Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak energia-alorreko interes komuneko teknologia-proiektuetan lankidetzan aritzea adostu dute

2010.eko ekainak 29

Cristina Garmendia ministroak eta Bernabé Unda sailburuak hiru hitzarmenen edukia aurkeztu dute

EEEk eta CIEMAT zentroak lankidetza-esparru bat ezarri dute eta energia metatzeko I+Gko lehen proiektuan zehaztu dute lankidetza-esparru hori; adierazitako proiektuak energiGUNE Ikerketa Kooperatiboko Zentroa (CIC) hartuko du barnean

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak energia-alorreko interes komuneko teknologia-proiektuetan lankidetzan aritzeko sinatu dituzten hiru hitzarmen aurkeztu dituzte gaur. Prentsaurrekoan Zientzia eta Berrikuntzako ministro Cristina Garmendia, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda  egon dira, eta hiru hitzarmen horien edukia agertu dute: horietako bat, Energia, Ingurumen eta Teknologiako Ikerketen Zentroaren (CIEMAT) eta Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) artean, beste bat, CIEMATen eta energiGUNE Ikerketa Kooperatiboko Zentroaren (CIC) artean, eta bestea, azkenik, Ministerioaren eta Finantzen Euskal Institutuaren artean, Teknologia Parkeen Sareko zientzia- eta teknologia-azpiegiturak garatzeko eta trakzio-enpresetan berrikuntza sustatzeko.

EEEren eta CIEMATen arteko akordioa lankidetzarako esparru-hitzarmen bat da, bi alderdiek interes komunetan lankidetzan aritzeko esparru juridikoa ezartzeko duten interesa jasotzen duena. Horren termino zehatzak finkatzeaz gain, proiektu horiek batera identifikatuko diren sektoreak eta arloak espezifikatzen dira. Zehazki, energia-alorreko arlo jakin batzuk identifikatzen dira, lankidetza-proiektuak sustatzerakoan lehentasunezko alor gisa. Hona hemen lehentasunezko arlo horiek:

  • Edozein jatorritako energia metatzeko sistemak (energia termikoa, elektrokimikoa, elektrikoa edota mekanikoa).
  • Energia berriztagarriak.
  • Energia-eraginkortasuna eraikuntzan.

CIEMAT Estatuko Administrazioaren barruko ikerketa-erakunde publikoa da, Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioari atxikita dagoena, eta energia- eta ingurumen-alorretan ikerketako eta teknologia-garapeneko proiektuak garatzen dituena, baita abangoardiako askotariko teknologietan eta oinarrizko hainbat ikerketa-arlotan ere. CIEMATeko giza taldea 1.200 pertsona inguruk osatzen dute, eta horietako % 47 unibertsitateko tituludunak dira.

Lankidetza-hitzarmen orokor horren zuzeneko ondorio gisa, CIEMATek eta energiGUNE Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (CIC) sinatutako hitzarmen espezifiko baten lehen aplikazioa egin da jada. Akordio horretan CIEMATen eta energiGUNE Ikerketa Kooperatiboko Zentroaren (CIC) arteko lankidetza arautzeko oinarriak ezartzen dira, energia metatzearen arloko -zehazki, tenperatura altuko energia termikoa gailu eketrokimikoetan ziklo termokimikoen bitartez metatzeari buruzko- ikerketa-proiektuak gauzatzeari dagokionez, eta baita ikertzaileak prestatzeari dagokionez ere. Bideratutako oinarrizko edukia du egingo den ikerketak, energia metatzearen esparruan produktuak eta kontzeptuak garatzeko xedez, epe ertain eta luzean merkatuan aplika daitezkeen produktu eta kontzeptuak, hain zuzen.

Arabako Teknologia Parkean kokatutako EnergiGUNE Ikerketa Kooperatiboko Zentroari (CIC) dagokionez, energia-alorreko I+G indartzeko Eusko Jaurlaritza egiten ari den ahaleginen esparruaren barruko asmo handiko apustuetako bat dugu. Haren jardun-alorrak energia elektrikoa (bateriak, superkondentsadoreak eta bestelako gailuak) nahiz termikoa (gatz urtuak edota egoera-aldaketako materialak) metatzean oinarritzen dira. EnergiGUNE Ikerketa Kooperatiboko Zentroari (CIC) dagokionez, berriz, energia-esparruarekin lotutako kimika-, fisika- eta material-zientzien alorrean jakintza zientifiko eta teknologikoak sortzeko oinarrizko xedea duen fundazioa dugu. EnergiGUNE Zentroko patroiak egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten erakunde publiko eta pribatuak dira (administrazioak, enpresak, ikerketa-zentroak, eta abar), eta proiektuari hainbat ekarpen egiten dizkiote, hala nola sendotasuna, ikuspegi globala eta energia-munduaren benetako premietarako hurbilketa.

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak energia-sektorea sustatzearen alde (izan ere, lehentasunezko sektoreetako bat da, teknologia- eta industria-garapenerako ahalmen handia duelako) egindako apustu irmoaren esparrukoak dira sinatutako hitzarmen horiek. Horri dagokionez, EEEk, Sailaren energia-agentzia gisa, proiektuak dinamizatzeko eta identifikatutako jardun-arloetan lankidetza-aliantzak eta -akordioak sustatzeko ardura dauka.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Cristina Garmendia eta Bernabé Unda