Lehendakaria XI. Enkarterri Hoberantz Sarietara joan da
Iñigo Urkullu lehendakariak Galdameseko Loizaga Dorrean izan diren Enkarterri Hoberantz Sarietan parte hartu du, gaur arratsaldean. Enkarterriko Mankomunitateak eta Sopuertako San Viator ikastetxeak antolatu dute sariketa, zonaldean enpresa-sarea sortzeko ekimen berriak sustatzeari begira eredugarriak diren enpresei aitorpena egiteko helburuarekin.
Sari-emate ekitaldian, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriarte, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaritza bat ere izan dira, baita ekitaldia antolatzeaz arduratu diren pertsonak ere. Enpresa eta pertsona sarituei zorionak eman ondoren, lehendakariak esan du sari hauen helburuarekin bat egiten duela, hau da, enplegua, kalitatea, berrikuntza eta prestakuntzarekiko konpromisoa sustatzearekin. Horrez gain, honako hau adierazi du printzipio horien inguruan: «Gure giza-garapen eta hazkunde jasangarriaren ereduaren euskarriak dira».
2014ko balantze ekonomikoaren itxiera
Bere hitzaldian, lehendakariak Euskadiko 2014ko balantze ekonomikoaren itxiera aurreratu du. Krisia hasi zenetik lehen aldiz, enplegu garbia sortu da, eta adierazle guztiek seinalatzen dutenez, hazkunderanzko «joera aldaketa bat» gertatu da.
Zehazki, lehendakariak Industria Ekoizpenaren Indizeak % 1eko hazkundea izan duela nabarmendu du; esportazioek markak hautsi dituztela, «kanpo-lehiakortasuna lortuta»; turismo arloan ere markak hautsi direla eta kontsumoa hazi egin dela eta ekonomia produktiboan atzerriko inbertsioak 400 milioi eurokoak izatetik 1.400 milioikoak izatera igaro direla, beraz, EAE atzerriko inbertsio gehien jaso dituzten erkidegoen arteko hirugarrena izan dela.