lanek, hasiera batean, 35.000 metro koadro hartuko dituzte Irun-Madril trenbidearen alboan. Horri esker, Arasur plataforma logistikoa eraginkorragoa eta handiagoa izango da, industrialdearekin trenbidez lotuta egongo den salgaien tren-bazterbidea eraikiko denez. Era berean, dagokion trenbide-hondartza eratuko da, Bilboko Portuan salerosten diren salgaien eta horien tamainen arabera. Ondoren, inguruak urbanizatzeko beharrezkoak diren lurrak erosiko dira. Hala, 69.000 metro koadroko azalera izango du aurreikusitakoaren arabera.

 

Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak Araban ekonomia- eta inbertsio-jarduerak garatzearen aldeko apustua egin zuten 2013an eta, horien artean, nabarmentzekoa da Arasurreko tren-bazterbidea. Logistika-plataforma hori 2006 urtean hasi zen zerbitzu ematen, garraio-azpiegituren kokagune estrategiko batean. Hain zuzen, Erribera Beitian: A1, AP1, AP68 errepideen eta E5 Europako errepidearen alboan, Madril/Irun/Paris trenbide-lerroaren eta Gasteizko Foronda aireportuaren ondoan eta Bilboko portutik gertu.

 

Hauek dira, gaur egun, Araba Logísticaren (Arasur) akziodunak: Kutxabank (% 43,99), Saba Parques Logísticos (% 43,99), Eusko Jaurlaritza (% 10), Arabako Foru Aldundia (% 1,95) eta Erribera Beitiako Udaletxea (% 0,08).

 

Instalazio berri horien bitartez, Arabak eta, oro har, Euskadik, beren ekarpena egingo diote Europar Batasunaren garapenari, kokapen geografiko bikaina, garraio-intermodalerako baldintza ezin hobeak eta plataforma logistiko erabat lehiakorrak baliatuta.

 

6 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2015.eko martxoak 29

    Comentario de Twitter:
    Las obras del Apartadero Ferroviario de Mercancías del Puerto de Bilbao en Arasur se iniciarán este año http://t.co/m8m9lMaiBT

  • @santivitoria
    2015.eko martxoak 26

    Comentario de Twitter:
    RT @VITairport: Imprescindible recuperar PIF y H24 en #Foronda para ser competitivos en mercancía, dice Oregi en Arasur: http://t.co/6Qd3ou

  • @edertxu1
    2015.eko martxoak 25

    Comentario de Twitter:
    RT @VITairport: Imprescindible recuperar PIF y H24 en #Foronda para ser competitivos en mercancía, dice Oregi en Arasur: http://t.co/6Qd3ou

  • @melenguilo
    2015.eko martxoak 25

    Comentario de Twitter:
    RT @VITairport: Imprescindible recuperar PIF y H24 en #Foronda para ser competitivos en mercancía, dice Oregi en Arasur: http://t.co/6Qd3ou

  • @VITairport
    2015.eko martxoak 25

    Comentario de Twitter:
    Imprescindible recuperar PIF y H24 en #Foronda para ser competitivos en mercancía, dice Oregi en Arasur: http://t.co/6Qd3ou8VPB

  • @v_en_c
    2015.eko martxoak 24

    Comentario de Twitter:
    Las obras del Apartadero Ferroviario de Mercancías del Puerto de Bilbao en la Arasur se iniciarán este año http://t.co/ukbM5UlpBe

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Asier Atutxa, José Zurita, Pedro Montoya, Luis Viana, Asier Axpe