Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Korrika, tolerantzia eta aniztasuna

2015.eko martxoak 21

Gaur, hilak 21, Xenofobiaren eta Arrazismoaren aurkako Nazioarteko Eguna denez, Korrikak Irun eta Behobia artean egin duen bide-zatia baliatu dugu, egunez egun arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzen diren organismo, erakunde eta elkarteen ordezkariak biltzeko. Korrika egin dugu, beraz, herritarren berdintasunean oinarritutako eta arraza-, etnia-, erlijio- edo jatorri-arrazoien ondoriozko bazterketa sozial edo politikorik gabeko gizartearen aldeko tolerantziaren maratoia den honetan. Mestizajea prozesu naturala da, Williamsek Athleticen jolastea bezainbat: denbora-kontua besterik ez.

 

Europako gizartea nabarmen ari da egiten atzera tolerantzia gaietan, immigrazioaren beharra eta etorkinen bazterketa soziala aldagai diren ekuazioa ebatzi ezinik dabilela. Machadok esan zuenez, bi Espainiatako batek bihotza izoztuko liguke. Bada, antza, gauza bera esan liteke Europari buruz. Horiek horrela, bestelako abertzaletasunen kontura gaizki esaka aritzen diren ordezkariek Estatu-nazionalismoa zer lotsa gutxirekin agertzen duten ikustea bitxia suertatzen zait; Egiazko Finlandiarrak, Egunsenti Urrekara, Le Penen zaleak, Ingalaterrako UKIP, etab. Batetik, Europako proiektua bertan behera utzi nahi dute eta, bestetik, europar nortasuna indargabetu, estatalizatu gabeko immigrazio eta aniztasuneko politika egituratzeko esparru egokia denez.

 

Agiri orbangabeen eta joera anker gero eta gehiagoko Europaren aurrean tolerantzia atera dadin garaile, kontuan hartu behar da xenofobiari bizkar emateko ez dela xenofoboa antzeratu behar, tratu txarren egileari amen esan behar ez zaion bezala, esparru ilun hori segurtasun-eremu batez inguratu baizik. Iritzi hedatu samarra da piztia otzantzeko alderdi basatietako batzuk onartzea bezalakorik ez dagoela; hots, gure eskuinean alderdi xenofobo bat badago, gu, ezkerrerago gaudenak, apur bat xenofobo bihurtu eta kito arazoa. Jakina, gu baino ezkerrerago dagoenak gauza bera egingo du, baita hori baino ezkerrerago dagoenak ere, etab. Baina, ez, ez da hori bidea. Horrelakoetan, desberdintasuna kudeatzeari buruzko liburu kanonikoetan aipatzen diren prozesuetarik okerrenetako bat gertatzen da: edozer gizartetan ohikoa den xenofobia barreiatu eta desegituratutik xenofobia instituzional eta erdiantolatura igarotzea. Hala, onespen-eremuak sortzen dira, inpunitateari ateak ireki eta bazterkeria, are gauza okerragoak ere, zigorgabetuz.

 

Xenofobia instituzionalari sendotasun demokratikoa aurkaratu behar zaio, joko horretan sartzeko asmo eza argi utziz. Horixe egin zuen karguan nire aurretik egondako Juan Mari Aburtok. Sendotasun demokratikoa xenofobiaren aurka bide demokratikoak eta koalizio egokiak lehenestean datza. Hori ikasi genuen Jean-Marie Le Pen eta Jacques Chirac lehiatu ziren 2003ko hauteskundeetan. Emulazioa ezin onartuzko akatsa da; izan ere, xenofobiaren kasuan, borroka ideologikoa dena demokraziari buruzko plebiszitu bihurtzen da nahitaez.

 

Koalizio egoki horietako bat da, hain zuzen, gaur Irun eta Behobia artean korrika egin duena eta atsegin handiz eraman dudana euskararen eta duintasun demokratikoaren aldeko lekukoa. Datozen egunetan ere, nazioarteko eguna igaro arren, Korrikak aniztasunaren aldeko tokiko koalizio txikiak eratzea espero dugu. Neurri batean, zirimiria eta maratoia dira arrazismoaren aurkako konponbidearen zati bat.

 

Urkullu lehendakariak iazko abenduaren 17an, Migratzailearen Nazioarteko Egunaren ospakizuneko adierazpenean esan zuen legez: «Immigranteak ez dira gure artean dauden besteak. Dagoeneko denen artean eraikitzen ari garen etorkizuneko euskal «Gu» horren kide dira. Immigrazioa eta dakarren aniztasuna aukera eta bultzada handia dira eratu nahi dugun eta etorkizuneko belaunaldiei utzi nahi diegun euskal jendartea kolektiboki birpentsatzeko. Konpromisoak eta erabakiak hartzen asmatzen badugu, etorkizuna hobea izango da».

 

Angel Toña Guenaga

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)